Hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina. Gizonezkoa seko lo dago, emakumea dardaraka ari da bartko jipoiengatik. Biharamunean komisariara joateko ausardia nola bildu ari da, baina hezur eta kirio guztiak dauzka izuz izotz.
Motorzale bat oihuka errepidearen erdian motoaren ondoan. Haren aiene lazgarriek ez dute mindura presenteen eta etorkizunekoen neurri benetakoa ematen.
Amak ezin du burutik erauzi galdu berri duen haurra, haren ausentziaren presentzia. Ez, ez du gehiago ikusiko, baina galdu berriak utzi dizkion oroitzapenak besarkatzen segitzen du abailduraren zuloan.
Instant honetantxe han-hemengo ziega-zuloren batean torturatzen ari diren gaztearen hortzak kraskatzerainoko garrasiak, oinazez ero eta duintasunaz beste.
Hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina: horra hiztun guztion —baita idazle gorenen ere— ezintasunaren zauria gure hitz zorrotzenek ere ezin dutelako zuzen adierazi eta guztiz islatu sufrimendua.

HITZ BESTE
Hau da ene mina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu