Angel Erro.
JIRA

Autodeterminazioa

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aspaldiko lagun zahar bat agurtzen dudanean bezalako ilusioa (eta azkenengo aldiz noiz ikusi ote dudan gogora ekarri bitarteko estutasuna ere bai) eragin dit, notizia bat irakurtzean, autodeterminazio hitza begiztatzeak. Aspaldiko. Non sartu haiz urte hauetan guztietan? Hainbeste denbora hire berri gabe. Mejoratuta ikusten haut. Zentzu onean. Bai, bai. Hire behar handiagoa duten tokietara, arloetara? Hemen guztia berdin. Lehengo lepotik burua. Karkarkar! Bai, lehengo lepotik burujabetza. Nolakoa zaren.

Egia esan, ez dugu hainbeste faltetsi. Hitz itxurosoagoekin ordezkatzen joan ginen, jende gehiago edo jende ezberdina erakarriko zituen hitzekin, intelektualek, hedabideek proposatuta eta herio batean denok ikasi eta erabilita. «Erabakitzeko eskubidea», «sezesionismoa», «burujabetza» garbizale, «proiektu konstituziogilea», «agenda nazionala». Zer dakit nik.

Gaur «genero autodeterminazioa» leitu dut: Brasilek gizabanakoen genero autodeterminazio eskubidea aitortuko du. Txosten mediko, terapia edo ebakuntzaren beharrik gabe, beste inoren baimenik gabe, norberak esan ahalko du zein generotakoa den, erregistro zibilera joate hutsarekin. Benetan poztu naiz aspaldiko lagun zaharra hain ongi ikusteaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.