begona del teso
IRITZIA

Lampedusa baino haratago

2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Aurtengo Berlinale hamaika zinema iraultzaren lekuko izan da. Iraultza teknikoak. Errebolta estilokoak. Besteek, gizakioi dagozkigun horiek, ez zuten, ohikoegia denez, glamour hutsaren arrapostu baino jaso.

Gianfranco Rosiren Fuocoammare-k jaso zuen 2016ko Berlinaleko Urrezko Hartzaren besarkada. Askoren eta zuzendariaren beraren esanetan, ausart oso jokatu zuen Meryl Streep buru zuen epaimahaiak. Zergatik? Estreinakoz fikziozkoa ez den lan batek lortzen duelako ikurra. Bale. Ados. Akort. Baina gero eta meheagoa, inoiz baino irristakorragoa, da fikzioa dokumentaletik partitzen duen muga. Kontu bera gertatzen da animazioarekin. Pantaila komertzialetan zein zinemaldietan, aspaldidanik ez da haurrentzako kontu bat.

Mugak? Non arraio, non ote dira? Laszlo Nemes Saul Fila filmaren zuzendariak esan berri du, bere ustez, fikzioa askotan dokumentala baino askoz errealagoa, fisikoagoa, organikoagoa dela. Beste aldetik, Michael Mooreren lanak (What to invade next hain dibertigarria bere manikeismoan) ikusi/jasan/nozitu/txalotu/arbuiatu ditugun orok ederki dakigu dokumental bat ez dela ez inozoa, ez garbia, ez gardena, ez errugabea.

Baina bada zerbait gehiago Fuocoammare lan duin honen inguruan: Lampedusa irla bihurtu da azken bi urteotan zinemagile anitzek begiz jotako paradisu/dekoratu/eszenario, non Europako kulpa sentsazio guztiak garbitu omen daitezkeen.

Giuseppe Tomasi printzeak eta Luchino Viscontik literaturan zineman bezala ezagutarazi ziguten(Il Gattopardo…) lur malapartatura ez doazela bakarrik medikuak, suhiltzaileak, sorosleak eta laguntza emateko prest dagoen hainbeste jende prestua. Baita izaki kameradunak ere. Beharrezkoak dira jakina, ezinbestekoak. Guk, pantailaren beste aldean gaudenok, bidaiaren prezioa bizitzaz pagatuz kostata kostara iristen diren horien guztien berri jaso dezagun. Baina, ez dakit, azkenean, errezeloz begiratzen duzu zugana arrapaladan datorkizun irudi sorta amaigabe hori. Pentsa, Iruñeko Ikuspuntu zinema bilkura ikaragarrian, Jakob Brossmanen Lampedusa in Winter lan fin baina bortitzak irabazi zuen irabaztea merezi zuen guztia. Ezer ez genuen izan kontra. Halere, gero Berlinera zoaz eta Iruñeko pantailetan agertu ziren Lampedusako biztanleekin egiten duzu berriro topo, estropezu, talka Berlinale Palasten. Sentimendu arraroak biltzen zaizkizu barrenetan: «Beitu, hor dago irlako irratiaren DJa. Eta hor arrantzaleen sindikatuaren burua…». Handik, itsaso zabaletik iristen zaizkizun hitzak entzun zenituen jada Nafarroan: kosta zaintzen dutenek itotzear direnak kokatu nahian; bateria eskasa duten telefonoen bitartez ez salbatzaileek ez gurera datozenek ezagutzen ez duten hizkuntzaz hizketan.

Ez dakit. Zerbaitetarako balio ote dute Rosiren eta Brossmaren sariek? Hala Depardieuk esanda askoz errealagoa bide da? Berlinalek 100 errefuxiatu gonbidatu zituen zinemaldia ezagutzera. Streepen eta George Clooneyren bisita ere jaso zuten Siriako seme-alaba horiek. Bisita horren berri izan zuenean, horren basa den monsieur Gerard ironiaz mintzatu zen gogor: «Egia? Ez esan! Orduan, Siriako arazo guztienirtenbideak aluminiozko kapsuletan dagoen kafean datza? Pozten naiz!».

Filipinetatik plano sekuentziaz

Sariak, beti sari, baina zinema, Berlin hiria eta Berlinale urrezko, zilarrezko, brontzezko edo paperezko garaikurrek sorrarazten dituzten liskar etasolasaldi beroak baino askoz handiagoak dira. Berlinalek ausardi osoz sariketara eta Postdamer Platzen berezko duen jauregira ekarri zuen Lav Diazen Hele Sa Hiwagang Hapis/A Lullaby to the Sorrowful Mistery proposamena. 485 minutu irauten duen benetako zinema magiko, politiko, gizatiar, deabruzko puska horrek ikusle guztien erresistentzia jarri zuen koloka epelean, arrisku bizigarrian. Plano sekuentziaz plano sekuentzia Filipinetako zinemagileak bere aberriaren isla eta gu guztion arimaren konplexutasunaren berri fantasmala ematen digu.

Berlinale aurtengoan argi eta garbi geratu da zinemaren egungo borrokak errealitatea konkistatu nahia izaten jarraitzen duela.Euskal Herri osoan Donostian baino ez den Atmos izeneko soinu sistema berriari buruzko mintegia izan zen Sony Center abangoardiako aretoan. 128 soinu sarrera muntaketan eta 57 bozgorailu ikuslea inguratzen, biltzen, harrapatzen. Horietako hainbat, asko, justu sabaian. Zer lortzeko? Sinetsi ala ez, lehendabizikoz suma dezagun zineman euria goitik behera ari duela.

Orain antzinako garaietan bezala, zinemak errealitate sentsazio osoa lortu nahi du/digu. Publizitatearen leloa zera da: «Bertan izango bazina bezala sentituko duzu zure burua!!!». Seguru? Baina gudu zelaian dagoen soldaduak borroka osoa entzuten al du? Eta gailurrerantz doazen mendizaleek mendiaren mugimendu sekretu guztiak sentitzen dituzte zainetan? Zer, zelakoa, zenbateraino da benetakoa errealitatea ditugun bi begiek ikusita, bi belarriek entzunda, gure gorputz bakar honek sumatua?

Berlin eta Berlinale. Berlinek David Bowie omentzen du gau eta egun. Bizi zen Hauptstrasseko 155 zenbakiaren atarian. Baita pantailan ere. Berlinalek, berriro, Alva Noto musika sortzaile estrainio eta zientifikoa gonbidatu zuen propio duen zinema unibertsitatera (Berlinale Talents izenekoa). Han, Ryuichi Sakamoto eta Bryce Dessnerrekin batera sortu duen The Revenant filmaren musika eta soinu harrigarriak aztertu zituen era eder eta matematikoaz. Dakizuenez, soinu banda hori ez da finalista Oscarretan hiru egile dituelako. Alva Notok esanda: «Akademiak musika, soinua, nola sortzen diren ez daki, ez du jakin nahi eta ezin du jakin».

Etorriko dira gurera Berlinaleko filmak. Edo bila joango gatzaizkie gu, auskalo nora. Aurtengo oroitzapenik indartsuena? Baliteke aktore emakume baten lan miragarria, horren haragizkoa, horren alkoholezko eta kezkoa. Isabelle Huppertez ari naizen? Ez horixe, Vintenbergen Kollektivet gazi-gozoan dir-dir eta dar-dar egiten duen Trine Dyrholmeez ari natzaizue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.