Atea ostikoz jo, eta aurrera

Xabier Maiak irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, Antsoainen. Xabier Terreros eta Saioa Alkaiza sailkatu dira haren atzetik.

Saioa irabazita, Xabier Maia zuzenean sailkatu zen finalerako, herenegun, Antsoainen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ane Zuazubiskar Iñarra.
Antsoain
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Batzuk beldurti kax-kax jo dute:/ 'Hemen sartzerik al da ba?'/ Nik ostikoz joz sartu nahi nuke,/ ausartegi beharbada.../ Nahiz ta finala garesti dagon/ amestea merkea da». Hasierako agurrean azaldu zuen Xabier Maiak zein zen bere helburua, eta hark irabazi zuen herenegun Antsoainen (Nafarroa) jokatu zen saioa. Hala, lehen aldiz kantatuko du Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Maiaren atzetik sailkatu ziren Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Josu Sanjurjo eta Mikel Lasarte. «Goia jo gabe, baina erori gabe» aritu zen Maia saioan; «gustura» zegoen, bertso bakoitzean beretik «zerbait uztea» lortu zuelako.

Zortziko handiko ariketarekin hasi zen saio puntuagarria. Bi emakumezko aktore helduren azalean jarri zituen gaiak Terreros eta Alkaiza; azken boladan, ez dago haientzako paperik. Fin ekin zion Terrerosek: «Zimur kontuak esplikatzen du/ nahi nizuke erakutsi,/ gizonentzako da sexia ta/ guretzat berriz itsusi». Alkaizak erantzun zion zuzendariek «hankartearekin» lan egiten dutela, eta horrela segitu zuen Terrerosek: «Patriarkatua aipatu duzu/ ta jarri nahi dut ezbaian./ Guk igual ere indartu gendun/ gazteak ginen garaian». Alkaizak biribildu zuen bertsoaldia: «Guk elikatu genula igual/ diozu modu alaian.../ Beste aukerarik ez gendun izan/ gazteak ginen garaian». Txapelketan eta Antsoaingo saioan egindako lanarekin «pozik» zegoen Alkaiza; «bereziki pozik» aritu zen ofizioetako ariketetan.

Futboleko marrazainak izan ziren Maia eta Gorosterrazu, Nafarroako hirugarren mailan. Partida aurretik, aldageletan elkartu ziren, lanean jasotzen dituzten irainei buruz hitz egiteko. Zorrotz ekin zion Gorosterrazuk, «guk hemen marra zaindu beharra/ besteek pasa ez dezaten» kantatuta, eta horrela erantzun zion Maiak: «Nahiz ta baloia halakoa den/ futbola ez da borobila». Horrela bukatu zuen Gorosterrazuk: «Guk gure martxan segi dezagun/ honi aurre eginez sendo,/ bertze irain bat entzuten badut/ ez naiz zelaira irtengo». Txapelketa «motibazio berezirik gabe» hasi zuen Gorosterrazuk, baina «aseta» zegoen, haren hitzetan, «gutxitan» lortzen baita txapelketako bi fasetan bi saio on egitea.

