Nola edertu arraroa dena

Oleg Karavaitxuk Errusiako pianista ezagun eta bitxiaren erretratua egin du Andres Duque zinemagileak. Ikuspuntun aurkeztu dute filma, eta biak izan dira jaialdian.

Oleg Karavaitxuk, Nikolas II.aren pianoa izandakoa jotzen, San Petersburgoko Hermitagen, Andres Duqueren filmaren fotograma batean. IKUSPUNTU JAIALDIA.
Ander Perez Argote
Iruñea
2016ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Astelehenero ixten ditu ateak San Petersburgoko Hermitage museoak. Bisitariez gainezka izaten bada ere gainerako egunez, hutsik geratzen da asteko lehen egunean behinola Errusiako tsarren gotorleku izandako Neguko Jauregia. Egun horietan, Komarovako baso erdiko etxetik atera eta museorainoko bidea egiten du Oleg Karavaitxuk pianista handiak. Arrastaka darama urrats bakoitzean 89 urteko gorputz fin eta txikia. Karavaitxuk da, Errusia osoan, Nikolas II.a azken tsarraren pianoa jotzeko baimena duen bakarra. Astelehenero, Hermitageko urrezko paretak isilik direnean, piano zaharraren estalkia altxatu, eta errezitalari ekiten dio Karavaitxukek. Sei ordu irauten du trantzeak.

Zeregin horretan filmatu du Andres Duque Venezuelako zinemagileak errusiar konpositorea. Bi kamerekin, plano luzeetan harrapatu du Karavaitxuken jarduna, eta pantailaratu, Oleg y las raras artes izeneko filmean. Asteon aurkeztu du lana Iruñeko Ikuspuntu jaialdiaren sail ofizialean, eta bertan izan dira biak, zuzendaria eta pianista, berriro parez pare. «Filma ixteko modua» izan da, Duquek dioenez. Rotterdamgo jaialdian lehen aldiz aurkezterakoan bezala, harrera beroa jaso du filmak Iruñean ere.

Bi urteko lanak, beraz, fruitua eman du, eta badu bere garrantzia, zalantzaz beteriko prozesua izan baita orain artekoa. Jatorrira jo du Duquek, istorioa hasieratik kontatzeko: «Nik, jakin gabe, Oleg Karavaitxuken musika nuen nire bilduman, asko miresten dudan Kira Muratova zinemagilearen Agur luzea filmeko musika nuen. Egun batez, Youtuben bideoak ikusten ari nintzela, zakar poltsa bat buruan zuen gizon bat ikusi nuen, pianoa joz. Liluratu ninduen, eta bideo gehiago ikusita ohartu nintzen Karavaitxuk zela, eta bera zela film horren musikaren egilea».

Pianistaren ehizara jo zuen egileak orduan, elkarren arteko kontaktuak baliatuz. Jakinarazi zioten Karavaitxuki bazela zinemagile bat berari buruzko film bat egin nahian. Alferrik. Ezezkoa jasota, «segada» bat prestatu zioten: «Bion lagun batek deitu zidan, esanez Moskuko Gorki parkean egoteko zain, handik pasatuko zela Karavaitxukekin, topo egin genezan. Kasualitatez, ni eta nirekin zegoena urdinez geunden jantzita, eta baita Karavaitxuk ere. 'A ze kasualitate kromatikoa!', esan zuen Karavaitxukek, eta gurekin hitz egitera eseri zen. Ikaragarrizko hondamendia izan zitekeena, beraz, hasiera zoragarria izan zen».

Berehala ohartu zen Duque bete-betean asmatu zuela: «Egun batean, Hermitagen paseatzen ari ginela, erritual bat egiten ikusi nuen Karavaitxuk. Paretetako marmolak eta estatua greziarrak ukitzen hasi zen, handik bibrazioak ateraz, eta ahotsarekin nolabaiteko melodia sortuz, gero pianora eramateko. Trantze horretan murgilduta ikusi nuenean, iruditu zitzaidan musikari edo gizaki izateari utzi ziola eta medium bat edo izate estetiko bat bihurtu zela. Bere gorputzetik askatzen den norbait, musika purua izatera pasatzeko. Ikaragarri ederra egin zitzaidan hura, eta argigarria izan zen, film hura egin nahi nuela jakiteko».

