Ez dut Oprah Winfreyk Urrezko Globoetan emandako hitzaldia entzun nahi izan, bideoa klikatzeko izan ditudan aukera guztiei muzin eginez, oraindik ez nagoelako prest munduko hurrengo presidenterik mediatikoena bera izanen dela jabetzeko. Mundua badago prest, logaritmoei kasu egitera. Abizena ongi idazteko, Google-n Oprah sartzean agertu zaizkidan aukerek izenari «speech», «president» eta «2020» lotzen dizkiote. Baina nik oraindik ez dut Urrezko Globoen hitzaldia entzun. Ez dut behar. Ez du inork behar, ontzi hutsa edukiz betetzen joanen direlako, hemendik hauteskundeetara.
Ontzi hutsa, baina ez hainbeste. Trumpen armekin lehiatuko da, ospe mediatikoarekin, politikatik kanpoko jatorriarekin, baina (eta hemen hasten dira aldeak) gutxiengoekiko sentsibilitate handiagoarekin, emakumeak indarjabetzearekin.
The Guardian-ek duela bi urteko artikulu batean adierazi zuen neoliberalismoaren tresnarik efikazena zela Oprah, gainditze istorio txikien bidezko diskurtsoa dela berea, estruktura soziopolitiko edo ekonomikoak auzian jartzen ez dituena. Txikia, ekarriko duen aldaketa, nik botoa hari emateko beste (Twitterreko inkestaren batean), baina utz diezadatela oraindik beste «president» eta beste «2020» bat irudikatzen.
JIRA
Oprah
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu