Faustin Linyekula. Koreografoa

«Azkenean, edertasunarekin garatu dugu erresistentzia»

Iruñean izan da Faustin Linyekula, Afrikako koreografo miretsienetakoa. Bere artearen bidez Kongoko Errepublika Demokratikoko egoera aldatzen lagundu nahi duela adierazi du.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Afrikako koreograforik miretsienetakoa da Faustin Linyekula (Ubundu, Kongoko Errepublika Demokratikoa, 1974). Bere herrialdean oso hedatua dagoen «etsipenaren» aurka, esperantza mezua zabaldu nahi du More, more, more... future (Etorkizun... gehiago, gehiago, gehiago) ikuskizunaren bidez. Artea subertsibo izateko «ezinbesteko» tresna dela uste du. Egun hauetan, Iruñean da. Nafarroako Dantza Garaikidearen jaialdiaren barruan, bere azken ikuskizuna aurkeztu du.

More, more, more... Future ikuskizunarekin, etsipenaren aurkako mezua hedatu nahi duzu.

Gure azken ikuskizun honetan, gure gizartean, Kongoko Errepublika Demokratikoko gizartean, herri musikak duen tokiaren inguruan hausnartzen dugu. Jendearen eguneroko bizitza aztertzen dugunean, agerikoa da etsigarria dela. Desesperazio horri aurre egiteko, askotan, musika tradizionala erabiltzen da; gauzak gaizki doazela ahazteko. Guk nahi dugu musika mota horrek, egoera txar hori ahazten baino gehiago, aurre egiten laguntzea, borrokarako indarra ematea, alegia.

Baina punk musika ere bada zuen ikuskizunaren funtsa, ezta?

Ikuskizun honetan, galdera bat proposatzen dugu: posible da Kongoko Errepublika Demokratikoan punk musika egitea? Eta punk musika egitea posible balitz, zein izango litzateke gure leloa? Badakigu 1970eko hamarkadan, Ingalaterran, musika mota horrek etorkizunik ez zegoela salatzen zuela. Nire herrian etorkizunik ez dagoela esango banu, sistema erreproduzitzen ariko nintzateke. Beraz, Kongon, subertsibo izateko modu bakarra eraikitzailea izatea da.

Zuen herrialdeko historia latza dela eta, ez da batere erraza izango halako mezu baikorra hedatzea.

Ez. Gurean ustelkeria ekonomikoa eta politikoa izugarria da. Gainera, egunero, sekulako hilketak izaten dira. Erietxeak suntsituta daude, eta eskola asko, itxita. Baina guk edertasunez betetako espazio bat proposatzen dugu. Azkenean, edertasunarekin garatu dugu erresistentzia.

Iruñera ekarri duzuen lana erakusterik izan duzue Kongon bertan?

Ikuskizun hau hainbatetan egin dugu Kongon. Joseph Kabila herrialdeko presidenteari kargua uzteko eskatzen ez diozun bitartean, dena ondo dago zentsurarentzat, gobernuarentzat eta autoritateentzat. Esan liteke ez dutela behar adinako sentsibilitatea poesiarekin, eta horregatik ez dutela gure aurka egiten. Zentsura beti ibiltzen da poesia baino apur bat atzerago. Baina, zenbaitetan, pasatu izan zaigu herrialdeko kazetariek presidentearen inguruan galdera zuzenak egitea, guk «egokiak» ez diren adierazpenak emateko. Baina kongoar guztiok dakigu zer dagoen, ez dago esan beharrik.

Zein ekarpen egiten dio dantza tradizionalak dantza garaikideari?

Egiten dudan guztia garaikidea da, berdin du zer den, musika, dantza edo poesia. Nire ustez, dantza garaikidea jarrera bat da, munduarekin eta medioarekin dudan harremana adierazteko modu bat. Neure buruari galdetzen diot zer naizen, eta orduan ohartzen naiz gauza askoren nahasketa naizela. Asko baitut txikia nintzela amonak kontatzen zizkidan ipuin haietatik ere.

Zenbaitetan esan duzu kulturak ez duela izan behar tripa aseta dutenentzako luxua.

Jende askok eta, batez ere, atzerritarrek galdetzen didate ea garrantzitsua den jendea gosez dagoen herrialde batean artearen munduan aritzea lanean. Nik erantzuten dut batez ere horregatik dela ezinbestekoa artean aritzea. Izan ere, horren bitartez begiratu dezakegu aurrera, eta aukerez jabetzeko modua ematen digu. Ez badugu aurrera egiteko arte espaziorik, orduan bai egongo garela benetan hilda. Horregatik, Kinsangani hiri kanpoaldeko auzoetan tailerrak ematen ditugu. Parte hartzaileei, lehenengo, jan al duten galdetzen diet. Jan ez badute, jaten ematen diet, baina, ondoren, etorkizunera begiratzeko aukera eskaintzen diet.

Duela hainbat urte, Kabako Estudioa jarri zenuen abian. Zein dira estudio horren helburuak?

Hasieratik genekien horri estudioa deituko geniola, eta ez konpainia. Jendea elkartzen den toki bat da, bila eta trukean ibiltzeko prest dagoen jendea. Batzuetan aurkitzen dute nahi duten hori, eta beste batzuetan ez. Galderak egiten ditugu, eta hori da garrantzitsuena. Frogatzen dugu posible dela Kongon lan egitea, bizitzea. Are gehiago, Kongon etorkizuna izango dugula irudikatzen dugu. Hori da Kabako Estudioaren funtsa. Bost urtean egoitza fisikorik gabe egon gara, eta, lan asko egin ondoren, lortu genuen. Orain, beste bat abian jartzekotan gara.

Beraz, tinko jarraitzen duzu Kongo aldatzeko nahi horretan?

Bai, inolako zalantzarik gabe. Kinsanganin 200.000 lagun bizi gara. Ni txikia nintzela joan nintzen hara bizitzera, 1980ko hamarkadan. Orduan ez zen iturriko urik, eta gaur egun ere ez. Hortaz, nazioarteko itzulien bidez lortzen dugun diruarekin, edateko uraren araztegi bat jartzekotan gara. Artea ekoitzi badezakegu, ura ere ekoitziko dugu. Hala, urtebeteren buruan, egunero 10.000 laguni edateko ura jarriko diegu eskura. Familiei dituzten diru iturrien arabera ordaintzeko eskatuko diegu; hori negoziatzen ari gara orain. Garrantzitsua da aurrera egiteko herri mailako mekanismoak martxan jartzea, askok kontrakoa uste arren Kongon bada-eta etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.