Saioa «urduri» hasi zuen Lasartek, eta amaiera arte ez zuela «arnasa hartzerik» izan zioen. Terrerosek bazekien «ideia txukunak» izan zituela ariketa batzuetan, baina iruditu zitzaion beste batzuetan bere buruari eutsi ezinda aritu zela. Biek utzi zituzten ale politak hala ere. Zortziko txikian, musika talde ezagun bateko abeslaria zen Lasarte, eta disko bat sinatzeko eskatzera joan zitzaion zalea Terreros. Diskoa hartzean ohartu zen Lasarte kopia bat zela. Bizi ekin zion Terrerosek, eta entzuleek barrez eskertu zuten: «Nere idoloa zara/ Gorka Urbizu, mutil./ 'Jaio. Musika. Hil' jarri/ zenuten hor trankil.../ Baino gazte jendea/ orain zertan dabil?/ Gure lema da orain/ 'Jaio. Internet. Hil». Ideiari eutsi zion Lasartek, eta horrela amaitu zuen bigarren bertsoa: «Ulertu behar duzu/ adiskide fina,/manteroek egiten/ dute marketina». Terrerosek bukatu zuen bertsoaldia: «Hogei euro diskoa.../ Benga, manta altxa!/ Musikazalea naiz,/ ez naiz aberatsa». Zortziko txikian, bertsoaldi arina osatu zuten Maiak eta Alkaizak ere. Hilabetean zazpigarrenez joan zen Maia larrialdietara, larria ez zen motibo batekin. Umoretsu hasi zen Alkaiza: «Etortzen da kontsultan/ beti behin ta berriz.../ Barizela ezin da izan/ zazpigarren aldiz».Maiak txaloka jarri zuen publikoa bere azken bertsoan: «Beste eskanerren bat/ egidazu aizu.../ Igual zortzigarrenean/ asmatuko duzu». Ideiari tiraka, dotore amaitu zuen Alkaizak: «Zortzi aldiz okertu/ omen naiz ni, aizu!/ Medikuz aldatuta/ asmatuko duzu».

Zapore «gazi-gozoa» utzi zion saioak Sanjurjori. Gustura aritu zen lehen erdian, baina kartzelakoan «trabatuta» sumatu zuen bere burua. Seiko motzeko ariketan Alkaizarekin kantatu zuen. Lankideak ziren, eta ondo moldatzen ziren, Alkaiza lantokiko arduradun egin zuten arte. Horrela ekin zion Sanjurjok: «Zuk nagusiari enfin,/ pelota egin ta egin.../ Eta orain nik ezin ikusi/ begi berdinekin». Pertsonaiari fin heldu zion Alkaizak, eta horrela jarraitu zion: «Laguntasuna argaldu/ eta kritika zabaldu.../ Baino zer Josu, nahi al zenuke/ orain lana galdu?». Azken bertsoan biribildu zuen lana Sanjurjok: «Postua galdu nuen bart,/ hori argi-argi daukat.../ Lana galdu dut eta aspaldi/ galdu nun lagun bat».

«Bere pausoak jarraitzen ari zara». Bertsolari bakoitzak beretik josi zuen gai ireki horri erantzuteko haria. Haurra eskolara lehenengoz daraman gurasoaren larruan jarri zen Alkaiza: «Goizeko zortziak, muxu eman/ eta: 'Egun on alaba'./ Makarrak nekez kendu begitik/ ta lehenengo besarkada.../ Mundu honetan maitasunaren/ adierazpidikan bada,/ ume baten besarkada oso bat/ izanen da beharbada./ Gosaldu, jantzi eta etxetik/ presaka abiatu gara.../ Lehen pausoak gaur eman ditu/ gure alabak eskolara». Horrela amaitu zuen bigarren bertsoa: «Bere urratsei begira nago/ nik egin nuen antzera.../ Esaten zuten beti erdalduna/ izanen zela Erribera,/ baina orain bat ta bakarra dira/ Erribera ta euskera». Eredu izan duen amari kantatu zion Maiak: «Nahiz bidean oztopoak izan/ ta denak ezin zerrenda.../ Bide luze ta malkartsu oro/ lehen pausuan hasten da». Egindako guztiak eskertzeko baliatu zuen bere azken bertsoa: «Muxu erraldoi eta bikoitza/ bidaltzen dut zuregana.../ Bizitzan bakarra zara eta/ nere gida zara ama».

Azken saioaren zain

Finalaurrekoetako saioen irabazleak zuzenean sailkatuko dira Iruñeko finalerako, eta eskuratutako puntuen arabera gainontzeko bost bertsolariak. Orain arte, Julio Sotok eta Xabier Maiak lortu dute finalerako sailkatzea. Datorren igandean, hilaren 26an jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa, Agoitzen (Nafarroa). Oholtzan izango dira Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Joanes Illarregi, Julen Zelaieta, Oier Lakuntza eta Patxi Castillo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.