Xehetasun hutsal batek —masaileko edo kokotseko zulotxoak, orinen ugariak aurpegian, maitale batek bestearen ipur-masailean deskubritutako orbanak...— bizitza oso bat marka lezake. Zulotxoaren jabearena. Zulotxoak maitemindu duenarena. Xehetasun ttipienek mirari handienak obra ditzakete, gure bihotzeko muinak urtzeraino askotan.
Nekez jarriko du inork Kirk Douglasen aktore-maila barregarri putz gelditu gabe. Zinearen historiako aktore gorenetakotzat jotzen dugu, baina kokotseko zulotxoa izan ez balu, zer? Gaur hizpide dudan zulotxoak zinearen historia markatu du, ai Odin handia, haren kokotseko zulotxoak zenbat ikusleren bihotz limurtu duen! Horri esker dago Kirk Douglas gure memorian—eta, bego bidenabar esanda, baita film zoragarri batzuei esker ere—. Zeren aktorearen kokotseko zulo jostariak haren begirada grabeari egiten dion kontrasteak transmititzen diguna da posible dela samurtasuna trantze latzenetan ere.

HITZ BESTE
Zulotxoa kontraste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu