Albistea entzun

Artista adingabeak

Bigarren diskoa kaleratu berri du Altxatu taldeak: 'Hitza'. Lehen lanean bezala, punk-rockaren bidetik jo dute, baina oraingoan, «indartsuago»
Duela lau urte batu ziren Altxatu taldeko kideak, 12 eta 13 urte zituztela. Irudian, taldekoak, disko berriarekin.
Duela lau urte batu ziren Altxatu taldeko kideak, 12 eta 13 urte zituztela. Irudian, taldekoak, disko berriarekin. JON URBE / ARP

Saioa Alkaiza -

2014ko irailak 17 - Donostia

Musikari adingabe esperientziadunak dira, gaztetasuna eta profesionaltasuna antitesiak ez diren erakusgarri. 16 urte dauzkate Ibai Osinagak (gitarra eta ahotsa) eta Iker Arizek (bateria), eta 15 Julen Abaurreak (baxua). Baina jada urteak daramatzate oholtza gainean; Altxatu taldea dira, eta punk-rockaren eszena biziberritzeko prest daude. Aurreko urtean, lehen lana atera zuten, eta, orain, bigarrena plazaratu dute: Hitza. Heldutasunez jositako hamabost abestik osatzen dute obra.

Gurasoek eramaten dituzte kontzertuetara, autoz, eta oraindik ezin dute kudeatu kobratutako dirua; hala ere, Gor diskoetxearen apustu handienetarikoa da hirukotea. «Grabatzeko elkartu zirenean, hasieran jarraibideak ematen nizkien, baina segituan ohartu nintzen ez zituztela behar; bigarren egunetik aurrera, grabaketarekin gozatu baino ez nuen egin». Gor ekoiztetxeko Patxi Goñirenak dira hitzak. Musikari gazteen estiloa nabarmendu du, eta haien kalitatea: «Gezurra dirudi duten adinarekin horren disko fina egitea, horren heldua».

Hitza izenez bataiatu dute bigarren lana, hain justu kontzeptu horrek laburbiltzen duelako proiektuaren muina: «Gure arma bakarrak hitza eta hizkuntza dira». Hala azaldu du Osinagak. Horregatik, lengoaiaren eta euskararen garrantziaren inguruan aritu dira. Horren adibide da grabatutako hamabost kantuetatik hamahiru euskaraz izatea —bakarra egin dute gazteleraz, eta bestea hitzik gabeko sorkuntza instrumentala da—.

Lehen baino «indartsuago»

Askotariko gaiak landu dituzte. «Gaur egungo arazoak» direla dio Osinagak: kuadrilla, hedabideen manipulazioa eta Nafarroan D ereduarekin dagoen gatazka, besteak beste. Dena den, ezohiko gai bat ere hautatu dute, kuriosoa: asma. Abaurreak eta Osinagak gaitz hori dute; hori dela eta, arnasketa arazoak dauzkatenei enpatia keinu bat egin nahi izan diete: Badaukat asma da emaitza, Toy Dolls taldearen kanta baten bertsioa. Horrez gain, kolaborazio bat ere izan dute: Vendetta taldeko Javier Etxeberriak ahotsarekin lagundu die Sé tú mismo kantuan.

Lehen lanetik bigarrenera aldea badagoela uste dute taldekideek. «Ahotsa aldatu zaigu!», esan du Abaurreak, barrez. Baina ez da hori soilik aldatu: «Lehen diskoa etxean grabatu genuen, eta hau, estudioan. Profesionalagoa da, eta aurrenekoa baino indartsuagoa». Argi daukate zein den orain euren helburua: «Horrela jarraitzea». Datorren kontzertua Tolosan emango dute, urriaren 11n, Leihotikan taldearekin batera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Mailo Oiarzabal

Pasio baten fruituak

Mailo Oiarzabal - Gipuzkoako Hitza

Urteetan jasotako eta gordetako bertso grabazioak transkribatzea erabaki zuen Xabier Unanuek duela ia hogei urte. 42.000 bertso baino gehiagoko bilduma osatu, eta Zestoako liburutegiari utzi dio.

Soledad Sevilla erakusketaren aurkezpenean, atzo, <em>Gatza</em> oihalaren aurrean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Trazu txikiko katedrala

Naroa Torralba Rodriguez

Soledad Sevilla artistaren 'Nire paisaia propioa' ikusgai dago Kubo Kutxan. Ibilbide baten proposamena da. Berak aukeratu ditu obrak eta kokapena
<em>Ketariatik mundura</em> pastoralaren bost partaideak. ©BERRIA

Elkanoren bidaia, pastoral «ttipi» batean

Uxue Rey Gorraiz

'Ketariatik mundura' «nanopastorala» eginen dute bihar iluntzean Iruñean. Hiru aktore eta bi musikari ariko dira, ordu eta erdiz. Mixel Etxekoparrek idatzi du obra
Denis Martinez eta Olaia Valle dantzariak, Barakaldo antzokian, <em>Esna</em> obraren entsegu batean. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Pertsona bat, mila aurpegi

Olatz Enzunza Mallona

Dantza eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizun bat ondu dute elkarlanean Marie de Jongh eta Doos konpainiek: 'Esna'. Joko esperimentu gisa definitu dute. Bihar izango da estreinaldia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.