Jon Fernandez.
GEURE KONTU

Arrisku saria, non zaude?

2015eko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Arrisku saria?... Zenbat denbora berba hori entzun barik. Duela urte gutxi Euskal Herriko igogailu asko eta askotan ohiko mintzagaia zen. Eguraldiari buruzko iruzkinen maila hartzera iritsi zen. Tabernetan, lagun artean... edonork erabiltzen zuen ahotan arrisku saria. Bereziki 2012ko udan, eta bereziki Hego Euskal Herrian. Sabairik barik, gora eta gora ari zela neurririk gabe, krisiaren gaitz guztien erruduntzat jo zen sasoi hartan arrisku sari altuegia: murrizketena, langabeziarena, soldaten jaitsierarena... Baina aspaldian kaleko elkarrizketetatik aldendu da, eta hedabideetatik ere desagertuta dago. Non dago arrisku saria?

Europatik hanka egin duela esan daiteke, arrisku modura behintzat: hainbat estatu zor bonuak interes negatiboetan saltzen ari dira, baita hegoaldeko herrialdeetan ere, orain ez asko arte izurritsuak ziren estatu horietan. Praktikan, beraz, Grezian dago bakartuta eta gotortuta arrisku saria, bost urtean ez diolako inoiz utzi urakan ekonomikoaren begian egoteari: oinarrizko 1.100 puntutik gora ditu oraindik Atenasek. Euskal Herriari dagokionez, buruko min ekonomikoen zerrendan azken lerroetara salto eginda dago aspaldidanik: Frantziaren arrisku saria oinarrizko 30 puntukoa da, eta Espainiarena, 110 puntukoa. Baina zer zen zehazki arrisku saria? Inor gogoratzen al da?

Herrialde baten hamar urteko zorrak Alemaniako epe horretako zor bonuarekiko duen aldea da. Alemaniaren zorra da erreferentzia, inbertsiogileek herrialderik fidagarriena dela uste dutelako. Harekiko aldea gero eta handiagoa, orduan eta handiagoa da, inbertsiogileen ustez, herrialde batek zorra ez pagatzeko duen arriskua, eta, horregatik, interes handiagoa eskatzen dute. Alemaniarentzat negozio borobila izan da zor bonuak jaulkitzea, interes negatiboekin saldu dituelako 2012az geroztik: hau da, inbertitzaileek Berlini pagatu egiten diote bonuen truke, eta ez alderantziz, normalagoa litzatekeen bezala. Baina ez da bakarra interes negatibodun klub txikian: Europan zortzi dira jada, asteotan Espainia eta Portugal ere sartu direlako talde berezi horretan.

Burbuilaren arriskua

Pentsa, Alemaniak 80.000 milioi euro irabazi ditu 2009tik zorra interes tipo oso txiki edo negatiboetan saltzeagatik. IfW Munduko Ekonomiaren Instituzioak egin ditu kalkuluak, eta gaineratu du Berlinek aurten lortuko duela diru gehien —20.000 milioi euro inguru— EBZ zor publikoa erosten hasteari esker eta inflazioa txikitzeari esker. Paradoxa, hain zuzen ere, Angela Merkelek gehien kritikatutako bi faktoreei esker eskuratuko duelako inoiz baino diru gehiago zorraren negozioan.

Zelan iritsi dira Espainia eta Portugal zor bonuak interes negatiboan saltzera? Argi dago ez direla ez Alemania, ez Frantzia, ez Belgika, ez Austria, ez Herbehereak, ez Finlandia, ez Danimarka, ez Suedia, baina talde berean daude orain. Gehienek interes negatiboan saltzen dituzte bost-zazpi urtetik beherako bonuak; Madrilek eta Lisboak, ordea, soilik urtebetetik beherakoak saldu dituzte negatiboan (sei hilerako zorra -%0,002an saldu du Espainiak, eta -%0,04an Portugalek). Muturreko adibidea Suitza da —europarra, baina EBtik kanpo—, hamar urterako zorra interes negatiboetan saltzen lehena bihurtu da munduan.

Adituen arabera, joera epe motz-ertainean geratzeko etorri da. Baina horrek ez du esan nahi zorraren arazoa konpontzeko bidean denik. Albiste ona da zorpetzeagatik kobratzea, baina zor publikoa oraindik ere puzten ari da estatu guztietan, jasanezin bihurtzeraino. Inbertitzaileen konfiantza irabazi dute Europako zor merkatuek, eta haiek errentagarritasun bila baino gehiago, segurtasun bila ari dira orain. Herritarren patrikan ez du zuzeneko onurarik ekarri zor merkeak, baina adituek arrisku bat ikusi dute: leporaino zorpetuta dauden estatuak gehiago zorpetzera bultza ditzake zor merkeak. Beste burbuila bat puzteko airea izan daiteke. EBZk zor publikoaren erosketa amaitzen duenean eztanda egin dezakeen burbuila. Arrisku sari apalegien arriskuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.