Albistea entzun

Itsasoan ezkutatua, lehorrera

'Emakumeak eta itsasoa' erakusketa ikusgai dago Donostiako Untzi Museoan, azarora bitartean
Emakumearen eta itsasoaren arteko harremanari aitorpena egin diote erakusketan.
Emakumearen eta itsasoaren arteko harremanari aitorpena egin diote erakusketan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ihintza Elustondo -

2016ko martxoak 1 - Donostia

Aspalditik dator emakumearen eta itsasoaren arteko harremana. «Herri batzuetan pentsatzen dute ura eta itsasoa elementu femeninoak direla». Soco Romano Donostiako Untzi Museoko zuzendariaren arabera, XVI. menderako joaten ziren emakumeak Ameriketako Estatu Batuetara itsasontzietan, eta portuan eta arrantzan lan gogorrak egin izan dituzte. Dena den, historiako arlo gehienetan gertatu den bezala, itsasoan ere gizonak izan dira protagonista. Konkistatzaileak eta patroiak aipatuta, jendeak gizonak irudikatu ohi ditu, oro har. Emakumeak itsasoan egindako lanak ere ez duelako oihartzunik izan. Horregatik zabaldu dute Emakumeak eta itsasoa erakusketa Untzi Museoan. Harreman horri merezi duen aitorpena egiteko. Itsasoan ezkutatuta egon dena lehorrera dadin, behingoz. «Justiziaren inguruko erakusketa da», Denis Itxaso Gipuzkoako kultura diputatuaren esanetan.

Untzi Museoak 25 urte bete ditu aurten, eta, urteurrenean, emakumearen irudia aldarrikatu nahi izan du, Donostia 2016ren babesean. Ez da hori egiten duen lehen aldia, baina, oraingoan, espresuki emakumeei eskainitako erakusketa bat atondu dute. Mundu imajinariotik hasi, eta errealitate gordina jasotzen duten lanak ere bildu dituzte, askotariko formatuetan: grabatuak, margolanak, argazkiak, jantziak, kartelak, liburuak, garai bateko aldizkariak, ikus-entzunekoak eta abar daude erakusketan. Komisarioak Jose Mari Unsain eta Soco Romano dira, eta EHUko irakasle Olga Maciasen aholkularitza historikoa izan dute. Diseinu grafikoaz, berriz, Elena Odriozola arduratu da.

Untzi Museora sartu orduko, atentzioa ematen du oihal handi batek. Hura mugituta, atzean munstro itxurako sirena beldurgarri bat ageri da. Gizaki baten neurrikoa. Tamoo Haraguchi zinemagile japoniarrak Donostiara ekarritako artelana da. Unsainen arabera, Erdi Arokoa da itsaslaminaren ikonografia klasikoa. «Sirena edertasun fisiko handiko izakia da, gizonezkoak erakarri eta haien ontzia hondoratzen zuena. Baina badaude munstro itxurako irudikatzeak ere». Haren esanetan, modu batera edo bestera, kultura eta zibilizazio askotako mitologian ageri da izaki magikoa. Euskal Herrian, promoziorako erabili izan da; besteak beste, turismorako eta Donostiako Zinemaldiko kartelak egiteko. Disneyko Sirenita ezaguna ere sartu dute museoan.

Mitologiaz harago

Birjinak ohikoak ziren itsasontzietan. Erlijio sineskeriak zirela-eta tripulatzaileek ekaitzetik babesteko eramaten zituzten eskapularioak hartu ditu museoak. Sareetan ere jarri ohi zituzten, arrantza ona izan zezaten. Sorginek, bestalde, ekaitzak sortu eta tripulazioak hondoratzen zituzten. XVI. mendean, Maria Cocayari leporatu zioten Antonio Okendoren ontzia hondoratzea, eta inkisizioak kondenatu egin zuen. Halako istorioak islatzen dituzten ilustrazioak jaso dituzte, hala nola Jose Luis Landak Toti Martinez de Lezearen Sorginak libururako egindakoa.

