Musikatan blaitutako komedia

Patxo Telleria 'Igelak' film luzea zuzentzen hasi da.Musikari ezagunek hartuko dute parte

Patxo Telleriak zuzenduko du Igelak, berak idatzitako gidoian oinarrituta. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Gorka Otxoa, Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, Gurutze Beitia eta Mikel Losada aktoreenaz gain, musikari ezagunen parte-hartzea izango du Patxo Telleria Pasaian eta Oiartzunen (Gipuzkoa) zuzentzen hasi berri den filmak: Ainhoa Arteta sopranoa, Xabi Solano (Esne Beltza), Francis Diaz (Doctor Deseo), Natxo de Felipe (Oskorri), Gose, Oreka TX eta Gatibu. Filmean parte hartzeaz gain, filmerako kantua sortu du, gainera, Gatibuk. Igelak izango da filmaren izenburua, eta «musika ukituak dituen euskal komedia» izango da, Abra ekoiztetxeak iragarri duenez. ETBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren nahiz ICAA Espainiako Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren laguntza du filmak, eta aurrekontua bi milioi eurokoa da orotara. Joxe Portela eta Alberto Gerrikabeitia ari dira ekoizpen lanaz arduratzen.

Zuzendaria ez ezik, Patxo Telleria da gidoiaren egilea ere. Gidoi horretan, Pello (Gorka Otxoa) izango da pertsonaia nagusia. Banku sukurtsal bateko zuzendaria da, eta delitu ekonomikoengatik atxilotzen dute. Pelloren nagusiak ere inplikatuta daude auzian, baina bakarrik utzi dute. Horretaz ohartuta, ihes egitea erabaki du Pellok, eta ihes horretan etxegabetuen elkarte batek okupatutako etxe batean aurkitzen du babesa. Bere kide berrien konfiantza bereganatuta, atzerrian bizitza berri bat hasteko behar duen dirua lapurtzeko asmoa jorratuko du.

Filmaketa lanek zazpi aste iraungo dute, eta, Pasaiako eta Oiartzungo sekuentziak filmatu ondoren, taldeak Donostian eta inguruetan jarraituko du lanean.

Hirugarren film luzea

Antzerkiaren munduan ibilbide luze eta oparoa du Patxo Telleriak (Bilbo, 1960), hala aktoregisa nola zuzendari lanetan, eta baita antzerki obren idazle moduan ere. Zinemagintzan ere ibilbide sendoa du dagoeneko, eta Igelak Telleriak zuzendutako hirugarren film luzea izango da. Aurreko biak Aitor Mazo aktore eta zinema zuzendari zendu berriarekin elkarlanean filmatu zituen: La máquina de pintar nubes (2009) eta Bypass (2012). Horien aurretik, 2005ean, Gabriel Arestiri buruzko 54 minutuko film dokumental bat zuzendu zuen Telleriak —Diot. Gabriel Aresti—, Humberto Unzuetak idatzitako gidoian oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.