Albistea entzun

Inoiz baino freskoago

Alberto Arteta Group jazz taldeak bigarren diskoa kaleratu du: 'The Legacy'. Aurreko lanean baino pieza «garatuagoak» ondu dituzte
Alberto Arteta Group taldeko kideak —Arteta bera erdian—, <em>The Legacy</em> bigarren diskorako egindako irudi batean.
Alberto Arteta Group taldeko kideak —Arteta bera erdian—, The Legacy bigarren diskorako egindako irudi batean. BERRIA

Ihintza Elustondo -

2016ko ekainak 28

Elkar ondo ezagutzen dute Alberto Artetak (Gares, Nafarroa, 1985) eta haren taldekideek. 2014an kaleratu zuten lehen diskoa, Bat izenburupean, eta jaio berri da bigarrena: The Legacy (Gaztelupeko Hotsak); euskaraz, herentzia esan nahi du. «Musikari gisa mundu honetan utzi behar dugun herentzia da diskoa. Hori hor geldituko da ja», dio Artetak. Aurrekoan bezala, jazz estiloari eutsi diote oraingoan ere. Bi urte igaro dira lehen esperientzia hartatik, eta hori nabaritu egiten da emaitzan, haren esanetan. «Gehiago ezagutzen dugu elkar, interakzio handiagoa dago. Konposizio aldetik ere eman dugu aurrerapauso bat: kantak garatuagoak dira, melodia gehiago dute, musika idatzi gehiago dago...». Musikariaren iritziz, aurreko lana baino «freskoagoa» da oraingo hau.

Instrumentala da diskoa. Artetak konposatu ditu abesti guztiak —My Romance izan ezik—, eta saxo tenorra jotzeaz arduratu da. Iruñeko Pablo Sarasate goi mailako musika kontserbatorioan hasi zituen ikasketak, eta, egun, irakasle da han. Harekin batera aritu dira Luis Gimenez (gitarra), Satxa Soriazu (pianoa), Kike Arza (kontrabaxua) eta Juanma Urriza (bateria). Gitarra jotzailea izan ezik, gainontzeko guztiak aurreko diskoko musikari berberak dira. Abesti batzuetan instrumentu batzuk entzuten dira, eta, besteetan, beste batzuk. Artetaren arabera, modu natural batean lortu dute «aniztasuna»: «Musikak eskatzen duenaren arabera, batak edo besteak jotzen du».

Kantu bat, istorio bat

Kantu bakoitzean istorio bat jaso dute. «Konposatu nituenean banituen buruan ideia jakin batzuk, kanta bakoitza zein bidetatik bideratu nahi nuen. Oso argi nuen haietako bakoitzak istorio bat kontatuko zuela: hasiera bat, garapen bat eta ildo luze bat izango zituela. Eta nik uste dut hori lortu dugula». Artetaren iritziz, eragin handia izan du etxean entzuten duen musikak: gaur egungo New Yorkeko musikari gazteak, batez ere. Besteak beste, Mark Turner eta Ben Wendel daude autore horien artean. «Azkenean ezinezkoa da zuk normalean entzuten duzun musikarekiko zerbait oso ezberdina egitea».

Aldaketa handiak daude abesti batetik bestera: erritmo lasaiak eta biziak tartekatzen dira, etengabe atmosfera ezberdinak sortuz. Baina kontraste horiek, pieza batetik bestera ez ezik, haien barrenean ere gauzatzen dira. Horregatik, abesti nahiko luzeak atera zaizkie: ia hamar minutu irauten du luzeenak.

Baina badira hogei segundoren bueltan irauten duten beste hiru pieza. «Ez dakit abestiak diren, egia esan. Korte oso-oso motzak dira. Beste kantak oso luzeak direnez, ideia ona iruditu zitzaigun horrelako batzuk sartzea kanta luzeen artean. Entzulearen belarria freskatzeko, nolabait». Bestalde, entzulea estudio barrura eramateko ere baliatu dituzte doinu horiek. «Korte horiek ez ziren aurrez adostu. Satxa pianista berotzen ari zenean grabatzeko botoiari eman genion 15 segundoz, eta hori zuzenean diskora joan da, adibidez. Nik uste dut badela modu bat entzulea diskoa grabatu zen momentu hartara bertara eramatekoa».

Hark konposatu ez duen abesti bakarra My Romance da, Richard Rodgersen klasikoa. «Oso gustuko dudan kanta da, gure lagun Mauro Urriza omendu asmo duena». Pianista nafar «oso famatua eta oso maitea» izan zen hura, eta iaz hil zen. «Hari eskainitako kanta da. Bere azken diskoan jotzen zuen azken kanta da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kepa Junkera musikaria, gaur goizean, 'Erromeriak' disko berria aurkezten. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

‘Erromeriak’ izeneko diskoa kaleratu du Kepa Junkerak

Olatz Enzunza Mallona

Emakume panderojoleak omendu ditu lan berrian. 2018an iktusa izan zuenetik, diskorik kaleratu gabe egon da musikaria.

Belako taldearen kontzertu bat Donostian, iazko urrian. ©Idoia Zabata, FOKU

La Femme, Anari, Belako eta beste, Donostiako Boga Boga musika jaialdiaren lehenbiziko aldian

Uxue Rey Gorraiz

Irailaren 8tik 10era bitarte eginen dute festibala, hiriko zenbait tokitan. «Musika independentearen alde egiteko jaialdia» izanen da, antolatzaileen esanetan. 25 kontzertu iragarri dituzte oraingoz.

Luigi Anselmi idazlea, bere lan berria esku artean duela, Donostiako Udal Liburutegi Nagusian, liburuaren aurkezpen egunean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Luigi Anselmi: Laguntasunari elegia bat

Naroa Torralba Rodriguez

Larrazkeneko argi-ilunetan poema liburua kaleratu du idazleak, Pamiela argitaletxearekin. Poema gehienak bere lagunei eskaini dizkie. Olerkien artean, Jose Enrique Urrutiaren irudiak daude tartekatuta

Arte Ederren udako ikastaroko antolatzaileak, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Bildumagintza pribatutik publikorako saltoa, Arte Ederren udako ikastaroan

Miren Mujika Telleria

Arteari eta bildumazaletasunari buruzko udako ikastaroa antolatu dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Gondra Barandiaran fundazioak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...