Barcinak 'CAN auziko' akten azalpena eman dezala eskatu du Bilduk

Nafarroako Gobernuko presidentearekin lotutako ustelkeria kasuak «amaiezinak» direla dio koalizioak

Erredakzioa
2013ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak CAN auziko aktei buruzko azalpena eman dezan eskatu du Bildu Nafarroak, komunikabideetara bidalitako ohar batean. Nafarroako Gobernuko presidentearen «berehalako agerraldia» eskatu du koalizioak, Nafarroako Kutxako batzorde iraunkorrak eginiko bileren aktak aldatu diren ala ez azaldu dezan. Koalizioaren arabera, Barcinarekin lotutako ustelkeria kasuek ez dute amaierarik, eta Nafarroako presidenteari kargua uzteko eskaera egin dio, «duintasun politikoagatik».

Guardia Zibilaren ikerketen informazioa argitaratu dute hedabideek egunotan. Guardia Zibila arduratu da, hain zuzen, CANeko egoitza nagusiko zerbitzaria ikertzen, eta ikerketa horien berri eman dio Maria Paz Benito epaile instruktoreari. Datu horien arabera, edukia aldatzeaz gain, sortu ere berandu egin ziren CANeko batzorde iraunkorreko aktak. Hamasei bilera egin zituen CANeko batzorde iraunkorrak, 2010eko abuztuaren 30tik 2011ko irailaren 26ra bitartean. Bilera horien aktak, baina, 2011ko urriaren ostean sartu ziren zerbitzarian, iritzi publikoak batzorde horren berri izan ostean.

2011ko abuztuaren 30 egin zuen lehen bilera Barcinak. Egun hartako bileren aktak, bestalde, 2013ko urtarrilen 25ean aldatu zirela egiaztatu du Guardia Zibilak; Kontuz-ek auzitegietan salaketa jarri eta egun gutxira. Epailearen esku dago orain, datu horietan delitu zantzurik ikusten duen ala ez erabakitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.