Angel Erro.
JIRA

Diskrezioa

2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nirea ez den lagunarte batean suertatu naiz Madriletik 50 kilometrora dagoen herrixka batean. Aurkezpenak hasi aurretik batek burutazioa izan du nor noren bikotekidea den ez esateko niri, horrela nik gero, bazkalostean, hara bildutakoak dibertitzeko, zer ondorio atera ditudan mahai gainera ekarrita. Berehala erronkak gehitzen hasi dira. Ogibideak ere asmatu beharko ditut, baina jakinda orotara taldean bi langabetu, dendari bat, autoen mekaniko bat, funtzionario bat, higiezinen agente bat, bisexual bat eta ez dakit zenbat irakasle daudela. Emakumeen artean nor dagoen haurdun ere asmatu beharko dut, nahiz eta azken hori ni norbaitekin gisagabe jokatzeko ataka gaiztoan jartzeko baino ez dela susmatu arren. Argi eta garbi etorri berriaren, nire, lepotik irri egin nahi dute.

Ez ninduen batere kezkatu erronkak, euskalduna izanik, ohituta nagoelako bere burua aurkezten ez duen jendearen artean eta haien arteko harremanaz arrastorik ere ematen ez duen jendearen artean egotera. Euskaldunak oso diskretuak gara eta, diskrezioak ekarri ohi duen ifrentzu logikoaz, baita oso kuxkuxeroak ere. Esan gabe doa hara joan aurretik guztien berri zehatza bildua nuela, han-hemenka, inor ezin ohartuzko harriduraz disimulatu arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.