Burdinaren izerdi gorria

Aroak Baionako portuan egitea galarazita, Laugan eman dute 'Gerezien denbora', Itxaro Borda idazlea eta Beñat Axiari errejenta dituen pastoral postindustriala.

Kattalin langileak Kaskezur kontramaisua hartu zuen senar, eta hautuak türka egin zuen, bizi erosoa hautatu baitzuen borroka sindikalaren ordez. SYLVAIN SENCRISTO.
Ainize Madariaga
Baiona
2014ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Joan den igandean, 2.000 lagun inguru bildu dira Baionako Lauga gelan, Gerezien denbora pastoral postindustrialaren ikusteko. Portu berrian egitekoa zen, baina euria zela-eta kiroldegiko aterpera aldatu dute.

Pastorala eta postindustriala? Izenak salatzen duen gisan, antzerki mota horrek artzainen zibilizazioan du jatorria, eta hala sortzen da urte guztiz Zuberoan, aspaldiko denboretatik.

Behar zen Itxaro Bordaren eskua, uztar daitezen Erdi Aroko formatu bukolikoa, alde batetik, eta langileriaren klase borroka, bertzetik. Aturri ibaiaren ertzeko altzairuzko garabiak eta zuberotar dantza jauziak. Aurreikusiriko tenorean hasi dira aktoreak jende aitzinera sartzen, haien hein berean: taula gainik gabe. Beñat Axiari errejentak arreta berezia eskatu dio publikoari: «Aroarekikoa zinezko borroka izan da, egun goizean baitugu deliberatu Laugarat jitea! Mikrofono pare batekin ariko gara kantuz. Has dadila pastorala!».

Ikusgarriak iraun dueno, Bokaleko altzairutegietako beharginak izan dira protagonista: lan baldintzak, kontzientzia hartzea, lorpen sozialak, borroka sindikala, gosetea, elkartasuna eta itxaropen mezuak.

Historiak, kate luzea

Euskal Herriko industrializazioa Bizkai eta Gipuzkoako aferatzat jo ohi da. Haatik, Lapurdik ere ukan du munta, Bokaleko altzairutegia nabarmen: 1883an, lehen labe garaia piztu zen, eta, 1920rako, 2.155 langile bildu zituen hango industriak. Gatazka sozial gogorrak izan ziren, aldaketa bortitzak gizartean eta paisaian. 1890ean lehen greba orokorra Bizkaian gertatu bazen ere, zazpi urteren buruan Lapurdiren aldi izan zen. Ez zen bakarra izanen, haatik. 1911n, Baionako portuko zamaketariek greba handia egin zuten, lansariaren emendatzea eta lan baldintzen hobetzea eskatzeko. Grebak ikatzik gabe utzi zuen burdinola, eta produkzioa geldiarazi. Halakoetan, agintariek armada bidaltzen zuten, oldartzeak zanpatzekotan. Eta langileak elkarrengana bildu behar izaten ziren, patronalaren bortizkeriari ihardukitzeko. Hortik sortu zen elkartasun sindikala, hala 1920ko nola 1930eko grebetan. Azken ekitaldi horretan, langileek Forges de l'Adour okupatu egin zuten -lehen okupazioa Frantziako Estatuan-, eta borroka bortitzak izan ziren: Bokale setiaturik luzaz, zaurituak eta kanporatuak erantzun gisa. Azkenaren buruan, Europako Elkartearen moldatze planek lantegia itxi zuten 1965ean, baina, borroka sindikalari esker, behargin gutiz gehienek beste lanpostu bat kausitu zuten eskualdean.

Altzairuzko hitzak

Izerdi beltza botatzen duten langileak ate urdinetik ateratzen dira, beren lan egoeraren berri ematera. Mathieu Mendizabal eta Julen Axiariren bozek publikoaren esku zarta luzeak bildu dituzte behin baino haborotan. Baita Aixa langilearen herioak ere, Gaelle Larrudek kantaturik: «Eman aitzin azken hatsa, lankideekin nuela maite burdinaren baltsa. Nehon ez dut harrapatu orduko gogortasunik, altzairuaren usainez troxatu elkartasunik». Emazteen eskubideak ere etengabekoak izan dira aipatu, nahiz eta, praktikan, kabalek utzi kakak haiek dituzten garbitu.

