Zerk egiten duen kanpoko

Kanpoko batez maitemintzen da Maddi neska gaztea, baina laster agertuko dira korapiloak, maitalea etxera ekartzeko gainditu beharreko oztopoetan oinarriturik. Huts teatroak 'Etxekoak' antzerkia estreinatuko du igandean, azaroaren lehenean, Luhuson.

Kristiane Etxaluz, Javi Barandiaran, Maika Etxekopar eta Ander Lipus, antzezlaneko lau aktoreak. HUTS TEATROA.
Nora Arbelbide Lete.
Luhuso
2015eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Azken finean, maitasun istorio bat duela kontatzen Etxekoak antzerkiak laburbildu du Ander Lipus taula zuzendariak. Huts Teatroak ematen duen lan berria da, Artedrama, Arte Eszenikoen Plataformaren magalean sortua. Igandean estreinatuko dute Luhusoko Harri Xurin, 16:00etan. Maitasun istorio bat, Euskal Herrira sartu den Maddi eta Mamadouren artean. Afrikan ezagutu du Mamadou, eta Afrikan gelditu behar izan du. Euskal Herrira etorri nahiko luke, baina ezin. Maitasun istorio bat bada, testuinguruak eginen baitu ez dela erraza izanen: «Migrazioaren gaia nahi nuen kontatu baina ez euren begiradatik baizik eta gure begiradatik. Etxekoen begiradatik. Zer da immigrante bat, kanpotar bat, etxera ekartzea. Zerk egiten du gauza bat etxekoa izatea, eta zerk kanpokoa, inbaditzailea, etsai bat balitz bezalakoa. Zerk egiten du atea zabaltzen dela edo ixten», azaldu du Ander Lipusek. Ez zuen nahi etorkina bera pertsonalki hunki: «Immigrante horrek etxean mugiarazten duena nahi nuen ukitu».

Nongoa den kanpotarra, eta orduan eta zailago agertzen baita gaia: «Kanpotar hori AEBetakoa, Australiakoa edo Finlandiakoa balitz ez litzateke arazorik egongo. Baina kanpotarrak beltzak edo txiroak direnean murrua argia da. Orduan hamaika rol egin behar dituzu. Notariotzakoak, aseguruarenak, kontsulekoak. Zein koloretakoak diren bikotekidearen kuleroak eta gisako galderak egiteraino... Dena hain absurdoa bihurtzen da!». Alde «triste hori» erakutsi nahi zuen: «Maitasun istorio batengatik gizakiak jarri dituen traba eta oztopo horiek guztiak. Ez da ulertzen».

Eta baita, bide batez, alde absurdo hori ere. Istorio pertsonalean oinarritzen duen esperientzia du Ander Lipusek. Hura ere kanpotar batez maitemindu baita: «Nire obretan badago beti zerbait oso lotua dagoena nire intimitatearekin. Baina gero eramaten dut beste bide batzuetara». Testuan sartu ditu hari pertsonalki gertatu gauza batzuk, agian egiatasun bat ekartzen diotenak gaiari: «Nire emaztea beltza da, eta amak esaten dit: 'Semea zuria aterako da'. Eta hori obran ere esaten dugu. Nire ama ez da arrazista, baina horrela da. Eta gauza horiek kontatu nahi ditut». Badu beste anekdota bat, usu entzun duena: «Ezkondu bai, baina ezkontzerakoan, ontasunak ongi bereizi behar ditugula. Etxearentzat. Batek daki kanpokoek zer intentzio duten eta...».

Pertsonalki bizi «injustizia» sentimenduak ekarri du hain zuzen gaia taula gainera eramatera: «Kanpotar hori ekartzea izan zen urteetako kontua. Diru pila bat gastatu behar izan genuen, hamaika joa- etorri egin...». Bereziki «injustizia» administratiboak «latzak» izan zitzaizkion: «Zainetan jartzen ninduten. Gaizki nengoen». Ez amore emateko eta osasuntsu segitzeko bide bat izan du obra hau: «Nonbait esaten diet: 'Begira hau dena egin zenidaten, ba, orain nik hori ospatzen dut obra hau publiko bati eskainiz'. Obra ospakizun bat izango da. Espero dut horrela izatea».

Hori du bere «aldartea» Lipusek. Eta, justuki, antzerki bat idazteko, «aldarte» hori ezinbestekoa zitzaien, bai Lipusi, bai eta antzerkia idatzi duen Jon Gerediagari ere. Harekin lan egin nahian zebilela Ander Lipus, urteak eman zituzten ez zutela gaia aurkitzen. Ez zutela aurkitzen «aldarte» hori, hain justu: «Jon Gerediagak beti esaten dit beretzat beti inportantea dela aldartea edukitzea. Zer kontatu horretan aldarte bat, zerbait kontatu nahi izate hori». Eta, halako batean, agertu zitzaion gai pertsonal hori Lipusi. Horri, gaurko Europan etorkinekin gertatzen ari dena gehitu nahi izan die: «Oso bitxia egiten zait. Badituzu irudi batzuk non Alemaniako familiak etortzen diren kanpotarrei halako panpina batzuk oparitzera. Eta gero, bat-batean, beste irudi bat baduzu. Etorkin bat berriz ere, baina parean murru bat eta polizia tiroka. Moral bikoitz hori ere tratatu nahi nuen». Baina ez zuzenki, baizik eta metaforen bidez: «Gerediagaren testuak badu beti bigarren irakurketa bat. Bigarren gradu bat». Galdera gisa uler daitekeena: «Zerk egiten du pertsona batek panpina hori oparitzea ume bati, edo pistola hori».

Badago ere bigarren gradurik. Adibidez, bisa espainiarra aipatzen du antzerkiak: «Gu euskaldunak gara. Guk ez daukagu identitaterik. Hori ere ukitzen da neurri batean, baina azpian dago. Mamadouk euskara ba ote dakien galdera ere egiten da. Espainian izan balitz antzerkia ez zioten eskatuko gazteleraz bazekienik, ikasiko zuen. Baina guk beldur hori daukagu. Euskaraz ikasiko ote duen. Gatazka horietaz guztietaz ere mintzo da antzerkia».

Hori guztia lau pertsonaiaren bidez kontatu nahi izan du Lipusek. Javier Barandiaran, Maika Etxekopar, Kristiane Etxaluz eta Ander Lipusek berak irudikatzen dituzten lau pertsonaia. Aktoreak aukeratu eta hasi zirela idazten obra zehaztu du Lipusek: «Obra honetan, pertsonaiak oso inportanteak dira. Espero dut jendea maitemintzea pertsonaia horiekin». Oso etxeko «bereziak» direla abisatu du Lipusek: «Historia berezia kontatzeko. Bi anaia, euren ama eta amaren biloba». Eta bakoitzak nola bizi duen maitemintze hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.