Erretratu bat, ez biografia

Kasik oinez ikastearekin batera ikasi zuen Oleg Karavaitxukek (Kiev, Ukraina, 1927) pianoa jotzen ere. 7 urte zituela Josif Stalinentzat jo zuen, bide batez, disidentea zelakoan aurrez atxilotutako aita lan eremuetatik libratuz. Garaiko artistei bezala, Komarovoko herrian etxe bat eman zion Stalinek, eta han bizi da, oraindik ere. Berrehun film baino gehiagoren musikaren egilea da; mito bat, Errusiako kulturan. Diotenez, filmetako irudiak proiektatu eta ikusi ahala jotzen zituen Karavaitxukek bere melodiak, aurrez prestatu gabe: atera bezala grabatu eta entzuten ziren gero filmetan. Stalinek bultzatu bezala isilarazi zuen gero erregimenak, hogeita hamar urtez, 1980ko hamarkadara arte. Haren kontzertuak debekatu eta konposizioak programazio ofizialetatik alboratu zituzten. Komarovon babestu zen, eta urteetan, Konpositore zoroa izengoitia berenganatu zuen Errusiako gizartean.

Film baterako bizitza izan zitekeen, baina film biografikorik ez egitea erabaki zuen Duquek. Erretratu bat hobetsi zuen: «Film zinematografikoa egin nahi nuen, ez ohiko dokumental biografikoa. Ez dut esan nahi Karavaitxuken alde biografikoa interesatzen ez zaidanik, kontrakoa. Baina uste dut bere gorputzaren, hitzen eta musikaren indarra nahikoa dela film baterako, zentzumenak nagusitu daitezen kontzeptuaren gainetik».

Filma, finean, horren behaketa da: pazientziaz beteta, Oleg Karavaitxuken inspirazio unearen zain da kamera, bere mugimenduak harrapatzeko. Bat-batean, inguruan inor ez balego bezala, bere «melodia deserosoetan» murgiltzen da pianista, hankak eta eskuak trantzeari eskainiz. Musika etetean mintzo da, eta gaur egungo musika kritikatzen du, publikoarentzat atsegina izateko baino egiten ez delakoan. Kritikatzen ditu ospea eta dirua besterik nahi ez duten konpositoreak. Pentsamendu batetik abiatu eta zehaztasunik gabe hitz egiten du, minutu luzeko hitz aspertu bakarti eta hasiera batean zentzugabean. Tupustean, «aski da!» gordina botatzen dio kameralariari, eten dezan grabaketa.

Pazientzia luzearen ondorio da halako uneen harrapaketa, Duquek dioenez. «Bi urte behar izan genituen eroso senti zedin, eta, batez ere, bere babeslekuetan sartzen utz ziezadan». Zuzendariak bai baitzekien babesleku horietan, Hermitageko 305. gelan eta Komarovoko herrian, agertuko zela benetako Karavaitxuk, bere kontraesan eta enigma guztiekin.

Oleg y las raras artes filma bukatu, eta piztu dira aretoko argiak. Batek baino gehiagok esango zion ondokoari: «Bai tipo arraroa». Hura entzuteaz nekatu da Duque, ez baitu gutxitan aditu filma hasi zenetik: «Mundu guztiak mespretxuz esan dit nola egin dezakedan halako pertsona arraro bati buruzko filma. Niri pertsonaiaren indefinizioa, gizon edo emakume den ongi ez jakitea, hori da gehien gustatzen zaidana. Horregatik jarri diot filmari jarri diodan izenburua, arraroa ederra izan daitekeelako, eta mendebaldeko edertasunaren kanonetatik ihesi doan edertasuna miresteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.