Borta gorritik jalgi jauntxoen interpretazio bikainek txistu eta laidoak sorrarazi dituzte, Dupont nagusi türkak bota hitzen ondotik, adibidez: «Sindikalista deabrua, isil zaitez berehala! Lanaz kontentu ez dena bertan kanpora doala...». Borta urdinetik jin baina gorrira pasatu den Kattalinen hitz zorrotzek ere publikoaren oldarra eragin dute, nahiago izan baitu kontramaisuaren erosotasuna hartu: «Amodioa eskaintzen ari zait egun Kaskezur, nagusi eginen baita zu ziratekeelarik hezur!». Bi borten arteko zuritik usaiaz kanpoko apeza ikusi da, türkekin batera lerrokatu baitu Bordak: «Guretzat ere on dira nekazal beso zainartak merke paga eta biba burdinaren zalapartak [...] Casabans jauna errazu ez dezagun motz haria, arren bertan emadazu jende hauen bil-saria!», jauntxoentzat langileak biltzearen truke aberasten baitzen.

Haren inguruko aingeruñoek ere markatuko dute elizaren politika sindikatuen eskakizunekiko: «Esku batez langileak ditugula lagunduko, besteaz ez dugu inoiz nagusia trabatuko!»

Ardi eta astoaren parte hartzeak betiko pastoralaren egitura konfirmatu du. Badu zentzua: izan ere, proletarioaren mugimendua sostengatzera jin omen baitziren bortuko artzainak ere.

Altzairuaren artetik, umoreak hartu du lekua: türken sadismoari esker edo ardi batzuk taulatik itzuri direlarik. Satanen trufek ere karkaila batzuk eragin dituzte: «Soik zoin diren itsusi gorputz hautsiak jauzika. Ihoiz ez diat ikusi holakorik, aitzina pika!». Satanak zubereraz egiten zuten bakarrak ziren, eta pastorala osorik batuaz zen.

Publikoa biziki presente izan da, Gerezien denbora kantarekin, adibidez. Jean-Baptiste Clement frantziar ekintzaileak —Parisko Komunako ordezkari ere izan zen— poema hori idatzi zuen, eta Antoine Renardek musika eman. Ereserki iraultzailea izan da luzaz komunisten artean, eta orain Itxaro Bordak du euskaratu. Arizaleekin batera, publiko hunkituak xaramelatu du esperantzazko mezua: «Gerezi perlak gorritzen dira, dabilen odol-ttantta bezala».

Zortzi musikariren lanak ere, tartean Caroline Philips eta Mixel Ducau, pastoralari aire berria eman dio: musika elektro-akustiko eta anplifikatua, jazza eta perkusio garaikidea, John Cage eta Edouard Glissanten ekintza herrikoietatik hurbilekoa. «Pastoralaren egitura ez da presondegi bat. Alderantziz, erritmo azkarrekin joaten baikara aitzina! Arimatik kantatu dugu, eta soul ukitua eman diogu musikari», adierazi dio BERRIAri Beñat Axiari errejentak, zinez pozik eta hunkiturik.

Liburuxka eskuan, pastoralaren usaia linguistikoak aberasturik jin dira: euskaraz, frantsesez eta espainolez ez ezik, gaskoiz ere agertu baitira testuak oro. Taula gainean ere, Viro sindikalista historikoak gaskoiz eta frantsesez aldarrikatu ditu proletarioen zuzenak. Azkenik, artzainek ohiko taloekin banatu dituzten gereziek gozatu egin dute borroka.

Ondoko ekitaldia uztailaren 20an izanen da, nola ez, Itsasun (Lapurdi), gerezien herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.