Albistea entzun

Durangoko 51. Azoka. Azokako beteranoak. Pello Elzaburu eta Lucien Etxezaharreta. Pamiela argitaletxeko arduraduna eta Maiatz argitaletxeko arduraduna

«Zarata dela eta, boza galtzen dugu egunaren hondarrerako»

Euskal kulturaren «periferiako ahotsa» osatzen duten argitaletxeetako arduradunak dira biak. Irakurleen 'feedback'-a jasotzeko ezinbesteko deritzote azokari, «negozio eta elkargune».
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2016ko abenduak 4 - Durango

Berrogei urtetik gora igaro dira Durangoko Disko eta Liburuen Azoka aurrenekoz zapaldu zutenetik, baina ez dute oroitzen zein urte izan zen estreinakoa. Lucien Etxezaharreta kazetari eta Maiatz argitaletxeko arduradunak (Urkodoi-Hazparne, Lapurdi, 1946) eta Pello Elzaburu Pamiela argitaletxekoak (Alegia, Gipuzkoa, 1956) aspalditik elkar ezagutzen dute. Eta jarraitzen dute lanean orain Durangoko Azoka den horretan.

Nola oroitzen duzu azoka zapaldu zenueneko lehen aldia?

PELLO ELZABURU: Ezin dut zehaztu urtea; 1970eko hamarkadaren hondar samarrean izan zen, hori bai. Durangoko eliza aterpea dut gogoan, hor egiten baitzen azoka, eta bi sentsazio: hainbeste liburu euskaraz eta hotza, eguraldi hotza, baina gu hunkiturik.

LUCIEN ETXEZAHARRETA: Nire lehen irudia da jende multzo zabal hori, eta euskararen burbuila handi bat, irakite bat.

Esperientziaren talaiatik: azoka da ala elkargune da?

P. E.: Biak dira. Ezin dugu ezkutatu, guretzat ekonomikoki bultzada bat da. Gure eskalan, urteroko sarreren %10 Durangon sartzen dira, gutxi-asko. Eta horrek lanpostu bat gehiago ala gutxiago izatea esan nahi du.

L. E.: Negozioa eta elkargunea, eta bereziki iparraldetik ikusita, euskararen erakuste bat.

P. E.: Bi editore periferiko gara, eta guretzat oso garrantzitsua da jendearen feedback-a sentitzea.

Norekin izan duzu solasaldi interesgarriena urteotan?

P. E.: Nik iltzatua daukat barruan Xabier Lete 2008an Egunsentiaren egun izoztuak sinatzera etorri zenekoa. Beretzat susperraldi moduko bat izan zen. Emozio bizia sentitu nuen.

L. E.: Autoreekin orobat. Egile saldo zabal bat eskura izatea ederra da, eta literaturazale gazteekin ere bai.

Norekin dituzue trago batzuk hartzeko?

P. E.: Joseba Sarrionandiarekin; hemen egotea gustatuko litzaidake. Elizpeko aldi haietatik Landakora pasatuko da zuzenean, eta zein aurpegi jartzen duen ikustea...

L. E.: Irratilaria naiz, eta bisitari ezezaguna ezagutzea izaten dut gogoko. Haren erantzuna zait interesgarria, zer irakurtzen duen jakitea.

Zein da azokan bizi izan duzun une desatseginena?

P. E.: Ez dut izan une bereziki desatseginik pertsonalki.

L. E.: Zarata uneak! Noizbehinka bizi izaten ditugu, eta deserosoak dira oso. Ez dakit nola negoziatu antolatzaileekin zarata gutxiagorekin hobeki hitz egiten ahal dela jendearekin. Boza galtzen dugu egunaren hondarrerako.

Durangoko Azokako bihotzeko txokoa?

L. E.: Plateruenako txoko hori maite dut. Handi, zahar, gazte, aberats, pobre... denak berdintzen dira hor, zarata handiaren erdian.

P. E.: Garai batean, pamielakideok biltzen ginen La Gipuzkoana jatetxean, eta ohitura hori galdu egin dugu guk geu. Faltan sumatzen dut...

Urteotako guztiotako kantu bat eta liburu bat?

P. E.: Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori kantua gure nortasunaren eta kulturaren ereserki bilakatu da ia-ia. Eta liburua... gure argitaletxearentzat, periferiatik erreferente bilakatu zelako, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea plazaratzea izan zen oso berezia.

L. E.: Nik sarri entzun izan dudana Durangon eta gogoz oroitzen dudana Xabier Leteren Nafarroa arragoa da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago»

Itziar Ugarte Irizar

Mundu baten bukaera bizitzearen kontzientziaz eta pertsonala eta kolektiboa «harmonizatzeko» nekeaz aritu da 'Landura' lan berrian. Hamargarren poema liburua du, eta, bide horretan, komunitate bati idaztearen sentipena izan du lagun.
Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

Naroa Torralba Rodriguez

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.