HITZ BESTE
Piezak
Kafkaren Egunkariaren orritik bere ardurapean utzi duten bilobarengana doaz haren begiak. Puzzle batekin entretenituta dago umea. Kafkarengana itzuli da berriro. Enegarren aldiz. Irakurri eta biloba zaindu, biak egiteko aukera ematen diote Kafkaren pieza laburrek. Halako batean, 1921ko Gabonen inguruko Kafkaren apuntetxo bat: «Aitona irribarre egiten bere bilobari, hortzik gabeko ahoarekin». Aitonak ahoa itxi du kolpean. Eta liburua. Kalkuluak egin ditu. Kafkak 38 urte zituen testu hori idatzi zuenean. Hondatuta zeuzkan birikak, Mallaryko sanatorioan zegoen ingresatuta. Milena itzultzailearekin zuen harremana, une hartan zeukan minena, postaz zen. Ez dugu sekula jakingo zer dagoen —nostalgia, etsipena, destaina...— aitona horzgabeaz idatzi zuen apunte labur horren atzean.
Bilobak lanak baititu puzzlea bukatzeko, aitona haren ondoan belaunikatu da eta pieza baten kokapena seinalatu dio keinu batez, begietako irribarretxo batekin baino ez.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.