Espainia. Podemosen Herritarren Batzarra

Botere borroka Podemosen ere

Alderdia berreginez egonkortzeko herri batzarra behar zuen Vistalegre IIk, baina Iglesias eta Errejon buruen atzean dauden bi taldeen lehiak borroka eremu bilakatu dute biharkoa, hasi aurretik

Iñigo Errejon, Podemoseko bigarrena,Herritarren Kontseiluko hautagaitza aurkezten,joan den larunbatean. SANTI DONAIRE / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Espainia ezer gutxi aldatu da Podemos hura iraultzeko asmoz sortu zenetik, 2014an. Bipartidismoa hautsi, eta politika egiteko modu berria egin nahi zuten, 2011koM-15 mugimenduan inspiratutako gizarte justuagoa erdiesteko. Espainiako Legebiltzarra koloretsuagoa izatea lortu dute instituzioetara jauzi egin dutenetik, baita hirugarren indar bilakatu ere; baina buruzagi moreak azkenaldian ezin ihesi dabiltza kritikatzen zuten alderdi klasikoen jardunetik, barruko botere borroketan nahasiak, haren barruan diren proiektuei buruzko eztabaida politikoan aritu beharrean. Eta borroka pertsonalek goia jo dute Vistalegre II iritsi ahala, alderdiaren bigarren Herritarren Batzarra. Bi familia daude, konspirazioetan murgilduta, nork alderdia gidatuko, bien artean ados jartzeko gaitasunik izan ez duten bi buruk gidaturik: Pablo Iglesiasek eta Iñigo Errejonek. Baina zer gertatu da horraino iristeko? Alde bakoitzak du bere bertsioa.

Biek ala biek esaten dute hasierako Podemosi eusten diotela, eta aurkaria izan dela aldenduz joan dena. Iglesiasi leporatu diote diktadore bat dela, dena kontrolatu behar duela, eta Errejoni, berriz, proiektua baino gehiago gustatzen zaizkiola eserlekuak. Irainen plaza komunikabideak eta sare sozialak izan dira, eta are gehiago bi aldeek bat egiteko saiakerak porrot egin zuenetik. Kanpaina mediatizatuak itzalean utzi ditu proiektuak, eta, hain sutsuak izan dira borrokak, ia-ia ez baitira gai izan Vistalegre IIko batzarra antolatzeko. Antikapitalistei esker—hirugarren joera— lortu dute aurrera egitea. Bihar eztabaidatuko dituzte aurkeztu diren proiektuak, eta etzi izango dute egun handia.

Elkarrekin arraunean

Astelehenetik aurrera argituko da Podemosen norabide berria. Gertatzen ari dena ikusita, ez da harritzekoa pentsatzea haustura etor litekeela, nahiz eta bi buruak atera diren esatera «anaien arteko eztabaida» dela, eta datorren astelehenetik aurrera elkarrekin egingo dutela arraun. Bi talde aurrez aurre egonda, irabazleak aurkitu beharko du galtzailea talde berrian barneratzeko modua, baldin eta marjinatzen ez badu. Itxura guztien arabera, Iglesias aukeratuko dute berriz idazkari nagusi —Errejon ez da aurkeztu—, baina, Iglesiasen dokumentu politikoa aterako ez balitz, urrats bat atzera egingo duela esan du, dimisioa emango lukeela. Ezingo bailuke sinesten ez duen proiektu bat defendatu. Errejonen kasuan, berriz, esan duenez, berak defendatzen duen proiektuak irabaziko balu, Iglesiasek bereganatzea gustatuko litzaioke.

Hainbat joera

Iglesias eta Errejon bat datoz 2015eko abenduaren 20ko hauteskundeen ostean hasi zela urruntzea, alegia, Iglesiasek Izquierda Unidarekin Unidos Podemos aliantza egitearen aldeko apustua gailendu zenean —Errejon ez zegoen ados—. Eta horren atzean dago zer pentsatzen duen bakoitzak.

Iglesiasen Podemos para todas taldeak (Podemos guztiontzat) uste du «instituzioetan hanka bat eta mila kalean» eduki behar dituela alderdiak. Protesta soziala da ekintzaren zentroa, eta uste dute instituzioek «harrapatu» egiten dutela. Ez duteindar gehiegi galdu nahi PSOEk galdutako botoak bereganatzen. Azken hilabeteotan, Iglesiasen taldea eta joera antikapitalista gerturatu egin dira, eta horrek zaildu egin du Errejonekin bat egitea.

Errejonen Recuperar la ilusióntaldea, berriz, (Ilusioa berreskuratu) ez da ezkerreko, ez eskuineko: aldaketa nahi duen talde plural bat da. PSOErekin harreman hobea nahi luke, legebiltzarrean Podemosen proposamenetara erakarri ahal izateko. Errejonek kritikatu egiten du Iglesiasek sozialisten kontra erabilitako tonua, eta defendatzen du sozialistak «seduzitu» behar dituztela tonu gogorra erabili beharrean. Instituzioetan jartzen du lehentasuna, alderdia baliagarri izateko, eta uste du gobernatzeko indar bilaka daitekeela datozen hauteskundeetarako.

Hirugarren taldea, Podemos en movimiento, antikapitalistena, egituratzeko irizpideetan gertuago dago Errejonengandik —deszentralizazioa—, baina Iglesiasen are ezkerralderago jartzen dira, eta politikoki gertuago daude. Desobedientzia instituzionala defendatzen dute.

Antikapitalistek eskatu dute, hain zuzen—Miguel Urban eurodiputatuak eta Teresa Rodriguez Andaluziako buruak—, borroka mediatikoa gainditzeko. Alderdi bat kudeatzeko moduan islatzen delako, haien ustez, gizarte eredua. Berdintasun printzipioei ez die onik egiten bi buruzagiek eman duten irudiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.