Musikaren unibertsoaren erditik

Musika tradizionalean sustraiak izanik, inprobisazioa eta nahasketa berritzailea osagai dituzten hiru emanaldi izan dira Errobiko Festibalaren lehen egunean.

Beñat Axiarik parte hartu zuen, besteak beste, Itsasuko osteguneko emanaldian, festibalaren lehen egunean. BOB EDME.
Juan Gorostidi Berrondo.
Itsasu
2017ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ideia bat nagusitu zen Errobiko 22. Festibalaren zabaltze ekitaldian: artista anitzek haien bizitzaren hertsidura batean kokatzen dute beren ibilera artistikoaren abiapuntua. Izan eskolako porrota (Chrysogone Diagouaya Kongoko dantzari eta koreografoa), izan isolamendu soziala (Pascal Daudon margolari akitaniarra), ibilbide artistikoak, beste modu batera porrota zitekeena, zabaltze, lotune eta aurkikuntza prozesu etengabean murgiltzeko gaitasuna ala zoria izan dutenen artean daudela adierazi ziguten.

Ohi denez, hiru emanaldi saio bakarrean gertatzen dira Itsasuko Atharrin (Lapurdi) hedatzen den agertokian. Musika izaten du ardatz, baina dantzak ere badu bere leku berezia: hiru talde, hiru ikusmolde baina zerbait elkarrekin dutenak guztiak: musika tradizionalean sustraiak (zer da jazza hori baino?) eta inprobisazioan eta nahasketa berritzailean horren gauzatze etengabea.

Banatu Bartok

Bela Bartok XX. mendeko konpositore hungariarraren errebindikazioaz hasi zen kontzertu saioa. Orain hamar bat urte hasi ziren Christine Martineau (biola eta kantua) eta Denise Laborde (mandolina eta ahotsa) elkarrekin Bartoken errepertorioa lantzen. Bide luzea izan da haren eskutik hasi eta, euskal tradizioan barrena, Europa ekialdekoan murgilduz jorratu dutena. Disonantziaren maisua bezala ezagutu zena, garaiko beste hainbaten moduan, bere herrialdeko melodiak eta kantu zaharren transkripzioak eta grabaketak eginez ibili zituen orain mende bateko bere bazterrak. Aurkitutako altxorrak konposizioetan birsortu zituen gero. Martineauk eta Labordek egindako lana, elaborazio haietatik partituz, iturrietara itzultze bidean eman dela esan genezake. Eta joan den osteguneko emanaldian hiru geruzetan ikusi ahal izan genuen prozesu hau. Hiru geruza hauek bi emakumeon ikerketan eta interpretazioan dute muina, eta orain dela hainbat urteko Barkatu Bartok emanaldian erakusten zuten: Bartokekin batera, euskal kantutegi zaharra ageri zen bertan, baina baita Juan Kruz Igerabideren eta Joxan Artzeren hainbat poema laburretatik abiatzen ziren bariazioak eta inprobisazioak ere; ahotsetan eta, batez ere, musika instrumentalean.

Bigarren geruza bat gehitu zitzaion muin sendo honi, belaunaldi gazteago bateko hiru musikariren eskutik: Maider Martineau (soinu txikia, alboka eta ahotsa), Sylvain Meillan (biolontxeloa eta Bulgariako arrabita bat, gadoulka izenekoa) eta Vianney Desplantes (bonbardinoa eta alboka). Tinbreak aberasteaz gain, alboka eta bonbardinoa uztartuz eta soinu txikiaren melodikotasun freskoa mandolinarekin bikoa osatuz, biolaren nagusitasuna modu orkestralean osatua geratzen da Meillanen sokekin batera.

Bigarren geruza honek orkestra-osotasuna ematen dio aurreko bikoteari, baina baita joko berrietarako esparrua zabaltzen ere: bi emazte ahotsei hirugarrena gehitzen zaio denbora-, erritmo- eta harmonia-disonantziak berrituz; bonbardinoaren baxu sakon metalikoak harriduraz harrapatzen gintuen maiz, soka agudoen kontrastean edo albokaren indarrarekin. Bartok banatzen ari zitzaigun euskal lurraldeetan.

Hirugarren geruza bi musikari gazte apartek osatzen dute, aurrekoen lanari sakontasuna eta ekialdeko (baita gure ekialdeko) moduak erantsiz. Julen Axiari (perkusio turkiarrak eta ahotsa) eta Nicolas Nageotte (klarineteak) dira bi musikariok, eta haiengandik heldu ziren osteguneko emanaldiaren unerik gorenenak, hunkigarrienak, sakonenak.

