Jeronimo Martin. Musikaria

«Abestiak sortzean, nahi nuena jo dut aldiro, beldurrik gabe»

Etxeko pianoan inprobisatu eta grabatutako abestiekin 'Capturas' diskoa argitaratu du Jeronimo Martinek. Ibilbideko hirugarren disko honetan, bakarlari moduan egin du lan.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
2016ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
2012ko abuztuan, etxean lau egunez sartu, eta, pianoa lagun, inprobisazio ariketa intimo eta berezia egin zuen Jeronimo Martin musikagileak (Bilbo, 1974). Unean-unean gal zitezkeen egun horietan sortutako melodiak, baina Martinek grabatu egin zituen, etorkizunean entzuteko asmoarekin. Urteak igarota, uda berezi horretako fruitu ziren doinuek indarra bazutela ikusi zuen musikariak, eta Capturas diskoa argitaratu zuen urte amaieran.

Hirugarren diskoa duzu Capturas, bakarka egindako lehena; zergatik bakarka oraingoan?

Aurretik pentsatu gabeko proiektua izan da. Duela urte batzuk, nire kontura sortu eta grabatzeko beharra sentitu nuen. Dena kasualitatez gertatu zen; abestiak grabatu nituenean, ez nuen disko bat grabatzeko asmorik, inprobisatu eta sortutako hori grabatzeko asmoarekin hasi nintzen, besterik gabe.

Inprobisatutako sei abestirekin osatu duzu diskoa; zaila al daunean-unean sortzea?

Ni neu naiz lan honen emaitzarekin harritu den lehena. Disko honetan dena da inprobisatua, abestietatik hasi eta argitalpeneraino. Abestiak ez dira estudio batean grabatu, neronek etxeko pianoarekin une berezi batean sortu eta bildutako doinuak dira. Beraz, bai, zaila da inprobisatutako doinuekin diskoa grabatzea; baina oraindik zailagoa iruditzen zait kontzertu batean inprobisatzea.

Zuzenean inprobisatutako kontzertua emateko prest egongo zinateke?

Dudarik gabe, hori da oraintxenire erronka nagusia. Denbora asko ibili naiz disko hau justifikatzeko moduan pentsatzen; abesti horiek ez nituen argitaratzeko sortu, baina, behin diskoa aterata, entzuleei zerbait gehiago eskaintzeko beharra sentitu dut. Normalean, musikari batek disko batateratzen duenean, jarraian kontzertua eskaini ohi du. Kasu honetan, prozesu hori ez da horrelaizango, grabatutako abestiak inprobisatuak izanik, ez duelako zentzurik horiek berriro jotzea. Beraz, hilaren 19an, Durangoko musika eskolan emango dut nire lehen kontzertu inprobisatua. Erronka benetan handia izango da niretzat.

Inprobisatzerakoan, ez dagoatzera bueltarik; horrek teknika handia eskatzen du?

Grabatzean egin daitezke atsedenak, eta grabatutakoa entzun ondoren, aukeraketa bat egin dezakezu. Zuzenekoan ez dago halakorik egiterik. Dena den, diskoaren kasuan, grabaketa egitearen lehen asmoa etxeko soinuaren kalitatea ezagutzea zen, besterik gabe. Hala, ordenagailu bat eta bi mikrofono hartuta, lau egunetan etxeko pianoan inprobisatu eta soinuak grabatu nituen, ondoren argitalpenik egiteko asmorik gabe. Beraz, abestiak sortu nituen unean ez nuen beldurrik sentitu, unean-unean nahi nuena jo nuelako, inolako helbururik gabe, pentsatu gabe, aldez aurretik ezer prestatu gabe. Jolas baten moduan sortu nituen abestiak, eta asko disfrutatu nuen sormen lan horrekin. Barrutik oso libre sentitu nintzen doinu horiek sortzerakoan.

Diskoan bildutako abestiak intimoak dira, biluzik daudela dirudi; jo aurretik ba al duzu buruan sortuko duzunaren ideiarik?

Ez dut ezer planifikatzen, inspirazioa datorrenean jotzen hasten naiz, eta unean-unean barruan dudana ateratzen dut. Aurreko diskoetan musika aurretik konposatutakoa zen, eta disko honetan inprobisazioak direnez, zuzenagoak dira, barru-barrutik sortuak, eta intimitate hori heltzen zaio jendeari.

Zerk inspiratu zintuen abestiak sortu zenituenean?

2012ko uda nahiko berezia izan zen niretzat; abuztu horretako lau egun hartu nituen abestiak sortzeko, eta, urteak pasatuta, orduan grabatutako musika entzutean konturatu nintzen horretaz. Inprobisazioa oso garrantzitsua izan da niretzat betidanik; uda horretan ezagutu nuen Lawrence D. Morris Butch Lisboan, inprobisazio ikastaro batean. Conduction kontzeptuaren asmatzailea izan zen Butch. Ikastaro horretan hogei bat musikari bildu ginen, eta esperientzia oso berezia izan zen niretzat. Zuzendaritza ikastaro bat ere egin nuen uda horretan. Ikastaroek barruan zerbait esnatu zuten nigan, eta, sentipen horiek kanporatzeko, gogo handiz grabatu nituen sormen lanak.

Diskoa ez zenuen iaz arte argitaratu. Zergatik?

2012ko abuztuan sortu nituen melodiak, eta gorde egin nituen iaz arte; grabazioak CD batera pasatu nituen, soinua ondo entzuteko, eta une horretan konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala grabatutako hori, eta merezi zuela jendeak entzutea. Denbora dezente pasatu nuen buruari bueltak ematen, ez nuelako argi diskoa ateratzea komenigarria ote zen edo ez. Hasieran ez nintzen guztiz fidatzen, baina denbora pasatuta, argitaratzeko ilusioa handituz joan zen. Ez naiz batere damutzen; alderantziz, pozik nago.

Estilo, erritmo eta luzera askotako abestiak sortu dituzu; loturarik badute?

Esango nuke badutela harremana. Denak ordena kronologikoanbildu ditut, beharbada kasualitatez, ez nago ziur. Egun berean grabatutako inprobisazioek badute lotura, azken finean, une berean sortu nituelako.

Zuzenean inprobisatzearekin batera, zein da zure etorkizuneko erronka?

Batetik, musika ikasten eta ikertzen jarraituko dut, eta baita konposatzen ere. Bestetik, seikoteberri bat osatzea gustatuko litzaidake, eta inprobisazioaren munduko beste musikariekin kontzertuak eskaini. Horretarako, hainbat musikarirekin harremanak sakontzen nabil, inprobisazio librea landu nahi dutenekin proiektuak egiteko. Bestalde, Walter Thompsonek asmatutako soundpainting teknika lantzen nabil beste musikari batzuekin.Oso teknika erabilgarria da inprobisazioa lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.