Izpi moreak Errekalden

Irailean lau urte beteko dira Kukutza eraitsi zutela. Orain, Bilboko Errekalde auzoko bizilagunek auzokide berriak dituzte: hainbat emakume feministak eraikin huts bat okupatu dute bertan.

Egitasmo okupatzaile, autogestionatu eta feminista da OihuK eraikina. Irudian, barruko txoko bat. BERRIA.
Bilbo
2015eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Joan den ekainaren 27ra arte, Bilboko Entrecanales kaleko 4. zenbakiko eraikinak hainbat urtez hautsa eta zikinkeria pilatzeko baino ez du balio izan. Egun, ordea, OihuK deitutako espazioa bizitasunaz betetzen hasi da, Errekalde auzoan. Hainbat emakume feministak eraikin industrial hori okupatzeko asmoa zerabilten aspalditik, eta, azkenean, gauzatu egin dute. Egitasmo okupatzaile, autogestionatu eta feminista horren bidez, emakume, bollera, trans eta feministek euren «beharrei» erantzuteko espazio bat sortu nahi dute. Inguruan feminismoa praktikan jartzeko espazio aproposik ez baitago, azaldu dutenez: «Gabezia asko dago Bilbon eta Errekalden, bai emakumeentzat, bai feminismoarentzat».

Euskal Herrian ez da egitasmo feminista horrekin alderatu daitekeenik. Ideia «kanpotik eta feminismotik bertatik» etorri dela argitu dute proiektuaren bultzatzaileek. Etorkizunera begira oso baikor azaldu dira: «Aurrerapauso handi bat egiten ari garela iruditzen zaigu. Gu hemen hau egiteko gai bagara, agian animatuko dira txoko gehiagotan ere. Hori da asmoa». Bilboko mugimendu feminista antolatuak luze darama emakumeentzako etxe bat eskatzen, baina ez du erakundeen aldetik ezer lortu. «Horretan ere pentsatu genuen: ez digutela eskatzen duguna ematen? Bada, guk hartuko dugu, eta datorrena datorrela». Halere, espazio horretako ekinbidea oso «askotarikoa» da, eta, beste talde antolatuetako emakumeek parte hartu arren, independentea da erabat.

Lan handia dute aurretik.Inaugurazio ofiziala egingo dute gaur, baina horretarako jo eta ke aritu dira azken asteotan, lau solairuko eraikina atondu eta garbitzen. Bigarren solairua prest dago. Uda izanik ere, emakume asko laguntzera gerturatu dira, eta irailetik aurrera dena prest edukitzea espero dute. Dena den, oraingoz ez dute zehaztu zein jarduera egingo duten: luze hitz egin beharra daukate, ideiak elkarri azaldu, eztabaidatu. Espazioa osohandia da, eta horrek «aukera asko» ematen ditu.

Bisitarien «aniztasuna» ere garrantzitsutzat jo dute. Izan ere, adin guztietako emakumeak batu dira ekinbidera. Adina ez ezik, andreen jatorria ere askotarikoa da: batzuk feminismotik heldu dira; beste batzuk, okupazio mugimenduetatik... «Oso arlo desberdinetako emakumeak biltzen ari dira, feminismoari lotutakoak edo ez, eta hori oso aberasgarria da». Astero jende berria joaten dela diote, eta oso harrera ona eduki dutela. «Bete-betean asmatu dugula esaten digute».

Herritarren laguntza

Auzokideekin harreman ona izatea espero dute. «Okupazioaren estigma hor dago, nahiz eta agian Errekalden auzo bizitza egitera ohituago egon», azaldu dute. Dena dela, oso pozik daude, laguntza handia jaso dutelako. «Nahiz eta harremanik ez izan, hainbat herritar ezezagunek laguntzeko material asko ekarri digute; margoak, lanparak... Gauzak ondo egiten ari garen seinale».

Nabarmendu dutenez, espazioa ez da mistoa: andreentzat soilik izango da, «segurtasun espazio bat» sortzeko, sexismorik gabea. Ez hori bakarrik: «Egiteko modua ere aldatzen da». Adibidez, lanbideetan: «Elektrikariak behar ditugunean, askotan gizonengana jotzen dugu. Honelako espazio batek kontrakoa egitera behartzen gaitu; emakumeak bilatzera. Beharra sortzen dugu gure artean». Galdera bota dute horren harira: «Espazioa mistoa balitz, arituko ote ginen emakumeok horretan?». Hala, Euskal Herriko ingeniari industrial, iturgin, elektrikari... andreei batzeko eta laguntzeko deia egin diete.

Nahi bai, baina oraingoz ez dute jabeekin hitz egiterik lortu. Hilabete pasatxo daramate bertan, baina haiei denbora gehiago igaro dela iruditzen zaie, aurreratu duten guztiagatik. Esperientzia «oso ona» izaten ari da, eta luze irautea espero dute. «Oraingoz, taldea egina dago, eta ideia hor dago. Erakutsi dugu ahal dela, eta behar dugula. Ilusio handiz gaude; bizirik gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.