Herriaren arimagatik korrika

Hasi da gaelikoaren alde Irlandan egiten duten Rith lasterketa, Korrikaren senidea; hilaren 14an amaituko da, Dublinen, eta herrialdeko 32 konderriak zeharkatuko ditu.

Lasterkariak orain dela bi urteko Rith lasterketako argazkian, gaelikoaren alde korrika. RITH.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Hamaika lagun hizkuntza baten alde korrika, ezkutuko mezua barnean daraman lekukoa eskuz esku, kaleak jendez gainezka, oihuak, zirrara... Ez, ez da Korrika, ez da Euskal Herria, eta ez da euskararen alde. Rith da, Irlandan da, eta gaelikoa babesteko da. Atzo hasi zen aurtengo Rith —korrika esan nahi du euskaraz—, Irlanda ekialdeko Kildare konderriko Celbridge (gaelikoz, Cill Droichead) herrian. Irlandako Errepublikako presidente Michael Daniel Higginsek idatzitako mezua lekukoan sartu, eta lasterketari hasiera eman zioten. Newbridge etxetik abiatu ziren.

Errepidean dira jada irlandarrak, eta martxoaren 14ra arte egingo dute lasterka, haien ama hizkuntzaren aldarria lau haizeetara hedatzen. Dublingo (gaelikoz, Baile Atha Cliath) erdigunean amaituko dute proba. Criona Ni Dhalaigh alkateak irakurriko du lekukoan gordetako mezua, eta Seo Linn taldeak kontzertua emango du.

Esanahi handiko leku batean amaituko da lasterketa: Trinity College unibertsitatean. Berez,O' Connell kaleko posta bulego nagusian egin nahi zuten amaiera ekitaldia, baina, zirkulazioa kudeatzeko gorabeheren ondorioz, lekualdatu egin dute. Biek ala biek dute lotura handia Irlandako historiarekin. Posta bulegoan aldarrikatu zuten Irlandako Errepublika orain dela ehun urte, Pazko eguneko matxinadan. Erresuma Batuak posta bulegoa bonbardatuz erantzun zion matxinadari. Non jarri zuten artilleria? Trinity College unibertsitatean. Horregatik da hain esanguratsua gaelikoaren aldeko lasterketa han amaitzea.

Korrikaren senideetako bat da Rith. 2010. urtean antolatu zuten lehen aldiz, AEKren lasterketa eredu hartuta. Korrikaren antzera, bi urtez behin egiten dute; horrenbestez, laugarren aldia da aurtengoa. Inoizko handiena izango da. Konderri guztiak zeharkatuko ditu: 2.600 kilometro guztira, lasterka horietako 700. 2010ean 10.000 pertsonak parte hartu zuten; 2012an, 27.000k; eta 2014an, 36.000k. «Aurten jende gehiago biltzea espero dugu», azaldu du Rith elkarteko zuzendari Marcas Mac Ruairik. 50.000tik gora espero dituzte.

Korrikarekin antzekotasun ugari ditu, baina baditu berezitasunak. Rith ez da etenik gabeko lasterketa, ez doa herriz herri atsedenik gabe. Egunez egiten dute soilik, ez gauez. Aurten, gainera, aldatu egin dute planteamendua. Aurreko hiru aldietan herri batetik besterako bidea korrika egiten zuten, Euskal Herrian Korrikan egiten den moduan. Aurten, baina, herrietan eta hirietan egingo dute soilik korrika. «Segurtasuna eta osasuna ziurtatzeko hartu dugu erabakia». Herrialdearen hegoaldetik ariko dira gaur.

Boluntarioen lanaren onura

Rith lasterketa izen bereko elkarteak antolatzen du; independentea da, eta ez du loturarik inongo gobernurekin. Gaelikoaren aldeko elkarteak dira haren babesle nagusiak: Conradh na Gaeilge eta Glor na nGael. «Bi horiek dira Rithen diru sarrera nagusia; horiez gain, parte hartzaileek ere egiten dute ekarpena, eta zenbait udalek laguntza txikiak ematen dituzte», adierazi du Ruairik. Laguntzeko modu bat Internet bidez kilometroa erostea da, www.rith.ie atarian. 100 euro balio du bakoitzak.

Boluntarioen lana goraipatu du Ruairik. Antolatzaileen kalkuluen arabera, «ehun bat lagun» ariko dira boluntario lanetan, baina herri eta konderri askotan ekitaldi paraleloak antolatu dituztenez, handiagoa da kopurua. Lasterketa dagoeneko hiru aldiz antolatu izana onuragarria izan da, elkarteko lehendakariaren iritziz: «Rith esperientzia bakoitza desberdina izan da; boluntarioek ekitaldian egindako esfortzuari esker, hizkuntzaren aldeko konpromiso iraunkorragoa eta egituratuagoa dute orain hainbat herrik».

Irlandarren laguntza ez ezik, atzerriko hainbat komunitateren sostengua ere du Rith lasterketak. Besteak beste, Euskal Herriko, Galesko eta Bretainiako jendeak parte hartu izan du aurreko hiru aldietan. Horiez gain, Kanadan bizi diren gaeliko hiztunek ere babestu zuten 2014an. Ruairiren arabera, «aurten ere sostengatuko gaituzte».

Ofiziala, baina gutxitua

Seachtain na Gaeilge (Gaelikoaren astea) jaialdiaren barruan antolatutako ekitaldia da Rith, eta horregatik egiten dute martxoan. Izan ere, gaelikoaren aldeko festarik garrantzitsuena da Seachtain na Gaeilge; bi aste irauten du, eta San Patrizio egunaren —Irlandako festa nazionalaren— inguruan pentsatua dago. Martxoaren 17an da San Patrizio eguna.

Gaelikoaren inguruko «kontzientzia» hedatzea da jaialdiaren helburua. Ehunka ekitaldi antolatzen dituzte: kontzertuak, elkarretaratzeak... eta ikastetxeek, kirol elkarteek eta komunitateek parte hartzen dute. Herri mailako ekintzak dira horietako asko. Irlandatik at ere antolatzen dituzte, handia baita komunitatea zenbait lekutan.

Ingelesarekin batera herrialde osoko hizkuntza ofiziala izan arren, hizkuntza gutxitua da gaelikoa; hiztunak ez dira bi milioira iristen. Mendebaldean hitz egiten dute bereziki. Gaelikoaren egoera laburbildu du Ruairik: «Irlandarron hizkuntza zabalduz doa herrietan eta hirietan. Immigrazioaren eta agintari batzuen axolagabekeriaren ondorioz presiopean jarraitzen du tradizionalki gaelikoz hitz egin den eremuetan. Nolanahi ere, komunitatea baikorra da etorkizunari begira».

Rith ez da Korrikaren senide bakarra. Bretainian, Ar Redadeg lasterketa egiten dute bretoieraren alde. Bosgarren aldia dute aurten, eta apirilaren 29tik maiatzaren 7ra egingo dute.

Bitartean, lasterka jarraituko dute Irlandako herrietan eta hirietan, gaelikoa aldarri: Tir Gan Teanga, Tir Gan Ainm (Hizkuntzarik gabeko herria arimarik gabeko herria da).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.