Leteren poesia lana mara-mara, Izagirreren antologiaren eskutik

'Elurra ikusi dut' izenburupean, Xabier Leteren kantu hitzak eta poemak bildu ditu Koldo Izagirrek. Kronologikoki antolatu ditu, egilearen garapenaren isla eta irakurketa kritiko bat eskaintzeko

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2017ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
«Xabier Letek duela hamar bat urte adostu zuen gurekin bere poesia ibilbidearen laburbilduma bat egitea. Egin gabe utzi zuen antologia hori, baina argitaletxeak pentsatu zuen, hala ere, antologia hori merezi zuela Letek». Hala heldu zitzaion Xabier Leteren (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944 - Donostia, 2010) poesiaren antologia ontzeko enkargua Koldo Izagirreri (Pasaia, Gipuzkoa, 1953), Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenen arabera. Izagirrek, lehenengoan, ezetz esan zuen. Bigarrengoan, baietz. Atzo aurkeztu zuten baiezko horren emaitza. «Oso pozik, aspaldidanik egin nahi genuena egin ahal izan dugulako, eta emaitza benetan asegarri izan zaigulako», Mendigurenen esanetan. «Nahiz eta akademikoa ez izan», Elurra ikusi dut antologiak gorputz kritikoa baduela erantsi zuen.

Antologia baten ahalak aletu zituen segidan Koldo Izagirrek. «Antologia batek finkatu egiten du, mapan ipintzen ditu bai autorea, bai poemak». Ez hori bakarrik: antologian azaltzen denari legitimazioa eman «eta pentsamenduliterario bat eraikitzen» laguntzen du. «Antologia batek gure literaturaren pentsamendua garatzen du. Aldi berean da objektu eta subjektu. Oso interesgarria da». Eta Letek badu toki bat euskal kulturaren mapan.

«Autore berezi bat»

Xabier Leteri buruz, «autore berezi bat» dela nabarmendu zuen lehenik Izagirrek. «Letragilea lehenik; kantaria hurrengo; geroago poeta». Balio berriak «egia zaharrak apurtuz» zekartzan belaunaldikoa. «Nire bizia antolatzen eta desbideratzen lagundu zidatenautoreetako bat da Xabier Lete, gure nerabezaroko larritasunei arrazoiak eman zizkigun poeta-kantaria».

Elkarrek egindako enkarguak, baina, ez omen zuen horregatik bakarrik erakarri. «Lete bere buruarekin gatazkan beti, pesimista; eta beti gatazkan bere hizkera poetikoarekin; konformagaitza, gorago nahi beti, egindako poemez damutzeraino. Interesgarria zen enkargua, autoreak alderdi ilunak zituelako». Hainbeste ere zor ziola sentitu omen zuen, Susa argitaletxerako prestatu zuen XX. mendeko poesia kaierak bildumarako Leteri atal bat eskaini ostean.

Hala ekin zion lanari Izagirrek. Irakurketa analitiko baten metodologia finkatuta, gai nagusiak eta irudi nagusiak sailkatuz, xeheki irakurriz. «Horrela, poemen interpretazio estetikoa abiatzeko tresna bat muntatu nuen». Alderdi formalak obraren barruan interpretatzeko saioa heldu zen gero. «Hala ere, ez dut kokatu Leteren obra gure poesiaren historian. Lan partzial mordoa falta da, nire iritziz, horrelako lan bat ganoraz egin ahal izateko».

Leteren munduakaztertu ondoren, bere irizpide literario partikularraren araberako antologia bat egin duela erantsi zuen Izagirrek: «Nire laborategian sartu, eta dakidan apurra haren obraren alde jarri nuen, jarrera kritikoa baztertu gabe». Laborategi horretan, nola ez, Leteren kezka existentziala osagai izan du. «Oso inportantea da Leterenean, oso gaztetatik. Kezka horrek, baina, ez ditu beste kezka guztiak tapatzen. Aldi berean izan daiteke optimista eta pesimista. Horrek egiten du interesgarri eta, aldi berean, konplikatua».

Elkarren artean lotura duten poemen arteko trantsitoa errazten saiatu da Izagirre. Euskararen aldetik, berriz, errimarako zenean, jatorri bertsioari eutsi dio. Eta Letek kuttunak zituen hitzak bere horretan utzi. «Malgu, baina gehiena batura ekarriz aritu naiz, hala ere».

Poema edo kanta beraren bertsio bat baino gehiago eman zituen kasuan, «Leteri traizio eginez —segur aski—, baina literaturari traiziorik egin gabe» jokatu duela zehaztu zuen Izagirrek. «Hau da, lehen bertsioa mantenduz. Hark aldatu zituenak kontuan hartuta, baina lehendabizikoa ere emanez». Horrek berak ere adierazten duelakoan Lete pertsonaren eta Lete idazlearen bilakaera. «Uste dut jarrera desberdina zeukala kantak eta poemak idaztean. Kantari konpletoa zen. Ez zen letrista hutsa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.