GEURE KONTU

Pentsiodunen aurrekontuen balak

Albert Rivera eta Mariano Rajoy, Moncloan, iazko azaroan. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Errekamaran bala asko dituen pistola dirudi Espainiako Gobernuak asteon onartutako aurrekontu proiektuak. Norabide askotan bota nahi ditu balak Cristobal Montorok, «pentsiodunen aurrekontuak» deitu dituen kontuak eskuan hartuta: astetik astera kaleak gainezkatzen ari diren pentsiodunen mugimendu indartsua baretzeko bala —kotizazio gabeko pentsioak eta urrienak %3 igo nahi ditu—; pentsiodun haserretuen botoa irabazteko eskuin espainiarrean darabilten norgehiagokan Ciudadanosen kontrako bala —igoera nagusia %3 izango da azkenean, Ciudadanosek eskatutako %2 baino handiagoa—; eta bala EAJri, aurrekontuak onartzeko ezinbesteko bazkideari—2018ko aurrekontu proiektua onartu zuen egun berean, Madrilek iragarri zuen Auzitegi Konstituzionalera jo nahi duela aurtengo EAEko aurrekontuen aurka—.

Egia da, hizkera belikoegia da kontu ekonomikoetarako. Baina ez arduratu, ilusio hutsa baita: berez, ez dago balarik ez pistolarik. Ez dago aurrekonturik. PPk eta Ciudadanosek ez daukate gehiengorik Espainiako Kongresuan aurrekontuak onartzeko. EAJren babesa behar dute halabeharrez, eta hura ez dago prest diru konturik negoziatzeko Katalunian 155. artikulua desaktibatzen ez bada, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak oztopatzen badituzte.

Ez da ahaztu behar oinarri-oinarrizko galdera: zertarako dira aurrekontuak? Batetik, garapen ekonomikoa hauspotzeko; eta, bestetik, sortutako aberastasuna biltzeko eta banatzeko —halere, Espainiaren zerga bilketak ez du eragin zuzenik Hego Euskal Herrian—.

Lehenarentzat berandu datoz aurrekontuak, sei hilabeteko atzerapenarekin; gainera, Moncloak nahi bezala, ekainean onartuko balira ere, eragin mugatua izango luke aurtengo garapen ekonomikoan, urte erdia igarota bailegoke ordurako.

Bigarrenarentzat, aberastasunaren banaketarentzat, berandu ez eze, hankamotz datoz aurrekontuak: pentsio txikienen igoera koiunturala da, ez egiturazkoa. Hauteskunde urterako boto emaileak goxatzeko neurria, 2019an udal bozak baitaude, eta autonomia erkidegoetakoak.

Ogi apurrak

Pentsioak pixka bat igoko lirateke aurten, baina ez litzateke harritzekoa berriz ere %0,25eko igoera minimora bueltatzea hauteskunde osteko urteetan. Pentsioen gaurkotze duina ziurtatzeko, 2013an PPk gehiengo osoz onartutako pentsioen erreforma aldatu behar da, pentsioen eguneratzea inflaziotik deslotu zuena. Bestelako aterabideak ogi apurrak baino ez dira izango pentsiodunentzat, bereziki pentsio txikienak jasotzen dituztenentzat: emakumeak eta alargunak.

PPk eta Ciudadanosek adostu dute aurten %3 handitzea pentsio minimoak (hilean 18 euro gehiago, 622 euroraino) eta kotizazio gabeko pentsioak (hilean 11 euro gehiago, 380 euroraino); hilean 700 eurotik beherakoei %1,5 handitzea (hilean 10,5 euro gehiago); eta hilean 700-860 euro arteko pentsioa kobratzen dutenei %1 (hilean 7,8 euro gehiago). Gainera, alarguntza pentsioaren oinarri erregulatzailea %52tik %54ra igoko du —berez, 2011ko legeak dio %60ra igo behar dela 2019rako, baina ez dute igo orain arte—. Eta errenta zerga ordaintzetik salbuesteko langa urtean 12.000 eurotik 14.000ra igoko dute —neurri horrek ez luke eraginik Hego Euskal Herrian, ogasun sistema propioa daukatelako foru lurraldeek—.

Pentsiodun behartsuenei ogi apur batzuk ez ematearen erantzule egin dezakete EAJ. Beste presio bala bat, Kataluniara begira dauden jeltzaleak eskuinaren aurrekontuetara hurbiltzen ahalegintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.