Akauzaztek kontzertua joko du soinu arteari Bilbon eskainitako zikloan

Musika esperimentala eta soinu artea ardatz dituzten jardunaldi eta kontzertuak antolatu dituzte igandera bitarte Bilboko Azkuna zentroan

Soinuaren, gorputzaren eta artearen arteko harremanaz ariko dira jardunaldietan. BERRIA.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Pentagramaren hesiak gainditzen dituzten proposamenak eskainiko ditu igandera bitarte Bilboko Azkuna zentroak. Musika esperimentala eta soinu artea ardatz dituen hitzaldi, jardunaldi eta kontzertu sorta bat programatu dute egunotan, eta Akauzazte taldearen kontzertua izango da horietako bat. 1992an sortu zen taldea, Azkoitiko Matadeixe gunean (Gipuzkoa), eta 1998an lehen diskoa kaleratu zutenetik hona ibilbide luzea egin du. Kultuzko izena bilakatu da urteekin. Sekula ez du bildu publiko zabalik bere emanaldietan, baina jarraitzaile talde zintzoa du inguruan, eta ez dira asko izaten eskaintzen dituzten zuzenekoak ere. Urte batzuk pasatu dituzte kontzerturik eman gabe, eta berezi egiten du horrek larunbatean 20:00etan eraikineko auditoriumean egingo duten emanaldia.

Hamaika transformazio eta kide aldaketa izan ditu taldeak bere ibilbidean. Zazpi-zortzi lagun izaten hasi, hiru lagunera pasatu, eta azken urteotan boskote modura aritu dira. Euskal folklorean, 70eko eta 80ko hamarkadetako musika industrialean, hardcore gordinean eta anbientalismo zakarrean oinarritutako giroak landu izan ditu Akauzaztek urte hauetan, eta geruzaz geruza osatutako musika eskaintzen dute. Bi bateria, ahotsak, sintetizadoreak eta pedalek ematen diote sendotasuna haien soinuari.

Hasi, ordea, atzo hasi ziren soinu artearekin lotutako ekintzak. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikersoinu ikerketa taldeak Soinua eta Ekintza izeneko sinposioa antolatu du Azkuna zentroarekin elkarlanean, eta atzo eta gaur egiten ari dira hitzaldiak. Soinuaren, gorputzaren eta espazioaren arteko harremanak izango dira lan arlo nagusiak, eta elementu horiek harremanetan jartzen dituzten teknologiak ere aztertuko dituzte.

Bertako eta nazioarteko ikerlari eta sortzaileek hartuko dute parte jardunaldietan. Bertan izango dira, besteak beste, Itziar Okariz, Jon Mantzisidor, Ixiar Rozas, Thor Magnusson, Nadine Couture, Itziar Cristina Miranda, Patxi Araujo, Myriam Desainte-Catherine, Thibaud Keller eta Amaia Vicente, eta programan tartekatu egingo dituzte performanceak eta hitzaldiak.

48 disko jogailu

Orquesta Fin de Disco bideo instalazioa ere jarriko dute egunotan Azkuna zentroan. Iazko urtarrilaren 12an, 48 disko jogailuk osatutako orkestra bat baliatuz zuzeneko soinu pieza bat sortu zuen David Civico artistak. Travis Flint aritu zen orkestra zuzendari modura ordukoan, eta emanaldi hartan gertatutakoaren lekukotza ematen du orain bideoak, bi pantailaren bidez. JOZ 2 espazioan jarri dute bideo instalazioa, eta, harekin batera, kontzertua biltzen duen biniloa entzuteko aukera ere izango dute bisitariek. Igandera arte ikusi ahalko dira proiekzioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.