Komunikazioa

Badator 2.0 greba orokorra

Zenbait ekintzailek webgune berezia sortu dute, eta Twitterren '#m29greba' etiketa erabiltzea proposatu
Irudian, martxoaren 29ko greba orokorraren alde Iruñeko Euskadiko Kutxaren bulego batean ezarritako kartelak.
Irudian, martxoaren 29ko greba orokorraren alde Iruñeko Euskadiko Kutxaren bulego batean ezarritako kartelak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Arano -

2012ko martxoak 28
Aro digitalean sarturiko gizartean, iritsi da 2.0 greba orokorra. Herritarrentzat inoiz baino errazagoa da gerrilla informatiboetan parte hartzea eta edukiak Interneten jarri eta partekatuz grebaren berri luze eta zabal ematea. Dirudienez, dena ikusi eta jasotzen duten gailu mugikorrak izango dira pikete, langile eta herritarren arma eraginkorrenak. Eta metrailadorea ere prest dute: Twitter. Mikroblog sareak mezu laburrak bidaltzeko ematen duen aukerari esker, une oro hainbat tokitan gertatutakoaren berri izan daiteke denbora errealean. Herritarren aldetik inoiz baino informazio gehiago sortuko da era horretako protestan, dudarik gabe.

GO pikete informatiboa

Interneteko hainbat ekintzailek GO pikete informatiboa jarri dute martxan, datorren asteko greba orokorrari begira tokiko informazioa zuzenean zabaltzeko asmoarekin. Horretarako, GO berriemaileak kalera aterako dira, grebari buruzko informazioa Internet bidez mundura zabaltzeko. Greba egun osoan jasotako bideo, argazki eta albisteak plazaratzeko webgune berezi bat sortu dute: greba.euskalherrian.info.

Iritziak, informazioak, salaketak eta balorazioak zabaltzeko gune ireki bilakatu nahi dute webgunea; egitasmoak herritarren parte hartzea sustatu nahi du. Hala, Twiterren @grebaorokorra kontua sortu dute berriak zabaltzeko. Edukiak partekatzeko, #grebaorokorra etiketa erabitzea proposatu dute, grebaren aurreko egunetan, eta #m29greba erabiliko dute ostegunean bertan.

Horretaz gain, ekintzaileek bideo bat ere zabaldu dute, Youtuben eta Flickren bideoak eta argazkiak nola jarri eta etiketatu azaltzen duena. Eduki guztiei m29greba etiketa jartzea proposatzen dute, denak bilduta geldi daitezen.

Ez da lehendabiziko aldia halako egitasmo bat bultzatzen dutela. 2010eko greba orokorrean ere lan egin zuten GO pikete informatiboek, eta emaitza arrakastatsuak izan zituzten: webguneak 15.365 bisita izan zituen, eta 52 kronika utzi zituzten herritarrek. Gainera, GO telebistak 100-120 ikusle bitarte lortu zituen gauean. Sarean grebaren berri ematera deitu dute aktibistek, eta beharrezkotzat jo dute herritarrek sortutako eta antolatutako gerrilla informatiboa osatzea.

Eguzki irratiak saio berezia

Eguzki irratia Iruñeko irrati libreak ere programazio berezia eskainiko du martxoaren 29an, egun guztian Iruñerriko eta Euskal Herriko hainbat tokitan gertatzen den guztiaren berri emateko asmoz.

Goizeko zortzietatik ordu biak bitartean, informatiboak egingo dituzte orduro. Kalean zer gertatzen ari den kontatzeaz gain, gizarte eragileen iritziak ere jasoko dituzte. Arratsaldeko seietan greba egunaren laburpena eskainiko dute, eta eguneko datu guztiak bilduko dituzte.

Bilboko Irola irratia ere emanaldi berezi bat prestatzen ari da, grebako datuekin, mobilizazioen jarraipenekin eta elkarrizketa ezberdinekin.

Bilbo Branka egitasmoak ere manifestazio, mobilizazio eta protestetan parte hartu eta jarraipen zuzena egingo du bere webgunean. Momentuko informazioa, argazkiak eta bideoak zabalduko dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna