Mikel Piris, 'Mihail Goldfingers'. The Cherry Boppers taldeko musikaria

«Funka minoritarioagoa da orain, baina oso bizirik dago»

Bilboko The Cherry Boppers taldeak funk eta soul uztarketa dantzagarria osatu nahi izan du laugarren disko luzean: 'For Dancers Only'. Gaur aurkeztuko dute, Bilboko Kafe Antzokian.

Mikel Piris —lehena ezkerretik—, The Cherry Boppers taldeko gainerako kideekin. JUANJO MEDIAVILLA / THE CHERRY BOPPERS.
Inigo Astiz
Bilbo
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Rock eta reggae garaietan harrapatu zituen funkak The Cherry Bopperseko kideak. 2004an sortu zen taldea, Bilboko Santutxu auzoan, eta zortzi grabazio lan eta 300 kontzertu inguru eskaini dituzte geroztik. Zazpikotea dira egun, baina hasieratik landutako funk, soul eta jazz doinu instrumentalak jotzen dituzte orain ere. Erritmoa lasaituta aritu dira azken urteetan, baina estudioko laugarren lan luzea kaleratu berri dute orain, For Dancers Only (Gaztelupeko Hotsak), eta, tituluak dioen bezala, entzuleak dantzan jartzea da haien helburua. Gaur aurkeztuko dute zuzenean, Bilboko Kafe Antzokian. 22:00etan hasiko da kontzertua, eta Reverendos taldea ere arituko da oholtzan. «Beroa izango da», aurreratu du saxo jotzaileak, Mikel Piris Mihail Goldfingers-ek.

Maizegi ahazten da musikaren eta dantzaren arteko lotura?

Ez gara kantautoreak, ezta bereziki poesiazaleak ere, ez behintzat proiektu honetan, eta gure helburua da kontzertu beroak egitea. Badauzkagu kanta lasaiagoak, dantza egin gabe ere entzun daitezkeenak, baina gure asmoa da funk eta soul musikaren inguruan dagoen jendearentzako kanta dantzagarriak egitea.

Sasoiko egon behar da, gero, diskoa osatzen duten hamabi abestiak dantzatu ahal izateko.

Ez da orain arte atera dugun diskorik biziena; ez dakit izango den jadanik urte batzuk baditugulako edo zergatik, baina sartu ditugu hiru kantu nahiko lasaiak. Galduta dagoen lotuan dantzatzeko ohitura hori aldarrikatu dugu. Doin Slowly eta Marvin's Night aspaldiko agarrau haiek dantzatzeko perfektuak dira, eta helburu horrekin sortu ditugu: atmosfera hori sortzeko.

Marvin's Night abestiaren tituluan, argi dago Marvin Gaye musikariari egiten diozuela keinu.

70eko hamarkadan, musika sentsualaren totem bat zen Gaye. Oso elegantea. Guri ere asko gustatzen zaigu.

Eta zein dira diskoan ageri diren beste eraginak?

Denetarik dago. Gure erreferentzia nagusia beti izan dira The JB's: James Brownen banda. Asko nabari da hori gure koroetan, harmonia gehiegi egin gabe, The Beatlesen estilotik aparte, eta gitarren riff-etan ere oso nabaria da eragina.

Jimmy Hendrix tanta bat ere bai, agian, tarteren batean?

Bai, izan daiteke. Musika beltzaren inguruan gaude beti, baina oso-oso itxiak izan gabe, eta abestien bukaeran gustatzen zaigu psikodelia apur bat, zoratze puntu hori. Baina badaude jazz tanta batzuk ere: Lou Donaldson, Lonnie Smith... Badago zerbait 60ko eta 70eko hamarkadetan jazz-funkaren inguruan ibili diren guztiena.

Esana duzuenez, rara avis izan zarete denbora luzez, diozuenez, oso gutxi izan zaretelako Euskal Herrian musika estilo hori lantzen duzuen taldeak. Aldatu da hori?

Argi dago estilo hau ez dela gehien zabaltzen dena. Hasieran, Santutxun, mundu guztia rockaren edo reggaearen inguruan zebilenean, jendeak ikusten zuen funka, soula eta are jazza ere sortu nahi zuen talde hori, eta ez zuten ulertzen nondik agertu ziren. Baina 2000. urtearen inguruan Europan egon zen jazz-funkaren eta soularen revival bat, eta 2010. urte ingururako jaialdi pilo batean jo genuen, eta talde asko sortu dira. Halere, ez da estilo oso hedatua, eta Euskal Herrian ez daude talde asko funk musika dantzagarria egiten dutenak. Ez gaude ohituta hainbeste groove entzutera eta gerria hainbeste mugitzera. Hor daude The Allnighters Gasteizen, adibidez, eta Ortophonk ere bai garai batean, eta Priscilla orain Bilbon, baina egia da nahiko minoritarioa dela oraindik ere.

Eta, beraz, zerbait gelditzen da oraindik 2000. urte inguruko revival hartaz?

Zer edo zer bai, jaitsi da, zeren estiloak badatoz eta badoaz, baina estilo guztietan gertatzen den bezala, estilo honetan ere, jarraitzaile direnak oso fidelak izaten dira. Heavy metalarekin ere gertatzen da hori, ezta? Musika horri eskainitako jaialdietara joan, eta pentsatzen duzu: «Aiba! Nondik atera dira hauek denak? Auzoan jada ez nituen ikusten-eta!». Estilo honetan ere egon da sasoi indartsuago bat, eta egin dugu kontzertu pila bat Madrilen, Galizian, Bartzelonan eta beste leku askotan. Modan zegoen orain dela hamar urte. Garaiak aldatu dira, eta orain igual minoritarioagoa da, baina oso bizirik dago oraindik ere. Dantzatu nahi baduzu eta musika beltza gustuko baduzu, hor gaude.

Taldean zazpi musikari zarete, baina lau minuturen bueltan dabiltza diskoko abesti guztiak. Kostatu zaizue neurri horretan mantentzea?

Eutsi behar izan diegu geure buruei, bai. Baina ez gara solista geurekoiak ere, eta dantza bilatzen dugunez, eta jendearekin komunikatzea, ez genituen gehiegi luzatu nahi abestiak. Badaude pare bat kanta labur utzi nahi genituenak, hasi eta buka, eta inork dantza egin nahi eta sartzerako bukatuz gero, ba, hobe hurrengoan hasieratik dantzan hastea.

Orain arte, zeuen kasa atera dituzue diskoak, baina Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kaleratu duzue For Dancers Only. Zergatik aldatu duzue?

Guk atera izan ditugun arren, beti ibili dira zigilu batzuk hurbil. EMI diskoetxearekin egon da kontratu moduko bat, eta atera genuen disko bat haiekin erdizka bezala, baina beti mantendu dugu autoprodukzioaren kutsu hori. Baina aurten argi ikusi dugu: gogoa geneukan Gaztelupeko Hotsak-ekoekin egiteko. Esaten da gaur egun hilda dagoela diskoetxeen mundua, baina Gaztelupeko da salbuespen oso interesgarria, zeren hor jarraitzen baitute gauzak eskaintzen, eta horrek lagundu egiten du taldea. Oso pozik gaude eurekin.

Gaurko kontzerturako, dantzarako zapatak eramatea komeni?

Beroa izango da. Urteak daramatzagu jotzen bai guk eta bai Reverendos-ek, eta biok eman dugu denbora bat zuzenekoetatik apurtxo bat alde eginda. Gau potentea izango da, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.