Haize berria euskal dantzetan

Dantza tradizionala eta garaikidea josiz, 'Haize hegoa' estreinatuko du Kresalak etzi Donostian
Bi piezaz osatutako <em>Haize hegoa</em> lanarekin, euskal koreografia berrian ekarpena egin nahi du Kresalak.
Bi piezaz osatutako Haize hegoa lanarekin, euskal koreografia berrian ekarpena egin nahi du Kresalak. JUAN CARLOS RUIZ

Maider Galardi F. Agirre -

2018ko martxoak 1
«Iragana beti da garaikidea». Hori da artearen funtsa, Faustino Aranzabal Kresala dantza taldeko zuzendariaren ustez. Ekaingo leizeetan (Deba, Gipuzkoa) aurkitutako margolanak izan daitezke abangoardia, William Shakespearek egin dezake egungo testuinguruaren analisia, eta Mikel Laboarena izan daiteke dantzarako doinua. Horien guztien arrastoak bildu ditu Kresala dantza taldeak azken lanean. 50 dantzarik Haize hegoa ikuskizuna taularatuko dute datorren larunbatean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan. Dantza tradizionalaren sustraiak hartu, eta «euskal koreografia berrian» ekarpena egitea dute asmoa, bi estiloak modu ahalik eta «naturalenean» josiz.

Bi atalez osatutako lana da Haize hegoa. Eta horiek bai, lan «antagoniko» gisa aurkeztu ditu Aranzabalek: «Iparra eta hegoaren antzekoak, edo gaua eta egunaren modukoak dira bi pieza luzeak. Lehena, Zeruko, drama bat da, kondairetan eta historian oinarritua. Bigarrena, Kulunka, talde mugimenduaren eta kolektiboaren isla da». Guztira, hogei piezatik gora oholtzaratuko dituzte. Koreografia zaharrak eta sorkuntza berriak landu ditu taldeak urtebetez, eta garai batean egindako dantzak ere berrikusi dituzte. Esaterako, Jorge Oteizari keinu egingo diote ikuskizunean, eta, aurrez, 2014an egin zuten haren omenezko lan bat: Oteizaren kaxa beltza.

Edonola, hari eroale bat badagoela azpimarratu du Aranzabalek: «Gakoa narrazio jokoa da. Dantzaren ikuspegi berritu bat da eskaini nahi duguna, eta hori igartzen da bi ataletan». Herri dantzaren molde berrien inguruko hausnarketan murgilduta dabil taldea aspaldian, eta «ikuspegi kritikoz», estilo preklasikoa eta garaikidea uztartzea dute erronka nagusia. Bestalde, pieza guztietan jorratuko dituzte gai berak: maitasuna, tragedia eta pasioa.

Tokikoa eta unibertsala, hori ere nahastuko dute taula gainean, eta horretarako hainbat dira kontuan hartu dituzten erreferenteak. Izan ere, Haize hegoa proposamen orokorra da: dantzaren, dramaturgiaren, musikaren, literaturaren eta zinemaren analisi kritikoen arrastoari jarraitu diote Kresalako kideek.

Esaterako, dantza arloan, Pina Bausch izan da inspirazio iturri, dantza eta antzerkia josten aitzindaria izan baitzen. Taldekideek goraipatu dute Bauschen «keinu hizkuntzak» espresiorako duen indarra. Hain justu, Kresalako dantzariek antzerki fisikoa eta errituala egiten dute gehienbat.

Tokiko erreferenteak eta ikur unibertsalak dira obra berrian elkar topo egin dutenak. Hori nabarmena da musikarekin egin duten konposizioan. Jean-Baptiste Lullytik hasi, eta Pascal Gaigne eta Amaia Zubiriarekin amaitu. Tradizioaren eta garaikidearen arteko lotura bezain agerikoa da hemengo eta kanpoko musikarien nahasketa. Literatura arloan ere estilo berari jarraitu dio taldeak. Joxean Artzeren lana ere islatuko da Haize hegoa-n.

Proposamena bururaino eraman, eta lan berria Euskal Herritik kanpo oholtzaratzea nahiko luke Aranzabalek: «Garrantzitsua da bertan egiten ari garena kanpoan ere erakustea. Hori da lortu nahi duguna, eta bide horretan lan egiten ari gara». Talde amateurra da Kresala, baina urteak daramatza ildo berean gogoeta bultzatzen.

Hausnarketarako ildoak

«Uste dut hautsi behar dugula uste hori, tradizioaren eta aro garaikidearen artean badagoela tentsioa»; argi adierazi du Aranzabalek gaur egun sorkuntza estiloaren eta dantza tradizionalen artean dagoen talkaren inguruan duen ikuspegia. Aitzitik, iruditzen zaio bataren eta bestearen arteko sinergiek ekarpena egin dezaketela estilo propioan sakontzeko, eta tokikoak eta gai unibertsalak landuta dantzari aberastasuna ematen zaiola.

Ildo horri tiraka, eta 50. urteurrenaren harira, iaz oholtzaratu zuten Zeruko; obra berriko lehen atala. Halaber, Aranzabalek azpimarratu du larunbatean estreinatuko dutena mamitsuagoa izango dela. Izan ere, helburu nagusi batekin joango da Kresala: dantzaren errautsak hauspotzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna