
HITZ BESTE
Txakur-ametsa
Pentsioen harira ari dira irratian, eta tertuliakide batek esan duenean txakur-amets hutsa bihurtuko zaigula Espainiako Gobernua hain adeitsu eta gozoplantan agintzen ari zaigun guztia, amorrazioa atera zaio irratia entzuten ari den pentsiodunari, txakur-ametsa!, horixe egia!, seguru dagoelako esaldiko txakurrari gertatu zitzaion bera gertatuko zaiola berari ere, txakurra han ari zen ametsetan saiheski-hezur artean haragitsua marraskatzen eta marraskatzen, erdi zaunkaka eta satisfakziozko intziriak eginez gozamenaren gozamenez, harik eta nagusia, txakurraren antsia-hotsek esnatuta, animaliaren saihetsak berotzen hasi zen arte makila batekin, eta esnatu orduko ohartu zen txakurra saiheskirik gabebaina saihetsak ondo berotuta zegoela, hortik, beraz, txakur-ametsaren esanahia, hortik, noski, konplitzen ez diren ametsen ondorengo frustrazioa adierazteko baliatzen den espresioa, hortik, bada, pentsiodunaren amorrazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu