Itsas zaporeak, galiziar erara

Maris Galicia itsaskien jaia Donostian izango da ekainaren 12ra bitartean. Anoeta futbol zelaian karpa bat jarri dute, eta mota askotako itsaskiak dasta daitezke han.

Olagarroa da plater arrakastatsuenetako bat. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
2016ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Otarrainak, otarrainxkak, zigalak, olagarroa, txirlak, muskuiluak... Askotarikoak dira itsasoak eman ditzakeen zaporeak. Eta haiek guztiak dastatzeko aukera egongo da ekainaren 12ra bitartean, Donostian. Izan ere, Galiziako Maris Galicia jaia Anoeta futbol zelaian da, atzotik. Laugarren aldiz ekarri dute Gipuzkoako hiriburura, eta Manuel Gomez ekitaldiaren antolatzailea «pozik» dago itzuli izanaz. «Badakigu hiri honetako jendeak gastronomia maite duela. Donostiako jendeari denetarik gustatzen zaio, eta gauza onak, are gehiago. Jendea oso exijentea da gastronomiarekin, eta edonork ezin du hemen zerbait egin. Baina gu gauzak ondo egiten ahalegintzen gara, eta ondo erantzuten dute. Horrek esan nahi du bide onetik goazela».

2009az geroztik, herriz herri dabil jaialdia, Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Espainian barrena. Orain, Donostiara iritsi da, eta, Anoeta futbol zelaiko atletismoko pistan, 1.000 lagunentzako jantoki bat jarri dute. 1.000 metro koadroko karpa bat da.Dagoeneko, prest dituzte 70 tona itsaski eta 25.000 Albariño ardo botila, eta, orotara, 110.000 bisitari inguru espero dituzte. Galiziako gastronomia hedatzeaz gain, turismoa eta folklorea ere sustatu nahi ditu egitasmoak.

Hango 25 errezeta tipiko baino gehiago dastatu ahal izango dira. Bi aukera daude: batetik, Fisterra eta Illas Cies izeneko menuak daude, bi lagunen artean jateko; eta, horrez gain, plateren zerrenda bat dago, nahieran eskatu ahal izateko. Olagarroa da klasikoetako bat; Gomezen arabera, «mundu guztiak probatu nahi du». Bi eratara prestatzen dute: a feira erara eta patatekin. Itsaskiekin egindako arroza ere «arrakasta handiko» platera da, eta baita plantxan erretako produktuak ere. «Eta, Donostian, are gehiago. Mokofinak zarete zuek, eta goi mailako produktuak eskatzen dituzue: abakandoa, zigalak... Hemen beste leku batzuetan baino askoz gehiago eskatzen dituzte».

Galiziako sukaldaritzak «ez du misteriorik», Gomezen esanetan. «Itsaskiak prestatzea oso sinplea da; garrantzitsuena lehengaia da». Haren familia aspaldidanik ari da itsaskien munduan lanean, eta uste du esperientziarekin produktuak ondo aukeratzen ikasi dutela. «Itsaski ona urte osoan dago, baina ondo aukeratu behar da. Sasoi honetan, gehiago kostatzen da aukeraketa egitea, baina gu betidanik aritu gara zeregin horretan, eta badakigu produktua ondo aukeratzen».

Behin lehengai onak edukita, itsasoko urarekin egosten dituzte, erramu pixka bat botata: esaterako, buia, lanpernak... «Bakoitzak bere denbora behar du, baina, irakinaraztea besterik ez da. Egositakoan, jateko prest daude». Erreak ere jartzen dituzte jakiak. Horretarako, bederatzi metro baino gehiago luze diren plantxen eremu bat dute. «Hainbat akuario ditugu itsaskiekin: abakandoak, zigalak, zanburiñak, otarrainxkak, itsas datilak... daude. Jendeak aukeratu egiten du zein produktu nahi duen, eta unean bertan erretzen dugu». Eramateko ere prestatzen dute jatekoa.

Edateko, berriz, sei ardo mota dituzte: bost ardo zuri klase eta bat beltza. Ura, garagardoa eta freskagarriak ere eskura daitezke.

Gastronomiaz gain, ingurua ere egokitu dute, jendea Galizian balego bezala senti dadin. Hamabost metroko luzera duen akuario bat dago itsaskiekin, sukaldeko lan guztia jendearen aurrean egiten dute, Galiziako musika entzun daiteke, hango argazkiekin dekoratu dute ingurua... Ostiral eta larunbat gauetan ikuskizun berri bat emango dute, eta, igande eguerdietan, gaita jotzaileek girotuko dute bazkaria. Gainera, pantaila erraldoi bat jarriko dute futbol partidak eta bestelako kirolak zuzenean ikusteko.

Hori guztia posible izan dadin, 40-45 sukaldari ariko dira egunero lanean. Beste lantalde bat, berriz, muntaketaz arduratu da—argiketariak, iturginak...—. Orotara, ia ehun lagun ariko dira lanean Maris Galicia jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.