Katalunia. Prozesu subiranista. Gemma Calvet. Erreferendumerako Juristak manifestuaren sustatzailea eta abokatua

«Erreferenduma babesteko hamaika arrazoi juridiko daude»

Juristen betebeharra galdeketaren aldeko konpromisoa erakustea dela uste du Calvetek. Madrilek ikuspegia aldatu beharko lukeela dio, «momentu historikoaren mailan egoteko».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Gemma Calvet i Baroti (Bartzelona, 1966) Euskal Herrian piztu zitzaion politikarako grina, Eusko Jaurlaritzako Droga Gaietako zuzendari izan zenean (2001-2003). Jaioterrira itzultzean ekin zion abokatuak politikaren bideari; analista gisa aritu zen hamar bat urtez hainbat hedabidetan, eta, 2012tik 2015era, Kataluniako Parlamentuaren X. legealdian, Catalunya Si plataformaren barruan, ERCko diputatua izan zen. Alor publikoa alde batera utzia du egun, baina erabateko babesa eman dio erreferendumari. Juristes pel referendum (Erreferendumerako Juristak) manifestuaren sustatzaileetako bat da. Kataluniako Abokatuen Eskolan mintzatu da BERRIArekin.

Dokumentua 30 juristak sustatu duzue. Espainiako Gobernuaren ezetza dela kausa, begi onez ikusten duzue bide berriak eratzea. Adibidez?

Orain, masa sozial handi bat dugu Katalunian, konpromiso juridiko publiko bat aldarrikatzen diguna. Bestalde, irakurketa juridiko bat dago, erabat legezkoa, eta ilegala dena da erreferenduma ez onartzea. Aniztasun politikoa urratzen du. Kataluniako aniztasun politikoaren eta Espainiako Gobernuaren ezetzaren arteko talka etengabea da. Galdeketak ez du esan nahi sezesioa zuzenean gauzatzea. Eta hori juridikoki gakoa da.

Alde bakarreko independentzia aldarrikatzen bada, noraino irits daiteke Espainiako Gobernua?

Nahi dueneraino, baina bada garaia konturatzeko erreferendum hau ukatzeak dituen ondorio politiko, sozial eta juridikoez. Espainiak ikuspegia berritu beharko luke, Kataluniak bizi duen momentu historikoaren mailan egoteko. Gertatzen ari dena kezkagarria da instituzionalki eta demokratikoki.

Nola sortu zen zuen egitasmoa?

Erreferendumaren aldeko itunaren inguruko Praga kolektiboko hainbat juristak sortu zuten, zeharkakotasunetik, erreferenduma gaur egungo lege testuinguruan egin daitekeela baieztatzeko helburuarekin. Aldarrikatzen duguna erabat konstituzionala da, eta, ondorioz, ahalik eta hedapen handiena egin nahi izan dugu, erreferendumaren aldeko babes juridikoa egon dadin.

Joan den maiatzaren 3an aurkeztu zenuten dokumentua, eta, ordurako, 600 sinadura lortuak zenituzten. Pozik al zaudete emaitzarekin?

Ikuspuntu demokratikotik,egoera bereziki pozgarria da. Kataluniako juriston betebeharra zen gehiengoa kontuan hartueta erreferendumaren aldeko konpromisoa erakustea; gardenki, gertakari demokratiko hau, erreferenduma, babesteko hamaika arrazoi juridiko daudelako.

Kataluniako Abokatuen Eskola jendez lepo zegoen aurkezpen egunean.

Ez dakit sekula hainbeste jende ikusia nuen areto nagusian. Esango nuke ezetz. Manifestuaren aurkezpenaren argazkiak pentsarazi beharko lioke Espainiari badela ordua Kataluniako erreferendumaren semaforo berdea pizteko. Hemengo jokaleku politikoak bere bidea egingo du, gizarteak erakutsi baitu beti etorkizunarekin konpromiso sendoa duela. Juristok begi bistakotasun hori nabarmendu nahi izan dugu.

Zein analisi egiten duzu Kataluniako Gobernua egiten ari den lanaz?

Politika konplexua da, eta alderdi denen bokazioa da hauteskundeak irabaztea. Baina Kataluniako prozesuaren erronka nagusia da gizarte zibilari esker sendotu den aniztasun politikoa bere alde hartzea. Junts Pel Si eta CUP lanean ari dira independentziaren alde, eta, noski, Catalunya Si Que es Pot eta En Comu Podem ere lanean ari dira erreferenduma gauzatzeko.

Badago uste duenik gizarte zibilaren indarra itzali dela. Ados zaude?

Askok testuinguru hori nahiko lukete, baina, azken hilabeteetan egiaztatu ahal izan den moduan, deialdi bat egon den bakoitzean kaleak bete dira. Gizartearen %80 ari da erreferenduma aldarrikatzen. Eta horrek are beharrezkoagoa egiten du, aritmetika demokratiko bat funtsezkoa baita. Ezin dugu ahaztu Kataluniak berezkoa izan duela beti jendearen konpromiso sendo eta etengabea.

Baina ez duzu uste jendea nekatzen ari dela Espainiako Gobernuaren ezetzarekin?

Hori beste kontu bat da. Ulergarria. Baina egoera honen aurrean pedagogia egin behar dugu, esanez tenkatzen ari diren etengabeko soka hori prozesu subiranistari trabak jartzeko Espainiako Gobernuak duen erreminta besterik ez dela. Beraz, prozesuaren ezaugarri naturala da, eta aurrera egiten jakin behar dugu.

Otsailean, jurista jantzia kendu, eta azaroaren 9ko auzian lekuko gisa deklaratu behar izan zenuen. Nola bizi izan zenuen?

Epaiketa hark ez zuen zentzurik. Noski, jurista izanik, sekulako tristurarekin bizi izan nuen. Prozesu parte hartzaile bat epaitzen ari ziren inongo lotura juridikorik gabe. Beraz, gizarte orok aske izateko eskura duen baliabide bakarra urratzen ari ziren. Arazoa da Espainiako Gobernuak berezkoa duen inboluzioa estali eta legean trabak jartzen ari dela une oro.

Hiru urtez, ERCrekin diputatu independentea izan zinen. Nola eragin dizu politikak?

Ongi. Ohikoagoa izan behar luke alor profesionaletik politikora jauzi egiten dutenen kulturak. Diputatua izan nintzenean, bakarra nintzen; zorionez, gaur egun jende gehiago dago horrela! Edozein modutan, osasuntsua da. Nire esperientziaren arabera, alderdi guztiek arazo bera dute: hierarkizazio handiegia batetik, eta ideien eztabaidak sustatzeko zailtasun organikoa, bestetik. Baina nik asko ikasi dut politikatik.

Itzuliko zinateke?

Tira, ez naiz ausartzen galdera hori erantzutera, bizitzak mila buelta ematen baititu. Gizarte edo legezko militantziatik gatozenontzat, sekulako plaza da publikoa, handik gauzak eraldatu daitezkeelako potentzia ikaragarriarekin. Beraz, garrantzitsua da orokorrean irekita egotea etor daitezkeen aukerentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.