Ghedalia Tazartes. Musikaria

«Zinten gainean margotzen duen musikaria baino ez naiz»

Ez dira ohikoak musika sortzeko arrazoi nagusia ezintasuna dela onartzen duten musikariak. Horietakoa da Ghedalia Tazartes artista paristarra. Ertz jaialdian izan da egunotan.

MARTIN ARGYROGLO.
Xabier Erkizia.
Bera
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Musika sortzearen artea tresnak nahiz teknikak behar bezala menperatu edo musikaren estiloak berritzeko gaitasunaren arabera neurtzen dela ikasi dugun gizarte honetan, bere modura, Ghedalia Tazartesek (Paris, 1947) erresistentzia adibide interesgarri bat erakusten du. Jatorri ladinoa duen artista pertsonal honen musika entzutea nahikoa da hortaz konturatzeko. Tazartesen musika, aspalditik irekita geratu eta sekula guztiz sendatu ez ziren zauriekin eta orbainekin egina dago. Garai bateko mamuak garraiatzen eta biziarazten ditu bere musikaren bidez: «Nire amatxi hil zenean hasi nintzen abesten. Amatxik aunitz maite ninduen, baina ni ez nintzen beharbada berak desiratuko lukeen biloba maitagarria. Errebelde hutsa nintzen umetan. Eta soilik amatxi hil zenean konturatu nintzen zenbat zor nion, eta diodan oraindik. Beranduegi, jakina. Ez diot sekula barkatu neure buruari amonak nirekin izan zuen pazientzia guztia behar bezala ez eskertu izana. Ezintasun edo min horrek bultzatuta hasi nintzen kantari».

Baina ezintasunetik lanbide bihurtu zenuen musika; nola gertatu zen hori?

Ez dut sekula jakin zein den nire eginbeharra bizitza honetan, baina ia beti jakin izan dut zer ez dudan egin nahi. Garai batez faktoria batean ere egin nuen lan, nagusiki iraultzailea izan nahi nuelako, baina ez zen esker oneko lana, eta ez nuen inolako plazerik topatzen bertan. Beraz, artista izan nahi nuela erabaki nuen. Horrela hasi nintzen marrazten, margotzen eta aldi berean kasete txiki batekin kantuak sortzen eta grabatzen. Lagun bati nire lana erakutsi nionean, hark erran zidan kantuak egiten marrazten baino hobea nintzela, eta, hasieran hori onartzeak min handia egin bazidan ere, denborak arrazoia eman ziola uste dut.

Geroztik, musika konkretua eta folk musika hagitz modu berezian nahasten dituen musika sortu duzu, berdin diskoetarako nahiz dantza ikuskizunetarako. Nahasketa ez da batere ohikoa, nolatan iritsi zinen zure mundu pertsonal hori sortzera?

Berriz ere traumak. Nerabe nintzela, nire lagun onenak gitarra erosi zuen. Edozein proposamen egiten nionean, berak ezezkoarekin erantzuten zidan aldioro: gitarra jo behar omen zuen. Halako jakin-mina eta ezintasuna sortu zidaten bere ezezkoek, egun batez bere musika erakusteko eskatu niola. Nire harridurarako, soilik Soft Machineren edo Doorsen bertsioak jotzen zituen! «Non dago zure musika?», galdetu nion lagunari. Zergatik jo dagoeneko existitzen den musika? Eta holaxe, ia-ia mendekuz hasi nintzen nirea izango zen musika baten bila, eta hura jendaurrean erakusten. Ez nekien musika tresnarik jotzen; beraz, kaseteak eta ahotsa erabiliz hasi nintzen lanean.

Baina musika konkretua edo zintekin egindako musika jada tradizio jakin bateko musika zen Frantzian...

Bai, noski! Eta nik ez nekien ezer hortaz! Ez zen kontzienteki hartutako erabakia izan. Rock musikarekin izan nituen esperientziek aspertu ninduten, eta nire kabuz hasi nintzen zinta magnetikoekin lanean. Egun batez, musika konkretu emanaldi batean bukatu nuen, kasualitatez, eta izugarrizko shocka izan zen niretzat. Musika egiteko modu berriak asmatzen ari nintzela uste nuen, eta hori dena jada asmatuta zegoen! Laster, Michel Chion konposatzailearen bidez GRM (Groupe de Recherche Musicale) estudio historikoa ezagutu nuen. Baina ez ninduten nik pentsa bezala onartu. Nire egiteko moduak informalegiak ziren hango kutsu akademikoko konposatzaileentzat. Erraterako, François Baylek nire musika gorroto zuen, eta kanpaina oso bat egin zuen nire kontra. Beraz, gutxi iraun nuen mundu horretan. Gusturago nago langileen ostatu batean, konposatzaile intelektualen foroetan baino.

Ez dakit kokatzeko zailtasun horren eragina den, baina oraindik gaur egun zaila da zuri buruzko informazioa topatzea sarean. Beti halako aura misteriotsu batekin aurkeztu izan zaizu jendaurrean. Zergatik?

Ez dago sekreturik. nire adinarengatik eta nire izaerarengatik, ez naiz ordenagailu batekin lan egiteko gai. Bertzerik gabe, ez naiz gai pantaila baten aurrean orduak pasatzeko! Badakit gaur egun musikari askok beren logeletatik egiten dutela lan, baina nik hori egiten pasatu ditut 40 urte. Eta hara!, orain, aitzindaria naizela erraten didate!

Eta eskertzen duzu onarpen hori?

Egia errateko, ez diot arretarik eskaintzen. Musika xinplea egiten dut. Nire erlijio guztietako, aunitz baititut barruan, izpiritu eta jainkoentzako musika egiten dut. Batzuetan, gazte sentitzen dut neure burua, bertzeetan zaharregi, batzuetan handi, bertzeetan txiki, batzuetan kantari naiz, bertzeetan konposatzaile... baina beti nire barrualdean egoten saiatzen naiz, ez dut neure burua kanpotik ikusteko inolako interesik. Horregatik, ez dut ordenagailurik.

Bizirik dirauen bertze garai bateko gizakia zarela erran nahi duzu?

Gure aitak Auschwitzetik bizirik ateratzeko zortea izan zuen. Baina hango mamuekin bizi izan zuen bere bizi guztia. Hortaz, ni, bizirik atera zen pertsona baten semea baino ez naiz, eta nirekin daramazkit mamu horiek guztiak. Ghedalia aunitz dago nire barrenean. Eta denak dira ni. Talde oso bat daramat barrenean, eta harekin egiten dut musika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.