Otegiren inhabilitazio auzia 

Iruinek dio martxoan bukatu zela sufragio pasiborako inhabilitazioa

Otegiren defentsak azaldu du kartzela zigorraren «osagarri» gisa jarri ziotela inhabilitazio mota hori, eta Espainiako jurisprudentziak argi dioela: «Batera betetzen dira». Iruin: «Sinplea da gaia berez»

Iñigo Iruin abokatua ?erdian?, Espainiako Zigor Kodea eskuan duela, Adolfo Araizekin eta Arnaldo Otegirekin Donostian egindako agerraldian, atzo. J. C. RUIZ / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2016ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
«Beharrik gabe, gehiegi korapilatu da gaia. Sinplea da berez». Modu «pedagogikoan» azaldu nahi izan du Iñigo Iruin abokatuak EH Bilduren lehendakarigai Arnaldo Otegiren inhabilitazioaren inguruko auzia, Donostian egindako agerraldian. Funtsean, Otegiren defentsak dio sufragio pasiborako inhabilitazio berezia espetxe zigorraren «osagarri» gisa jarri ziola Espainiako Auzitegi Nazionalak, Bateragune auzian kondenatu zutenean. Eta, Espainiako Zigor Kodearen eta Auzitegi Goreneko nahiz Auzitegi Konstituzionaleko jurisprudentziaren arabera, zigor nagusiarekin «batera», une berean betetzen direla «zigor osagarriak». Beraz, abokatuak esan du Otegik sufragio pasiborako eskubidea indarrean duela martxoaren 1ean Logroñoko (Espainia) espetxetik irten zenetik.

Hala, aurrena Gipuzkoako Hauteskunde Batzordean eta gero auzitegietan EH Bilduk emango dituen argudio juridikoen berri eman du Iruinek, kazetariz betetako aretoan. Ondoan zituen Arnaldo Otegi bera, eta Adolfo Araiz, hauteskunde batzordean aurkeztu dituzten idatziak prestatu dituen lantaldeko kide gisa. Esku artean, paper ugari: EH Bilduk jarritako helegitea eta Espainiako Zigor Kodea, besteak beste.

Gaur bukatzen da hauteskunde batzordean helegiteak aurkezteko epea, eta EH Bildurenean bildu dituzte Iruinek aipatutako arrazoiak. Abokatuak azaldu du Bateragune auziko epaian bi inhabilitazio zigor jarri zizkiotela Otegiri. Bat, kargu publikoetarako, eta bestea, sufragio pasiborako. Lehenengoa «zigor nagusi» gisa jarri zioten, hau da, kartzela zigorraren pareko kategorian. Ez zuten zehaztu, ordea, zein karguri eragingo zion inhabilitazio horrek, eta, Iruinek kontatu duenez, Espainiako auzitegietako jurisprudentziak argi dio hori zehaztu ezean ezin dela aplikatu kargu publikoetarako inhabilitazioa. «Fiskalak eta akusazioek egin zuten akatsa hor, ez zutelako eskatu zehazteko». Dagoeneko sententzia irmoa da Bateragune auzikoa, eta, beraz, ezin da aldatu.

Gakoa, sufragio pasiboa

Auzitegi Nazionaleko epaile Angela Murillok urtarrilean zehaztu zuen 2021era arteko inhabilitazioa zuela Otegik; baina kargu publikoetarako. «Hori onartzen dugu», esan du Iruinek. Inhabilitatuta dago Otegi, baina ezin zaio neurria aplikatu, Iker Casanova legebiltzarkidearen kasuan gertatu zen gisan. Abokatuak gogora ekarri du oraindik indarrean duela inhabilitazioa Casanovak ere, eta irailaren 25eko bozetarakoEH Bilduren zerrendetan aurkeztu dela, Bizkaian. «Zerrenda hori ez du inork inpugnatu».

«Orain dela bizpahiru hilabetera arte, kargu publikoetarako inhabilitazioaz ari ziren denak. Nonbait, [Espainiako] Gobernuko kideren bat ohartu zen sufragio pasiborako inhabilitazioa ere jarri ziotela Otegiri, eta bide hori hartu zuten». Maiatzaren 25ean Espainiako Estatuko fiskal nagusi Consuela Madrigalek jakinarazi zuen aukera horri helduko ziotela Otegi hauteskundeetara aurkeztu ez zedin. Beraz, sufragio pasiboari buruzkoa da sakoneko eztabaida; inhabilitazio hori betea duen ala ez, hor dago gakoa.

Sufragio pasiborako inhabilitazioa kartzela zigorraren «osagarri» gisa jarri zion Otegiri Auzitegi Nazionalak. Eta, Iruinek azaldu duenez, «zigor osagarriei» buruzko jurisprudentzia argia da. «Batera betetzen dira, zigorra jartzen denetik bukatzen den arte», esan du, Zigor Kodeko 36.6 artikulua irakurriz. «Ez da autonomoa». Auzitegi Goreneko eta Konstituzionaleko epaiak ere irakurri ditu; bide judizialak aurrera jarraitzen badu, bigarren auzitegi horretan hartuko da azken erabakia. Hala dio Konstituzionaleko jurisprudentziak: «Zigor osagarriek jarraitu behar dute zigor nagusien zorte bera». Alegia, kartzela zigorraren «zorte bera».

Iruinek salatu du Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak «zigor osagarri» horren izaera aldatu duela behin-behinean adostutako erabakiarekin. Izan ere, sufragio pasiborako inhabilitazioa aipatuta, batzordeak esan zuen Otegi «hautaezina» dela 2021era arte. Iruinen arabera, neurri hori «zigor osagarri» gisa jarri ziotenez, Otegi kartzelatik irtetean amaitu zen haren eragina: martxoaren 1ean. Beraz, abokatuaren hitzetan, «zigor osagarria» zena «zigor nagusi» gisa hartu du batzordeak, izaera aldatuta.

«Hau dena entzunda, oso lasai nago», esan du Otegik agerraldiaren amaieran. Hala ere, ikusteko dago dena oraindik. Iruin: «Juridikoki ez dugu zalantzarik. Esan gabe doa hau ez dela soilik irizpide juridikoekin erabakiko».

Hauteskunde batzordeko kide Iñaki Agirreazkuenagaren aurkako errekusazio eskaera ere aurkeztu zuen atzo EH Bilduk, hark BERRIAn egindako elkarrizketagatik. «Interes pertsonalak» dituela argudiatu dute. Iruinen esanetan, behin betiko erabakia hartu aurretik iritzia jendaurrean emateak baldintzatu egin dezake batzordeko beste kideen hautua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.