Carlos Olaetxea. Gipuzkoako Foru Aldundiko goi teknikari arkeologoa

«Koba guztiak babestu nahi genituzke, baina ez da posible»

Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriaren bidez, «dezente hobetu» da Gipuzkoako ondare arkeologikoaren babesa, Carlos Olaetxea goi teknikari arkeologoak jakinarazi duenez.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
2016ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Gipuzkoako ondare arkeologikoa ahalik eta gehien babestea gustatuko litzaioke Carlos OlaetxeaGipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamenduko goi teknikari arkeologoari (Berastegi, Gipuzkoa, 1962). Orain gutxi, Eusko Jaurlaritzak kaleratutako dekretu baten bidez, Gipuzkoako 290 haitzulo lehen baino babestuago daudela irizten dio. Ohartarazi duenez, ondare arkeologikoaz ezagutza falta handia dago, eta azken urteetan salaketak aurkeztu dituzte Fiskaltzan, hainbat haitzulotan baimenik gabeondasunak lurpetik atera dituztelako.

Gipuzkoan ezagunak dira ondare arkeologikoa duten haitzuloak. Nolakoa da haien babesa?

Orain dela gutxi arte, Gipuzkoako lurraldeari dagokionean, haitzuloen babes maila nahiko eskasa izan da. Aztarnategi ezagunak zituzten haitzulo asko deklaratu gabe zeudelako, batez ere. Gipuzkoako 290 haitzulotako asko babesik gabe zeuden. Eusko Jaurlaritzak katalogazioak egiten ditu babesa emateko. Guk Gipuzkoako Foru Aldunditik 2008an eskaera egin genuen, eta horri erantzunez, duela gutxi 102 kobazulo inbentariatu eta kultur ondare gisa zerrendatu ditu. Horri esker, dezente babestu dira. Horrez gain, badira goi mailako babesa duten haitzuloak. Modu horretan babestu dira haitzulo asko. Etorkizunean, beste haitzulo batzuetan margo paleolitikoak azalduko balira, automatikoki babes gorena aitortuko litzaieke.

Bada ondarea izendatzeko hirugarren maila bat, balizko eremu arkeologikoa deiturikoa. Denera, 151 daude. Maila horretan ez da kobazuloa fisikoki babesten, baina behartzen da indusketa arkeologikoa egitera. Esaterako, balizko eremu arkeologikoan dagoen kobazulo bat harrobi baten barnean azalduko balitz, oso-osorik induskatu beharko litzateke. Ondoren, kobazuloa suntsitu ahal izango litzateke.

Balizko eremu arkeologiko izendapenak eraginik badu eraikitzekotan diren azpiegitura berrietan?

Bai. Balizko eremu arkeologiko batetik autobide bat igarotzea aurreikusten bada, eraikitzen hasi aurretik indusketa osoa egitera behartzen du dekretuak.

Bestalde, babes gorena duten haitzuloak suntsitzeko aukerarik bada?

Ez, inolaz ere ez, ez babes gorena ezta babes ertaina dutenak eta ezta inbentariatuta dauden 102 haitzuloak ere. Egoera horretan dagoen ezagunena, ziurrenik Praileaitz I haitzuloa da.

Zer-nolako babesa dauka?

Praileaitzen kasuan talka bat dago, ondare historikoaren eta harrobiaren interesen artean. Epaitegietara jo eta enpresak irabazi zuen. Jaurlaritzak ia 18 milioi euroko kalte-ordaina eman behar izan zion Sasiola harrobia ustiatzen duen enpresari. Gaur egun, Kosta Legeak babesten du haitzuloa. Gipuzkoako Foru Aldunditik ikuspegi teknikoari begiratuta soilik, gehiago babestea nahiko genuke. Horregatik eskatu genuen Praileaitzi 100 metroko babesa aitortzea, baina oraingoz hori ezinezkoa da, eta 50 metrorekin dago babestua. Hala ere, Foru Aldunditik zaintza eta jarraipena egiten dugu kobazulo barruan dagoen sismografoaren bidez, harrobiko leherketen neurriak eta beren eraginak ezagutzen ditugu.

Jaurlaritzaren dekretuaren arabera, inolako babesik gabe 30 koba gelditu dira. Horien artean bada balio berezia duenik?

Arrasateko [Gipuzkoa] Lezetxiki dago egoera horretan. Badakigu Eusko Jaurlaritza kalifikatzeko tramiteak egitekotan dela eta babes gorenarekin babestuko duela. Hain zuzen ere, lehengo egunean, AHTaren obrako arduradunekin eta Ingurumen Zuzendaritzako kideekin izan nintzen Lezetxiki haitzuloan. Trenaren ibilbidetik 70 metrora dago gutxi gora behera. Oso kasu berezia da. Desagertzeko zorian egon zen, trenaren lehenengo proiektua gain-gainetik pasatzen zelako. Alvaro Arrizabalaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak berak helegitea aurkeztu zuen, eta ibilbidea aldatu zuten Lezetxiki ez suntsitzeko. Lanen arduradunei koba erakutsi nienean, ikusi zuten zer garrantzizko gauzak zeuden eta harrituta gelditu ziren.

AHTa bezalako lan handietan, bada ondare arkeologikoa zaintzeko protokolorik?

Bai, arkeologo talde bat dago kontratatuta lur mugimendu eta leherketa guztiak gertutik zaintzeko. Kobazulo bat azaltzen denean, obra gelditzen da. Indusketaren bidez, goitik behera begiratzen da zer dagoen.

Labetxikiren kasuaren justu kontrakoa gertatu zen Labeko kobarekin. Arrasaten saihesbide bat egiteko indusketa egin eta suntsitu egin zuten. Haitzuloa suntsituta ez da errealitatea interpretatzea zailagoa?

Guk koba guztiak babestu nahi genituzke, baina ez da posible. Kobazulo bat suntsitu egingo badute, eta beste erremediorik ez badago, ahalik eta informazio gehien ateratzen saiatzen da. Hala ere, indusketak egiten direnean, lekukoak uzten dira, aurrerago, metodo hobeak izatean, informazio gehiago ateratzeko aukera izan dadin. Baina, indusketa guztia egin eta haitzuloa suntsitzen bada, hori ezin da egin.

Ondare arkeologikoaren balioaz zer-nolako kontzientzia dago gizartean?

Ondare arkeologikoaren balioaz kontzientziazioa falta da. Salaketak aurkeztu ditugu azken urteetan Fiskaltzan, kobazuloetan lege urraketak izan direlako. Sartu izan dira aitzurrarekin, zuloak egin eta hezurrak atera izan dituzte inolakoa baimenik gabe. Ez dakigu ezjakintasuna den edo badakiten zertan ari diren. Ezagutza falta handia dago. Badakigu haitzuloak hor daudela, baina ekologiarekin alderatuta kontzientziazio mailan oso atzeratuta gaudela uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.