Angel Erro.
JIRA

Hiri setiatuan

2018ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Burlatako piszinara joateko poltsa prestatzean, bi egunean behin egin bezala, bat-batean asaldaturik pentsatzen dut hau bera han egitea keinu politikoa dela, kirola egiteko erabiltzen dudan poltsa hori kolorekoa baita, zakuto hori fosforeszentea, aspaldian modaz pasatutakoa (aro postmodernoan biziko ez bagina, non moda guztiak aldi berean eta kontraesan handian erori gabe indarrean egon baitaitezke, erabiltzera ausartuko ez nintzena) eta deigarria oso.

Nola moldatzen da ni naizena Katalunian? Entzun dut bertako kaleetan hori koloreko jantzi eta apaingarriak gainean dituzula ibiliz gero poliziak kendu ahal dizkizula, politikari presoen askatasunaren aldarria ezin eramanda eta, esan bezala, nekez aurki daiteke nire kiroldegiko poltsakoa baino beilegi deigarriagorik, aldarrikatzaileagorik, askatasun eskatzaileagorik, eta bat-batean asaldaturik pentsatzen dut, bainujantzia, xukadera sintetikoa eta txankletak ez ezik, diru-zorroa, sakelakoa eta ordenagailua ere (zutabe honen zirriborroarekin) badaramadala poltsan eta horrelako teknologiak oso susmagarriak gertatzen direnez huts egindako demokrazietan, bat-batean asaldaturik pentsatzen dut hau idazteagatik auzipetua egon daitekeela Bartzelonako ni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.