
HITZ BESTE
Autokritika
Politikari bati oso estetikoa ez den zerbait kritikatzen zaion aldiro (Ahal duguko Espinarri kasu), han asaldatzen dira, txinta eta txio, saldo politiko bereko bele petzeroak mezulariaren kontra, defendaezinak zuritzeraino konplot baten aitzakia hartuta. Maisuek errepikatzen ziguten txorrotxio batekin gogoratzen naiz ni halakoetan: izan zaitezte zorrotzak zeuen buruekin, eskuzabalak hurkoenekin. Aholkuak ez du herdoilik, baina ez du nonbait politikarako balio: sakristiako esanak! Sakristiakotzat neukan neuk ere maisuek iltze bat balitz bezala mailukatu ziguten esaldia gure kaskezurreko muinetaraino. Atzo jakin nuen, Googlen buskan ibili eta gero, Plutarkoren lustrea duela esaldiak, gaur arte kaskezurrean gorde dudanak (oso fortuna gutxirekin gehienetan, egia esan). Baina zuzena beti da zuzen, abadeek zein txerrizainen batek esana izan, edo Plutarkok, edo arerioak. Alegia: autokritika gehiago, nahiz konplotak edonon dauden egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu