Bertsolari Txapelketa Nagusia

Sorginaren misterioa

Finalaurrekoen bigarren itzulia hasiko da gaur Elizondon, eta bertsolariek daukaten onena eman beharko dute finalean izatekoBertsotarako irizpide eta ikuspegi propioak jo dituzte beharrezkotzat bertsolariek

Unai Iturriaga Tolosan aritu zen finalaurrekoetako lehenengo fasean eta Elizondon kantatuko du gaur. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
2013ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bertsoaren bat-bateko eraketa «oso misterio abstraktua» begitantzen zaio Amets Arzallusi. Bukaerako «ideia onesgarriak» nondik etor litezkeen zerrendatzen hasita iritsi da ondorio horretara: «Irudi bat izan daiteke azaltzen zaizuna, entzunda daukazun istorio zahar bat, txiste baten ale bat eta zure bertsio bat ateratzen diozu, zure okurrentzia bat askotan ez dakizuna nondik datorkizun...». Bukaeraren bila hasita, «mila adarretatik» irits litekeela dio. Antzera gertatzen zaio Beñat Gaztelumendiri ere. Etorri izan zaizkio: sartu nahiko lukeen «hitz bat», konparaketa bat, ertza jan behar izaten dion esaldi bat edota, «besterik gabe», arrazoia neurrian sartuta. Datorrena eta ekartzen dutena plazaratuko dituzte Arzallusek eta Gaztelumendik gaur, Elizondon, Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko lehen finalaurrekoan.

Normalean, irudiak datozkio gaia entzundakoan Alaia Martini. «Egoera irudikatzen dut, eta etortzen zaizkit inguru horretan erregistroa osatuko luketen hitz horiek», zehaztu du. Unean behar duten neurrira tolesten ditu gero, eta bukaerarako gordetzen du. «Beti» horrela egin izan du, eta horrela egiten segitzen du Etxahun Lekuek: «Abiatu beharrean ideia orokor baten bila, neurrian sartuta ahalegintzen naiz ekartzen». Martinek zein Lekuek bihar, Donostian, kantatuko dute, bigarren itzuliko bigarren finalaurrekoan.

Gauzak ondo, batzuek zein besteek bukaera pentsatzen dute lehenbizi. Karlos Aizpurua ikerlariaren arabera, «ohikoena» da hori Euskal Herriko zein kanpoan ezagutzen dituzten jardunetan. «Badu bere logika entzuleak gogoen hartzen duena azkeneko esaten den hori delako, normalean. Ordura arte esandakoa pixka bat iraganean gelditzen da. Teknikoki ere baldin badakizu nora zoazen, errazago zaizu koherentea izatea diskurtso guztian zehar esan nahi duzun horrekin», azaldu du. Oinak ziabogekin alderatu ditu bideko helduleku gisa.

Bertsogintzak «sorginetik asko» duela irizten dio Aizpuruak: «Batzuetan, dena ateratzen zaie, eta besteetan, ez; eta horren azalpena ez dakit non egon litekeen». Ez dute horretarako arrazoirik Lekuek eta Gaztelumendik ere. Datozkionean, «ideia uholde baten» ala «erreka oso lehor baten» moduan etortzen zaizkio Arzallusi. Uholdean datozenean aukeratu beharra izaten du, eta, erreka «oso lehor» datorrenean, «asko» tira egin behar izaten dio. «Etortzen zaizun horri gehitu behar diozu beste kontzientzia puntu bat», Martinen ustez. Datorren hori «norberaren galbahetik» pasatu behar dela iruditzen zaio, «bigarren buelta bat» eman behar zaiola.

«Eta ez datorrenean, askotan hasi beharra gertatzen da, beharbada, hitz bakarretik abiatuta, oin ama aukeratuta edo errima honetatik, senak esaten didalako hortik bide bat dagoela», dio Arzallusek. Gaztelumendik ere era bertsuan egiten du ideia argirik ez datorkionean, errimak zerbait esatera «eraman dezan»aukeratzen du.Errimekin izaten omen dute bertsolariek borroka: «Nola lortu errimek guk nahi duguna esan dezaten, eta ez guk esan errimek esatea nahi dutena», argitu du Gaztelumendik. Datorrena datorrela, gutxi etortzea ez da beti uholdea baino okerragoa Arzallusen irudiko: «Batzuetan, gutxi izateak garbiago erakusten dizu nondik joan behar duzun».

Bertsotarako ganbaran izan beharrekoaz bat datoz Martin, Gaztelumendi, Arzallus eta Aizpurua, nor bere erara. «Garrantzitsuena niretzako da bertsolariak jakitea zein den bere egoera pertsonala, psikologikoa eta artistikoa, eta horretatik abiatuta eraikitzea eraiki behar duen guztia», ondorioztatu du Martinek. «Behar da elementuak eta egunero bizitzan ikusten dituzun gauzak ondo ordenatuta edukitzea buruan, eta momentuan, gaia datorrenean ireki daitezela kaxoi horiek», jo du beharrezkotzat Gaztelumendik. «Edozein gairi begiratzeko bere ikuspuntu eta irizpide propioa eta garbia baldin badauka, gero gainerako hornidura tekniko, forma eta jantzi guztiak ematen dizkio bertsolariak», da Arzallusen ikuspegia. Entzuleen ikuspegia da Aizpuruarena: «Nik uste dut entzuleok bilatzen duguna dela pertsona bat ikustea bere mezuarekin. Gero, bat egingo dugu ala ez».

Denbora, arerio

Betiko kezka du denborarena Lekuek: «Niri entzule legez ez zait gustatzen denbora lar egotea zain, eta bertsolari legez ez zait gustatzen denbora lar edukitzea entzuleak zain». Isiltasuna «luze samarra» egiten hastean bihurtzen da denbora «problema», Arzallusen arabera: «Segundo bakoitza tanta lodi baten moduan erortzen sentitzen duzunean, hor, jada, denbora lagun txarra izaten da». Txapelketako epeak «logikoak» dira Martinentzat, eta komunikazioa «ez eteteko dagoen logika» mantentzen dute.

Badira ia denborarik gabeko ariketak ere: lehen puntua emandakoa, eta fase honetako puntukako eginbeharra. Puntutan aritzea «erreflexu» ariketa bezala ikusten dute Martinek eta Arzallusek. Lehen puntua emandakoa jo dute lan bat-batekoena bezala. Bat-batekotasun erabatekora «entregatzen» da Arzallus: «Datorrenarekin bete-betean hasita, eta bidean bukaeraren bat usainduko dudalako arrastoan, horrela abiatzen naiz».

«Esaten duzunetik esan nahi duzunerako distantzia hori beti da nahiko zenukeena baino handiagoa. Beti ibili behar da horrekin borrokan», dio Gaztelumendik osteko sentipenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.