Bazterretik bazterrera mundu bat da zabala zuen leloa Bartok maisua aurkeztuz entzulea Europa ekialdera eramaten zuen lehen aire alaiak. Melodia arin eta dantzagarriek osatu zuten kontzertuaren erdia: zortziko indartsuak edo fandango hautsiak, zenbaitetan ekialdera eta bestetan gure arbasoen modu bortitzenetara eramateko gai zirenak (Leon eta Maurizia berpiztuak izan ziren une batez). Bestalde, hauek tartekatuz, malenkonia sakonenaz blaituriko piezak: Bizkaiako lo-kanta-ren lau ahotsetako interpretazio zoragarria, esaterako, dagoeneko arrotzak ditugun erreferentziaz osaturikoak (gona gorriz jantzitako ama, bildotsarekin nahastuko duten haurra...).

Baina egon ziren beste hainbat eta, horien artean, Turkiako, Armeniako eta Irango melodia sarkorrak Axiariren kantaera harrigarrian emanak. Bartokek eta bere garaiko hainbat musikarik egindako bidaia itzuleran zetorkigula zirudien: forma landuenak kontraste tinbrikoekin emanak; ahotsen tratamendu antzinakoak, berreskuratuak. Zorioneko bidaia honetan parte hartu ahal izan zutenak!

Xisteraren dekonstrukzioa

Mizel Theret dantzari eta koreografoa leku berezia ari da izaten Errobiko jaialdi honen bilakaeran, baina ez da lehen aldia bere emanaldiekin bereziki estimatzen duen giro honetara datorrela. Orain bost urte eskaini zuen bere Pelotarhitza agertoki bihurturiko frontoian, bertsolariz eta musika herrikoiez horniturik. Oraingoan, haren soiltasunerako joera gero eta nabarmenagoa azpimarratuz, pieza laburrago bat eskaini zuen, ordu erdi ingurukoa, Beñat Axiariren ahotsez eta Jesus Aureden esku-soinuaz lagundurik. Aspaldian elkarrekin ibilitako artistak dira hirurak, eta nabarmena da haien arteko bat egitea. Axiariren hots agudoenak are agudoagoak bilakatzen dira Aureden soinuan, berdin grabeenak grabeago. Biona basakeria neurtua da, hainbat musikari bakanek zabaltzen dituzten eremuetara tiratzen duena.

Bien artean, baina espazio bakarra osatuz, Thereten soiltasuna: gelditasunetik zabaltasunera, bertikaltasunetik lurraren hedapenera, bere dantza isila karga dramatikoz betez. Zesta puntan erabiltzen den xistera izan zuen gonbidatu bakarra, eta haren inguruan ariko balira bezala —ez alderantziz, xistera apaingarria gisa— osatu zuen dantza. Eskuaren, besoaren eta gorputz osoaren hedadura horri atxikita, berari uzten zion agintzen. Eta pilotariek janzten duten zuria beltz bilakatuz, haien mugimenduak pilotarik gabe airean zabalduz, haien ahalegin ezinezko batez ari zen dantzaria: bizitzaren baieztapenaren eta endekapenaren aldarri apalaz.

Jazz pianoaren bilakaeraz

Izenburu hori eraman lezake Benjamin Moussay pianista bakanak Keyvan Shemirani perkusio maisuaren laguntzarekin eskaini zuen emanaldiak. Bere iturriak jazz pianista handienengan daude, baina baita ere pianoa garatu duten musikari klasiko eta garaikideengan. Shemiraniren perkusioarekin bat eginda, jazz hirukote klasikoak ekartzen zituen gogora —baxuaren absentziaz ohartu ere egin gabe—. Baina besteetan, bateria eskuz jotako perkusio beroago batez ordezkatua zenean, pianoari berari beste dimentsio bat ematen zioten koloreetan barneratzen zuten entzulea. Berrogei urte bete gabe, handien artean kokatzeko deitua dago Moussay, ez badago jada, eta bere emanaldiak, piezaz pieza, kronika oso baterako emango lukete. Beste norbaitek beste nonbait eginen duena.

Bitartean, gaur bertan hemen esandakoari beste bira bat emateko aukera izanen dute Itsasura hurbiltzen direnek: itzulpenari buruzko solasaldia goizean (Itxaro Borda, Juan Kruz Igerabide eta Pantxoa Etxegoin) eta musikaz blaituriko arrastiria: Zuberoako basa-ahaideak berreraikiak, esaterako, edo Mazedoniako ijitoen aireen zoramena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.