
HITZ BESTE
Estimutan
Estimutan dudan norbait hiltzen denean zergatik estimatzen nuen, zer eskertzen diodan egoten naiz alditxo batez. John Berger idazle eta pintorea (artista) hil da. Tamalez, berandu deskubritu nuen, orain hogei bat urte, baina ordutik ez dut haren arrastoa galdu. Idazle gisa, bere liburuen antolamenduek eragin izan didaten inbidia eskertzen diot: haren testuek oso arin eta ia oharkabean egiten dute txango narraziotik pentsamendura, xehetasun sotil batetik abstrakziora, apunte poetikoenetik gure gaurko munduaren arazo gordinen batera. Herritar gisa (as a moral citizen, berak esaten zuen bezala), miresten diodana da munduaren martxaz pentsatzen zituenak (kapitalismoaz, kontsumismoaz, pobreziaz...) bere obran integratzeko modua. Artista-lana eta konpromiso morala ez ziren harentzat bi mundu: «Liburu bat idazten ari naizenean, bertan gertatzen den guztia dago, modu batera zein bestera, une horretan bizitzen ari naizenak ukitua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu