Aste Nagusiko jai eredua indartu egin dela dio Bilboko Bilduk

«Errealitatea onartzeko» eta «festak ez zapuzteko» eskatu dio PPri Aitziber Ibaibarriagak

Aitziber Ibaibarriaga, atzo, jaien balorazioa egiten. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusia amaituta, jaien eredua «indartu» egin dela esan du Aitziber Ibaibarriaga Udaleko Bilduko bozeramaileak. «Bilbotar gehienek babesten duten eredua da, hiritarrengandik gertu dagoelako». Bederatzi eguneko ospakizunetan Aste Nagusiko ikonoak inoiz baino ageriago geratu direla uste du. Are gehiago txupineraren kasuan. Jaiak hasi aurreko astean Bilboko Administrazio Auzitegiak jai hasiera iragartzen zuen txupina botatzea debekatu zion Jone Artola txupinerari. Agindu hori bete arren, zenbait ekitalditan traje ofiziala jantzita parte hartu du. Eztabaida antzua izan dela esan du Ibaibarriagak, horrek txupineraren irudia indartzeko besterik ez duelako balio izan. Edozein modutan, «aurreikuspenak gainditu dituela» nabarmendu du.

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko ordezkariaren eskaerari erantzunez ezarri zitzaion Artolari debekua, eta horregatik eskaera zuzena egin dio Ibaibarriagak PPri: jai eredu hori onartu dezala, «festak zapuztu ez ditzan». Errotutako eredua dela esan du, eta txupineraren debeku saiakerarekin Urkijo «barregarri» geratu dela. «Bozetan irabazi ezin dutena epaitegien bidetik lortu nahi izan du». Baina eraso saiakera hori «kontrako bidetik atera zaie», bere esanetan.

Jai ereduaren pribatizazioa

Ibaibarriagaren kritika ez da PPra mugatu soilik. Udalak jai eredua aldatzeko duen asmoa ere salatu gura izan du. Horren adibidetzat jarri du aurten Aste Nagusiko kontzertu nagusiak gutxitu izana. «Bi urtean erdira jaitsi dira kontzertuak». Gainera, zuzeneko emanaldi horietara bideratzen den dirua —600.000 euro— uztailean egiten den BBK Live musika jaialdi pribatuaren erdia dela kritikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.