Ostra-zale batek ostra bat dauka eskuetan, ostren izaerari buruzko agerpen batzuk ematen ari da bezero talde bati. Argibideak bukatzear, bezeroetako batek galdetu dio ea egia al den ostra batzuen barruan perlak sortzearena. Ostra-zaleak, baietz. Ostraren barruan parasitoren bat edo kaltea eragiten dion hondar-aleren bat sartzen denean, ostrak erreakzionatu egiten duela arrotz erasokorra nakarrezko hari fin batekin bilduz eta bilduz, harik eta parasitoa neutralizatu eta hiltzen duen arte. Autodefentsaren garaipenak direla perlak...
Bezeroetako batek, liburu-zalea bera, pentsatu du ostra-zaleak kontatu berri duena ezin zuzenago konpara daitekeela liburu guztiz onenekin. Liburu on-on batek, pentsatu du liburu-zaleak, beti biltzen du munduko bazterretan inoiz falta ez den parasito gaiztoren bat, nakarrezko hari fin batekin biltzen du eta biltzen du, eta irakurleak, parasitoa neutralizatzeko irrikaz, hari finari segitzen dio orriz orri...

HITZ BESTE
Perlarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu