Sarritan oso dira bihurriak hitzen ibilerak hizkuntzen arteko ur-laster zein meandroetan. Demagun aitak eta amak osatzen duten egitura soziala. Gurasoak deitzen diogu euskaldunok, baina padres esaten zaio gaztelaniaz: bikotekide arraren pluralak monopolizatzen du gurasotasunaren izaera konpartitua. Herta Müllerrek arrazoi: «hizkuntza bakoitzak bere begiak ditu». Baina euskararen eta gaztelaniaren arteko bidegurutzean —euskaldunontzat gehienetan gurutze-bidean—euskara galdutako jendeak aita esaten segitu zion gaztelaniaz padre behar lukeenari, eta los aitas ere erabiltzen da gurasoak adierazteko. Oso hedatua dago usadio malapartatua. Baina gaitz erdi horretan geratu balitz. Ez zait entzutea egokitu, baina lagun batek esanda dakit los aitas indarra hartzen ari dela baita euskaraz ere gurasoak hitzaren kaltetan.
Lehen zume-zarta gutxi ez eta orain zigorra etxean: egunotan zenbat ume desengainatu «erregeak aitak dira!» deskubritzen!

HITZ BESTE
Zigorra bueltan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu