Iker Arrue koreografoak bi hileko sormen egonaldia egingo du Montrealen

Urte hasieran John Gerena koreografoa etorri zen Quebecetik, eta hara abiatuko da udazkenean Iker Arrue «itzulerako proiektua» garatzeko

Ezker-eskuin, Maria Jose Telleria, Ane Rodriguez, Irene Larraza, Iker Arrue eta Fernando Saenz de Ugarte. J.C. RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Dantza garaikidearen sorkuntzarako lankidetza programa bat dute martxan Euskal Herriko eta Quebeceko zenbait erakundek. Urte hasieran abiatu zuten, eta egonaldi programak eskaintzen dizkiete sortzaileei, beren lana hedatzeko, sortzaileen trukea bultzatzeko eta tokian tokiko dantzariak sustatzeko. Urtarriletik martxora bitartean, John Gerena Quebecen bizi den koreografoa izan zen Euskal Herrian, Donostiako Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean zehazki, eta hura izan zen egitasmoaren lehen urratsa. «Itzulerako proiektua» egokitzen da orain, eta Iker Arrue koreografoak garatuko du Montrealen, bi hilabeteko sormen egonaldian. Atzo jakinarazi zuten Arrueren izena, eta deialdia bideratu duten euskal erakundeetako ordezkariak izan ziren aurkezpenean, Donostiako Tabakaleran: Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia; Ane Rodriguez, Tabakalerako Kultura zuzendaria; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; eta Fernando Saenz de Ugarte, Dantzaz konpainiako zuzendaria.

Datorren udazkenean joango da Arrue Quebeceko Ecole de Danse Contemporaine (EDCM) zentrora, eta dantza garaikideko profesional bilakatzeko bidean diren ikasleekin garatuko du proiektua bertan. Nahasmendu obsesibo konpultsiboaren inguruko «gogoeta lan bat» izango dela aurreratu du, ordu erdi inguruko iraupena izango duena.

2009an Ai Do Project konpainia sortu zuen Arruek, Donostian. Ordutik, irakaskuntza eta sorkuntza tartekatzen ditu, atzerrian eta Euskal Herrian, eta Montrealeko sormen egonaldiak ere bi elementu horiek uztartzen dituela azpimarratu du, hain justu: «Goi mailako dantza eskola batean sorkuntza lan bat garatzea planteatzen du proiektuak, eta, alde horretatik, bat egiten du Ai Do Projecten ildoekin».

Halako egonaldien premia ere nabarmendu du koreografoak, sortzaileei ikusgarritasuna emateko eta nazioarteko kolaborazio berriak sortzeko «behar-beharrezkotzat» direla iritzita. «Beste giza ingurune batean proiektatzea eta sortzaileek instituzioekin elkarlana izatea beharrezkoa bezain aberasgarria da».

Sortzailea erdigunean

«Erakunde hauek ez lirateke existituko sortzailerik gabe». Rodriguezek aipatu ditu hitzok, alboan zituen beste erakundeetako ordezkariei ere keinu eginez. Sortzailea erdigunean jartzea azpimarratu du Dantzaz konpainiako zuzendari Saenz de Ugartek ere: «Instituzio guztiak sortzailearen inguruan biltzea, hori du proiektu honek. Bidearen hasieran Dantzaz bakarrik zegoen, eta pixkanaka-pixkanaka sarea egiten ari gara».

Gerenak El extraño (Arrotza) lana garatu zuen Euskal Herrian emandako denboran. Quebecen bizi da, baina kolonbiarra da sortzez, eta migrazioaren auzia landu zuen proiektuan, Dantzaz konpainiako hamabi dantzarirekin. Gaur arte pieza hori da programak eman duen lehena. Saenz de Ugartek gogora ekarri du, baina, gehiago izango direla etorriko direnak. «Ea bi urteak pasatzen direnean zer gertatzen den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.