Historikoak izan ziren emakumeen izenak eta argazkiak bildu dituzte. Guillerma Iturriza donostiarra da horietako bat. «Donostiako azken arrantzontzien ontzijabea izan zen». Ezagutzera eman ez den arren, denetarik egiten zuten emakumeek; kapitainak ere izan ziren horietako batzuk. Asko gizonez mozorrotuta joaten ziren; Katalina Erauso, esaterako.

Piratak eta kortsarioak kultur arloan entzute handiko pertsonaiak izan dira: besteak beste, zineman, literaturan eta komikietan. Arlo horietan izan dituzten irudikapenak ikusgai daude erakusketan: esaterako, Pirates of the Caribbean film ezaguneko kartel bat jarri dute. Playmobil jostailu bat ere badago tartean.

Museoaren bigarren pisura igoz gero, Batelariak, kargaketariak eta zirgariak izeneko sail bat dago. Emakumeek portuan gogor lan egiten zutela erakusten da han. Horien artean ezagunenak Pasaiako (Gipuzkoa) batelariak izan ziren, eta haiei buruz Manuel Breton de los Herrerosek idatzitako liburua dago erakusketan. Horrez gain, Stockholmeko batelarien inguruko ikus-entzunezko bat dago. Bilboko zirgariak ageri diren hainbat margolan ere badaude, eta, haien ondoan, atentzioa ematen du Dora Salazarrek egindako eskultura batek.

Argazkiek ezin hobeto islatzen dute emakume langileen eguneroko bizimodua. XIX. mendearen amaierakoak eta XX. mendearen hasierakoak dira irudiak. Portuan otarrak arrainez nola betetzen zituzten ikusten da, eta pisu hori sorbaldan nola ibiltzen ziren batera eta bestera. Umeak ere ageri dira irudi batzuetan. Izan ere, haurrak izatea ez zen oztopo emakume haientzat, etxetik kanpo lan egiteko.

Alderdi gogor hori alde batera utzita, emakumeek itsasoarekin duten bestelako harreman mota bat islatu dute erakusketaren amaieran. Bainujantziak, eguzkia eta hondartza dira nagusi; itsasoa disfrutatzeko gune bat ere badelako, finean. Museoko azken zirrikituan, emakumeek kirolarekin duten lotura da arretagune. Arrauna, surfa eta bestelako kirolen inguruko irudiak daude han ikusgai.

Azaroaren 19ra arte egongo da zabalik erakusketa Untzi Museoan. Asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara irekiko dute, eta igande eta jai egunetan, 11:00etatik 14:00etara.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Artozkiko artelanen aurkezpena

'Artezki'-ko hamalau lan erakutsita, falta direnak itzultzeko eskatu dute

Ainhoa Sarasola - Iker Tubia

Itoizko urtegiaren kontra aritu zirenek azalpenak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari. Artozkin galdutako hamazazpi lan falta dira oraindik. Agertu direnak Iruñean eta Agoitzen ikusgai izanen dira

Xabier Mendiguren Bereziartu, iazko azaroan. ©Izaro Andres / Foku

Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzailea eta idazlea hil da, 78 urte zituela

Arantxa Iraola - Ekhi Erremundegi Beloki

Ikastolen mugimenduan ibili zen. Euskalgintzaren Kontseiluko lehen idazkari nagusia izan zen, eta euskaltzain urgazlea.

Itoizko urtegiko irudiak, kanoa batetik eginak, Irati ibaia zena zeharkatzen, Artozki inguruan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Itoizko oroitzapenak igerian

Iker Tubia

Hogei urteko borroka izan zen Itoizko urtegiaren kontrakoa. Duela hogei urte, Itoitz eta Artozki herriei eusten saiatu ziren ekintzaileak. Bide guzietatik saiatu arren, ez zuten proiektua gelditzerik izan.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Etengabeko prozesu baten emaitza da gure lana»

Olatz Enzunza Mallona

Nahiz eta ziurgabetasuna ofizioaren parte izan artearen arloan, funtsezkoa da egiten den horretan tematzea, Susana Talayero artistaren ustez. Gure Artea saria jasoko du bihar, ia 40 urteko ibilbide artistikoagatik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...