Francisco Navarrete. Artista

«Artea eratzeko prozesua da interesgarria, ez emaitza»

Ultzama eta Arga ibaien ibarretan bizi diren komunitateetako kideen harremanak sendotzeko arte egonaldi bat egin du Francisco Navarretek Uharteko Arte Garaikideko Zentroan.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Testuinguru artista da Francisco Navarrete (Santiago,Txile, 1986). Arte bilakatzen ditu materiala eta informazioa biltzeko prozesua, eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroan (Nafarroa) iragan urtean Zeharkako estetikak / Ekosistema periferikoak gaia lantzeko egonaldi bat eskuratu zuen. Urrian gauzatu zuen lehen zatia, eta joan den astean bigarrena. Navarreteren lanaren funtsa Arga eta Ultzama ibaien inguruan dauden komunitateen harremanak sendotzea izan da.

Zure artearen funtsa material bilketa dela diozu. Zer egiten duzu, zehazki?

Nire praktika artistikoan, testuinguru artearekin lotura duten proiektuak soilik egiten ditut. Lehiaketa batera aurkezten naizenean, ahalik eta informazio gehien biltzen saiatzen naiz. Interneteko baliabideek izugarri laguntzen dute horretan. Lana prozesu baten modura antolatzen dut. Ez dut ideia jakin bat bilatzen. Nire asmoa ez da informazioa biltzea eta gero liburu bat kaleratzea. Ikerketa prozesuak eragiten duena da niretzat erakargarriena.

Joan den urrian, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan egonaldi bat egin zenuen ekosistema periferikoen inguruan ikerketa bat garatzeko. Zein zen ikerketa horren funtsa?

Ultzama eta Arga ibaiek Uharte, Atarrabia eta Burlatako komunitateak batzeko balio duten ebaztea da ikerketaren muina. Urrikoa lehenengo egonaldia izan zen, eta material bilketa handia egin nuen. Ibaiekin lotutako material sinbolikoa batzen lagunduko zidaten eragileak topatzen hasi nintzen. Helburua argia zen: komunitatea berpiztea ibaiarekin zuen harremana berrezartzeko. Elkarrizketa bat eratu nuen ibaiarekin lotutako baliabide ezberdinekin. Baliabide asko lortu nituen: soinu artxiboak, argazkiak, margolanak eta poemak batez ere.

Zer-nolako harremana dute Uharteko, Atarrabiako eta Burlatako herritarrekibaiekin?

Ibaiak gainezka egiten duenean sortzen dena da bereziki erakartzen nauena. Gainezka egitearen ideia birpentsatu nahi izan dut. Komunitatearentzat oso garrantzitsua da ibaia. Baina egia da eragin handia duela. Azken mendean ibaiak gainezka egindako momentuak ikertu ditut. Izan ere, lehen, fenomeno horrek eragin positiboa zuen komunitatean. Inguruan zeuden baratzeak lohiz betetzen ziren, eta primerako ongarria izaten zen. Orain ez da modu horretan ikusten, eta horregatik du zentzua nire lanak.

Periferiako testuinguruan jarri duzu arreta. Zergatik erakartzen zaitu?

Normalean, alor horretan egiten dut lana. Erdigune urbanoan ez dauden arazoak daude periferian, eta horregatik da niretzat horren erakargarria. Periferian bestelako bizitza dinamikak daude, denborak beste balio bat du, eta baita espazioak ere. Uharten, Atarrabian eta Burlatan hori guztia agerian gelditzen da, ibaiaren ibarretan dauden baratzeetan, batez ere. Hori pentsaezina da hiri baten erdigunean.

Lehen egonaldian batutako informazioa ikusgai jarri zenuten erakusketa batean.

Nire kasuan ez da batere ohikoa, baina beharrezkoa zela iruditu zitzaidan utzitako materiala ikusgai jartzea. Azken finean, erakusketak komunitatearen harremanak sendotzeko balio zuela konturatu nintzen. Normalean, lana ez dut egiten emaitzan pentsatuta. Artea eratzeko prozesua da benetan interesgarria, ez emaitza.

Iragan astean amaitu zenuen egonaldiaren bigarren atala. Zein izan da egonaldi horren oinarria?

Lehenengo egonaldia baino askoz ere laburragoa izan da, astebete iraun baitu. Urtarrilaren 29tik otsailaren 4ra bitarte, hainbat ziklo eta ikastaro eskaini ditugu, betiere txikienei zuzenduta. Aurreko egonaldian bildutako materiala abiapuntu gisara hartu, eta material berria sortzea izan da helburua. Elkargune berri bat sortu nahi izan dut, komunitatea indartu eta sendotzeko ideia hori giltzarri dela.

Askorentzat zaila da ulertzeasorkuntza prozesu baten ondotik ez dela emaitzarikizango. Errealitate horrek artista modura kezkatzen zaitu?

Arte ekoizpena prozesu itxi baten gisan ulertzen da, eta obra amaitzean bukatzen da. Uste da artista behartuta dagoela zerbait ekoiztera. Baina azken 40-50 urtean, agerian gelditu da badirela bestelako praktika artistiko batzuk. Dagoeneko ez dela garrantzitsua amaierako objektua. Ikerketa prozesu batean sortzen diren dinamikak dira garrantzitsuena. Hala ere, aitortu behar dut nire egonaldiko lehenengo etapan egin genuen erakusketak oso denbora gutxi iraun zuela. Gehiago iraun izana nahiko nukeen, baina epeak laburrak ziren. Esan daiteke erakusketa hori ez dela batere ohikoa nire ibilbidean, salbuespena izan zela.

Orduan, komunitatean loturak eragin ondoren bildu duzun informazioa eta dokumentazioa galdu egingo da?

Luzera begira, oraindik datarik ez dago, baina bada batutako informazioa liburu batean jasotzeko ideia. Artista baten liburua izatea nahi dugu, komunitateari opari modura emateko liburua. Kasu hori ere amaierako emaitza duen prozesu bat izango litzateke. Ulertzen dut jendeari zaila egiten zaiola fokua prozesuan jartzea, baina nire obra ekintzetan dago. Artista mitifikatuegia dagoela iruditzen zait; ez gara inondik inora jenioak. Nik marko bat proposatu dut, eta marko hori komunitateak osatu du. Nik bezainbeste hartu du parte, gainera. Nik bezainbeste egin du posible komunitatea sendotzeko prozesua. Horregatik mintzatzen naiz zeharkako estetikez, edozeinek gauza ditzakeelako. Horrek eskuragarriago jartzen du guztia, baita artea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.