begona del teso
IRITZIA

Neongo deabruak eta ezti gaziko senide eta modeloak

2016ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Urtero eta zinemaldiro bezala, sariak sari, epaimahaikideak denon ahotan (txarrerako) daude, baina nori axola dio Ken Loachek Urrezko Palma lortu izanak baldin eta Divines-ek Urrezko Kamera eskuratu bazuen? Nor kezkatuko da betidanik pelikula bera egiten duen ezkertiar fin horren manikeismoaz baldin eta Verhoevenen eta Hupperten Elle sarkastiko-ilun hori hilaren 25etik Iparraldean bada?

Arraro dabil egunotan Frantzia osoa. Grebak nonahi eta noiznahi. Greba benetakoak, gupidagabeak. Haserre biziak eraginda. «Jauregira, jauregira!» oihukatzen zuten ozen, harro, manifestariek Grand Theatre Lumieren inguruetan, eta gogor armaturiko soldaduen artean ginela gauza bera pentsatu genuen denok momentu berean : oihu, orro horrekin hartu zituen herriak, aspaldi, Bastilla, Versailles eta San Petersburgoko Neguko Jauregia.

Arraro oso, artega oso, estrainio oso dabil Frantzia egunotan. Poliziak ere manifestari, aldarrikatuz beraiek ere herria direla!!! Arraroa. Cannesek, eta segituan den Nizak, benetako merkatu arabiarra dirudite, eta han, eskuina irabazle hauteskundeetan. Arraroa, bai. Ezinegon gorrian. Mundua bezala, zinema bezala.

Kritikaren Astea sail preziatuaren sari estima handikoa jaso duen Oliver Laxe zuzendari galiziarraren ustetan, egun egiten diren pelikula guztiak igualtxoak dira. Gustuko dugu askok Todos vós sos capitáns-en egilearen zinema, eta laket dugu haren azken saiakera, Mimosas, non tradizioak eta abangoardiak bat egiten duten. Bertan, western baten itxura paregabea eta argazki lan harrigarria aurkituko dituzte zeluloidezko testura ezberdinen bila dabiltzan guztiek.

Gustuko dugu bai Laxeren zinema, baina ez gatoz denak bat esan duenarekin. Film guztiak ez dira igualtxoak. Brillante Mendozaren Ma´Rosa-k eta Nicolas Winding Refnen The Neon Demon-ek ez dute, zeluloideaz gain, ezer komunean. Eta biak izan dira Cannesen. Mendozarenak erabiltzen duen kamera artega da. Arras. Kalekumea. Kaletarra. Manilakoa. Badaki zabor artean aise eta salatari ibiltzen. Badaki polizia ustelduekin negozioetan jarduten. Badaki euripean droga saleroste ttipietan aritzen. Windingnen kamera, aldiz, banpiro gaur egungoekin eta haragirik gabeko hezurdurak baino ez diren modeloak besarkatuz ibiltzen da kontent asko, deabruzko kontuetan irudiaren azken-aurreko muga denak gainditzen dituen bere filmean. Soinu bandan, Cliff Martinezen musika trumoizkoaz gain, 1000 Forms of Fear plazaratu zuen Sia abeslariaren kantu ikaragarria eta jatorri nahasi samarra duen Sweet Tempesten beste abesti pare bat entzungo ditugu. Dena hain potentzia handiz sortua ezen, zin dagizuet, besaulkiek ere dardara egiten zuten aretoan, eta ikusleak salbaziorik gabeko zorabioan erortzen ginen.

Ez, pelikula guztiak ez dira igualak. Ezta pentsatu ere. Nahiz eta iraupen antzekoa izan (2 ordu eta 42 minutu) ezerk ez ditu lotzen Maren Ade alemaniarraren Toni Erdmann eta Andrea Arnold britainiarraren American Honey. Beno, bai, gauza batek bai: Maren eta Andrea emeak dira. Eta kontu hori (emetasuna zineman) bai izan dela auzi petrala aurtengo Cannesen: «Ba al dugu lekurik emeok kamera atzean?» zen momenturo plazaratutako galdera.

Erantzuna, erraz askoa: jakina, zinema jaio zen momentutik. Baina orain bertan, Divines filmaren zuzendari basa-ganberro-ahobero harroak, Houda Benyaminak, esan zuen legez, gureak dira garaiok, gurea zinema. Hemen gaude eta ez dugu alde egingo…

Beste puntu batek elkartzen ditu film biak: batak eta besteak saria lortu zuten Cannesen. Andrearenak epaimahaiarena hartu zuen. Kasik merezimendu handiz, nahiz eta akatsez betea izan. Aderenaren alde denok egin genuen apustu gogorra: baietz urrea lortu garaipen zerrendan. Ba ez, ez zuen lortu. Auskalo zergatik, ilunabar aldean airoso dabilen komedia mikatz honek dena merezi duelako. Dena, emanaldi guztiak eteten zituzten txalo zaparradak, eta eskuratu duen Nazioarteko Kritikarien ikurra…

Ez, Oliver, film guztiak ez dira igualak. Ezta Xavier Dolanenak ere. Aurtengo Juste la fin du monde ez da orain dela urte pare bat-edo aurkeztu zuen Mommy. Ezta, inolaz ere, aurretik egindako beste hura, Laurence Anyways. Baina denak dira bere-bereak. Are gehiago 2016ko hau, nonberak ardura guztiak hartzen dituen: gidoia, zuzendaritza, muntaketa, jantzi diseinua… Eta denetan garaile. Gurpil zoro, hertsi, estu batean giltzapeturik dauden pertsonaia guztiei ateratzen die Xavierrek odola. Gehiago ere, bizirik irauteko isurtzen dugun zuku oro. Minez daude protagonistak. Minez ikusleak. Salbu izaki bakar bat, sekula igual ez den zinema piztia.

Ez, pelikula oro ez da film bera. Ken Loachenak bai. Loachen zinema guztia zinema bera da. Baina nori axola hori Jim Jarmuschek oparitu baldin badigu Paterson, non garagardoa, amodioa eta poesia benetakoak diren? Axola al du palmak Finlandiako beste mirari/opari/harribitxia erregalatu baziguten Un Certain Regard sailean? Erregalatu, jakin genezan geroxeago emango zioten saria merezia zuela. Filmaren izena, The Happiest Day in the Life of Olli Mäkki. Jakin nahi duzue zein zen: 1962ko abuztuaren 17a. Jakiteko zer dela eta, otoi egin beharko duzue gure inguruetako zinemaldiek ekar dezaten…

Ez, zinema oro ez da zinema bera. Horrexegatik, heriotzaren arnasa ustela entzun/ukitu/dastatu genuen Albert Serraren La Mort de Louis XIV berdindugabe horretan. Aretotik at «Jauregira, jauregira!» oihukatzen zuten manifestariek. Estrainioa da mundu hau. Estrainio dabil grebaz greba Frantzia. Baina zinemak zutik dirau. Txispaz armaturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.