Nafarroako gobernu berria. Aldaketa

Botere eskualdatze «gardena»

Yolanda Barcinak eta Uxue Barkosek bilera egin dute, gobernuaren informazioa eskuz aldatzeko.Presidente hautatu berriak esan du ez dela garaia laugarren xedapen iragankorra martxan jartzeko

Nafarroako jarduneko presidente Yolanda Barcina eta Uxue Barkos presidente hautatu berria, atzo, Barcinaren bulegoan egindako bileran. VILLAR LOPEZ / EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2015eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
«Erabateko normaltasunez», «gardentasun osoz». Halaxe egin nahi dute Nafarroan gobernu zaharraren eta berriaren arteko botere eskualdatzea, Yolanda Barcinaren eta Uxue Barkos presidente hautatu berriaren hitzetan. Inbestidura saioaren ondoren, atzo eguerdian elkartu ziren biak. Azken egunotan gobernu aldaketak piztutako ikusminaren ondoren, garrantzia kendu nahi izan zion bilerari lau urteotan Nafarroako presidente izan denak: «Bilera bat izan dugu ordu gutxi batzuetarako jarduneko presidente denak eta Nafarroako hurrengo presidenteak; gauza normala demokrazian».

Berrogei minutuz aritu ziren hizketan, Barcinaren bulegoan. Bukatutakoan, kanpoan erantzun zieten kazetarien galderei. Azaldu zutenez, presidenteak ohituraz izaten dituen ekitaldiez eta gai jakin batzuen egoera administratiboaz aritu ziren gehienbat. «Botere eta informazio eskualdatze bat izan da, erabateko normaltasunez egin dena. Ezin zitekeen bestela izan», zehaztu zuen Barkosek.

Lehen pausoa izan zen atzoko bilera, baina hurrengo egunetan jarraitu beharko dute horretan. Eskualdatzea modu «eredugarrian» egin nahi dutela azaldu zuen Barcinak, eta horretarako «prestasuna» adierazi zion Barkosi. «Presidente ohi gisa, eskatutako guztian lagunduko dut, Nafarroaren interesaren alde». Orain, departamendu bakoitzean egin beharko dute informazio eskualdatzea. Barcinak ziurtatu zuen kontseilari guztiek jarrera bera izango dutela, eta «informazio guztia» emango dietela dagokien kargudun berriei.

Hori «datozen orduetan» gauzatzea espero du Barkosek, eta Barcina ere prest agertu zen horretarako, gobernu berriak «komunitate hau kudeatzeko hain baliotsua den denbora hau gal ez dezan». Horretan, UPNkoak ez zion aholkurik eman nahi izan presidente hautatu berriari. «Desio dut erabakietan asmatzea, nafar guztien onerako».

Jarduneko presidente gisa egin ditu azken asteak Barcinaren gobernuak, eta hala jokatu dutela ziurtatu zuen atzo prentsaren aurrean. «Ohiko» erabakiak hartu besterik ez dutela egin: «Maiatzetik aurrera, presidente honek agindua eman zuen beharrezkoa zena soilik tramitatzeko». Ekainaren amaieran, ordea, erabakiak hartu zituzten gai polemiko zenbaiten inguruan, ordurako jarduneko gobernua izan arren. Esaterako, Gendulaingo eta Cordovillako PSIS planak moldatu zituzten, Diario de Navarra egunkariak jakinarazi zuenez.

Kargu hartzea, gaur

Gaur hartuko du Barkosek ofizialki Nafarroako presidente kargua: 11:30ean hasiko da ekitaldia, parlamentuan. Nafarroako erakunde ugaritako ordezkariak daude gonbidatuta; tartean, parlamentuko presidente Ainhoa Aznarez eta Espainiako Gobernuaren ordezkari Carmen Alba. Madrildik ere bidaliko du ordezkaritza Espainiako Gobernuak: Ingurumen ministro Isabel Garcia Tejerina. Errioxako eta Aragoiko (Espainia) erkidegoetako buruen gisa, gonbidatuta daude Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu eta Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeria. Urkullu ezingo da Iruñean egon, «aspalditik» hitzartutako ekitaldi bat duelako.

Barkosek hautatutako bederatzi kontseilariek, berriz, ostegunean egingo dute karguaren zina, 12:00etan, Barkos presidenteak gobernu egitura zehazten duen foru dekretua sinatu ondoren.

«Nafarren erabakia»

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sinatutako gobernu akordioan zehaztu dituzte gai batzuk, eta Barkos hasia da aurrera begirakoei buruz hizketan. Atzo, Nafarroa EAEra batzeko laugarren xedapen iragankorraz galdetu zioten, SER irratian egindako elkarrizketan. Barkosen hitzetan, «ez da garaia» hura martxan jartzeko: «Ez da gizarte honen beharrizan edo urgentzietako bat».

Abertzalea dela aitortu zuen, argi utzita ez duela onartuko «nafarren erabakia» besterik haien etorkizun politikoaren inguruan. «Denentzat gobernatzeko asmoa dut». Identitate aldetik Nafarroa «plurala» dela berretsi zuen, bainaazaldu zuen hori «aukera» gisa ikusi behar dela, «arazo» gisa baino gehiago. «Garrantzitsua da hau gainditzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.