Dagoeneko 30.000 lagun inguruk ikusi dute 'Handia'

Donostiako Zinemaldian eta beste aurrestreinaldietan izaniko ikusleez gain, beste 25.000 lagun bildu ditu filmak aretoetan lehen asteburuan

Altzoko erraldoia deitutako Migel Joakin Eleizegiren eta haren anaia Martinen istorioa kontatzen du filmak. BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Donostiako 65. Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zuten Handia Aitor Arregi eta Jon Garaño zinemagileek, arrakastaz estreinatu ere: Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar saria irabazi zituen euskarazko filmak. BFI Londresko zinema jaialdian ere harrera beroa izan zuen. Baina aretoetara iristean izaten dute pelikulek hurrengo azterketa, eta, datuen arabera, hori ere aise gainditu du Handia-k. Iragan ostiralean heldu zen filma Hego Euskal Herriko, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako zinema aretoetara, 92 kopia orotara, eta 25.000 ikusle inguru bildu zituen lehen asteburuan. Haiei Donostiako Zinemaldian eta Gasteizen zein Bilbon egindako aurrestreinaldietan izan ziren 5.000 lagunak batuta, guztira 30.000 lagunek ikusi dute dagoeneko Altzoko erraldoiari buruzko lana.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetara ez ezik, Bizkaian Getxo, Barakaldo, Leioa, Durango, Portugalete, Gernika-Lumo, Elorrio, Lekeitio, Bermeo, Galdakao eta Zornotzako aretoetara iritsi zen ostiralean, eta Gipuzkoan, berriz, Usurbil, Irun, Errenteria, Arrasate, Tolosa, Ordizia, Lazkao, Zarautz, Legazpi, Oñati, Beasain, Eibar, Andoain, Zumarraga eta Azpeitikoetara. Haiei Espainia, Galizia eta Herrialde Katalanetako beste hamaika udalerri gehitu behar zaizkie: jatorrizko bertsioan ikusi ahal izan dute hainbatetan, eta bikoiztuta beste zenbaitetan.

Oraindik datuak biltzen ari direla eta aipatutakoak behin-behinekoak direla azaldu dio BERRIAri Xabier Berzosa ekoizleak. Baina adierazi du filmak izandako harrerarekin oso pozik daudela, oro har. «Euskal Herrian ikaragarria izan da; liluratuta gaude. Toki gehienetan, aretoak bete egin dira emanaldi nagusietan —larunbat arratsalde eta gauekoetan, nahiz igande arratsaldekoetan—». Aipamen berezia egin dio Tolosako kasuari: asteburuan, 2.000 lagunetik gora bildu ziren filma ikustera. Baina azaldu du oso ona izan dela beste hainbat lekutan izan duen harrera ere. «Izatez, herri askotan bigarren astez mantenduko dute, eta hori nahiko ezohikoa da, astero aldatu ohi baitute programazioa. Baina jende asko kalean geratu zenez, beste emanaldi batzuk egingo dituzte astegunetan, edo, bestela, berriro programatuko dute datorren asteburuan». Zarautzen, Oñatin eta beste hainbat lekutan gertatu da hori. Hala, datu orokorrei erreparatuta, sortzaileek uste dute filmak «Euskal Herrian oraindik bide luzea» duela egiteko.

Jatorrizkoan, datu hobeak

Euskal Herritik kanpoko zenbakiei dagokienez, bi maila ezberdintzen ditu Berzosak: «Jatorrizko bertsioan eman duten aretoetan oso ondo joan da, ez Euskal Herriko mailan, baina oso ondo; bigarren edo hirugarren tokian ibili da horietan, eta arazorik gabe mantenduko da. Aldiz, bikoiztutakoetan, areto oso komertzialak direnetan, agian kaskarrago joan da». Edonola, «irakurketa orokorra oso ona» dela uste du. Halaber, oraindik ezer zehazterik ez badute ere, Handia beste herrialde batzuetara ere iritsiko dela azaldu zuen ekoizleak.

Datuez harago, balorazio kualitatiboari ere garrantzi handia aitortu zion Berzosak. «Emanaldiek lehen inpresioa eman digute, eta oso ona izan da; badirudi jendeari asko gustatzen ari zaiola. Eta Euskal Herritik kanpo ere, bai sare sozialen bidez, bai ezagunen bitartez, inpresio ona jaso dugu». Filmak orain arte jasotako kritikek ere «ezusteko politak» eman dizkiete sortzaileei. Eta iritzi horiek herritarren artean ahoz aho zabal daitezkeela uste du. «Hori da guretzat kanpainarik onena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.