'Jakin' aldizkariak euskara batuaren ekarpenak eta erronkak aztertu ditu

Euskara batuaren 50. urteurrenaren karietara, 30etik gora gogoeta bildu ditu 225. zenbakian

Erredakzioa
2018ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Laster beteko dira 50 urte 1968ko Arantzazuko Biltzarra egin zela, euskara batuaren sorrera ofizialtzat jotzen dena. Urteurrenaren harira, gaiaren inguruko monografikoa osatu du Jakin aldizkariak, 225. zenbakian. Argitalpenaren atarikoan Lorea Agirre zuzendariak dioenez, batzar hartatik aurrera euskara batuak «abiadura bizian» urratu du bidea, «baina, bistan da ez nahikoan, erderek ere abiadura bizitu baitute eta hizkuntzak erantzun eman behar dien eremuak inoiz baino gehiago baitira». Hala, euskara batuaren ekarpenei, eta, batez ere, erronkei erreparatu diete zenbaki berrian. Noranahiko izateko erronka jarri diote izenburu horregatik.

Gaiaren inguruko gogoetari hasiera emateko, euskara batuaren aurrerabidea eta Jakin hasieratik eskutik emanda joan direla azaldu du Agirrek artikulu batean, Jakin-en eta Txillardegiren arteko loturari bereziki erreparatuz. Izan ere, 1964ko Baionako Biltzarraren atarian erabaki zuen Jakin-ek euskara batuaren egitasmoarekin bat egitea, eta bera izan zen Euskal Herrian euskara batuaren arauak onartu zituen lehen argitalpena.

Jarraian, pauso horien lekuko izan ziren Jakin Talde historikoko lau kidek —Joan Mari Torrealdaik, Joseba Intxaustik, Joxe Azurmendik eta Paulo Agirrebaltzategik— erabaki horren zergatiak eta ondorioak gogora ekarri dituzte, baita etorkizunean eman beharreko pausoei buruz gogoeta egin ere, testu banaren bidez. Gogoeten artean dago, esaterako Azurmendiren hau: «Gorde ahal izango dugun Euskal Herri osoko hizkera idatzia eta mintzatua ere izango da batua, betiere euskalkien ekarpenen gain ere eraikiz joango dena, hizkuntzaren lurralde osoan eta belaunen jarraibidean joango dena. Hizkuntzak dituen erronka berak ditu batuak».

Batuaz honaindikoak artikuluan, aurrera begirako erronkez egin du gogoeta Irene Arrarats Lizeagak, BERRIAko euskara arduradunak. Pruden Gartzia euskaltzain urgazleak, berriz, orain arteko pausoak ditu aztergai 'San Ignazioren martxa'-ren aroa. Zirriborroa euskara batuaren historia intelektualaz artikuluan.

Iritzi bilketa

Euskara batuak euskararen normalizazio prozesuan berebiziko garrantzia izan duela, baina ez bata eta ez bestea ez daudela oraindik itxita dio aldizkariak hurrengo atalean, eta, horregatik, haren sorrerari, ekarpenei eta etorkizuneko auziei buruz gogoeta egitea beharrezkoa dela. Horretarako, euskalgintzaren eta kulturgintzaren hainbat arlotan diharduten 22 lagunengana jo du aldizkariak— euskal lurralde eta adin guztietakoak—, haien iritziak jasotzeko. Euskara batuaren ekarpenei buruz ez ezik, etorkizunari begira dituen erronkei buruz ere galdetu die Itxaro Borda, Ander Lipus, Miren Amuriza, Fermin Etxegoien, Bea Salaberri, Jone Miren Hernandez, Santi Leone, Iñaki Goirizelaia, Miren Narbaiza, Harkaitz Cano, Idurre Eskisabel, Sagrario Aleman, Igor Elortza, Titto Betbeder, Aitor Zuberogoitia, Blanca Urgell, Gorka Bereziartua, Oihane Perea, Juan Kruz Lakasta, Inma Errea, Xabier Euzkitze eta Joan Mari Torrealdairi.

Egunen gurpilean atalean, azkenik, kultur gaiez dihardu Itziar Ugarte Irizarrek, soziolinguistikaz Jaime Altunak, eta filosofiari lotutakoez Ignazio Aiestaranek. Kontrazaleko irudietan, Oteizaren Arantzazuko apostoluak jarri ditu protagonista Unai Iturriagak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.