Anjel Lertxundi.
HITZ BESTE

Historiaren erlojua

2017ko martxoaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amona, aizto tzar batez, oilo bati lepoa mozten. Oiloaren karaka lazgarriak, odolaren borborra. Handik urte batzuetara, haurtzaroko eszena hori omen zeukan Albert Camusek buruan gilotinaren kontrako aldarria, oiloaren odola bezain beroa, idatzi zuenean, aldarri hark eragindako polemikak azeleratu baitzuen, besteak beste, Frantziak heriotza-zigorra abolitu izana. J.M. Coetzeek galdetzen du Elizabeth Costello nobelan: «Nork esan dezake oilo hark ez zuela hitz egin?».

Nork esan dezake zezenen marrumek ez dutela hitz egin? Javier de Andres Espainiako delegatuak zezenketei buruzko kontsulta berdindu du musika klasikoa ere bozkatzeko aukerarekin. Zibilizazioa eta ankerkeria parean? Zezen hil-hurrenen marrumak eta Bach? Animalien torturan oinarritutako kultura? Berak jakingo du, baina suabe-suabe xuxurlatuko nioke: historiak aspaldi entzunak ditu zezenen marrumak, ez zaitu lotsatzen bat ez etortzeak haren erlojuarekin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.